Basasagua (Apodemus sylvaticus) muridae familiako karraskaria da, Europa osoan eta ipar-mendebaldeko Afrikan bizi dena[1] Bizkar-arrea eta sabel-zuria ditu.[2]
Deskribapena
Gorputza eta burua: 71-110 mm. Isatsa: 69-115 mm. Pisua: 14-30 g
Basa sagua karraskari txiki bat da, belarri garatuak, begi handi eta puztuak eta buztan luze eta mehea dituena, ile laburrez estalia, beltzaxka gainetik eta zurixka azpitik. Atzeko hankak luzeak ditu eta oinak handiak.
Kolorea oso aldakorra da eremu batetik bestera, gurean, arre-horixka kolorea dute bizkarrean eta zuri zikin kolorea azpitik, eta batzuetan orban hori txiki bat izan dezake bularrean. Heldugabeek bizkarrean gris kolorea dute. Etxe-saguarekin nahas daitezke; baina basasagu gazteek belarri handiak eta oin neurrigabeak dituzte etxe-saguarekin alderatuta.
Muridoen burezurra, mikrotinoena ez bezala, biribilduagoa da. Hortzek ere sustraiak dituzte, mikrotinoenak ez bezala, etengabe hazten baitira.[3]
Biologia eta ohiturak
Sagu hau gau osoan aktiboa da, baina batez ere iluntzean eta egunsentian.
Bere oinarrizko dieta, aleek eta haziek osatzen dute, urteko sasoiaren arabera osatuta, artropodoekin, fruituekin, landare berdeekin eta perretxikoekin.
Ugalketa normalean neguaren amaieran hasten da eta udazkenera arte jarraitzen du; hala ere, karraskari honen ugaltze-aldian elikagaien ugaritasunak eragin handia du, beraz, ezkur edo pagatxa ugari dagoen urteetan, adibidez, normala da ugalketa neguan zehar jarraitzea, baldin eta klima-baldintzak ez badira oso latzak. Erditze bakoitzean, emeak batez beste lauzpabost kume egiten ditu, nahiz eta aldizka bi eta bederatzi artean ibili. Udaberrian jaiotako emeak udazkena iristean ugaltzeko gai dira jada.
Banaketa, habitata eta estatusa
Basasagua gure geografiako edozein lekutan aurki daitekeen animalia da, klima mugarik edo altitude mugarik gabe; dena den, habitat bakoitzean aurkitzen den ugaritasuna nabarmen aldatzen da normalean, beraz, adibidez, mendiko larreetan eta birpopulatutako pinudietan urria da, otadiak eta txilardiak ere ez ditu gustuko.
Sagu honek bere baldintzarik onenak ertz-eremuetan aurkitzen ditu: baso-ertzetan, ibai ertzetan eta belardiak inguratzen dituzten hesietan.
Europa osoan eta Asiako zati handi betean banatuta dago, eremu polarra kendura. Penintsulan, nonahi aurkitzen da.
Euskal Herrian ugaztun txiki ohikoena da; bere zabalera osoan banatuta dago.
Erreferentziak
↑Musser, G. G. eta M. D. Carleton. (2005). Superfamily Muroidea. 894-1531. orr. "Mammal Species of the World a Taxonomic and Geographic Reference". D. E. Wilson eta D. M. Reeder. Johns Hopkins University Press, Baltimore
↑(Gaztelaniaz)Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 365 or. ISBN84-7542-639-5..