Barbizongo eskola

Barbizongo eskola Barbizon herrian, Fontainebleauko basotik hurbil, 1825 eta 1875 artean, kokatu zen margolari taldea izan zen.

Haiek, isilka ia, gustu ofizialetatik aparte, soluzio plastiko berriak aurkitu zituzten, naturalismoaren ildotik, izadiari hubiltzeko moduan. Barbizongo margolarien lanetan, Corotenean bezala, izadiaren ikusmolde erromantikoa ageri bada ere, bada ikusmolde horren aldamenean izadiaren itxuraren azterketa xehe bat, higikunde errealistaren funtsezko osagaia.

Historia

Théodore Rousseau: Chênes à Apremont (Haritzak Apremonten), 1852, Musée d'Orsay.
Jean-François Millet: Les glaneuses (Buruxka biltzaileak), 1857, Musée d'Orsay

Barbizon herrixka Fontainebleauko basoko mugan dago, eta XIX. mendean paisaje zale erromantikoen erakargune bihurtu zen, hainbesteraino non Barbizongo eskola esapidea, paisajearen ikusmolde berezi bat adierazten duena, zabaldu baitzen margolaritza estilo jakin bat izendatzeko.

Erromantizismoak inspiraturik ere, ohiko margolari erromantikoen eszena pintoresko eta melodramatikoak baztertu zituzten Barbizongoek, eta orobat utzi zuten alde batera tradizio akademiko klasikoa, alegorien eta gertaera historikoen gertalekua besterik ez baitzen haientzat paisajea. Barbizongoek modu errealistan margotzen zituzten paisajeak, eta paisajea bera zuten gaia. XVII. mendeko frantses eta holandar lanak hartu zituzten oinarritzat, eta beren garai bereko ingeles paisajistak, haiek guztiek behaketa xehe baten ondoren eta izadiarekiko maitasun sakona adieraziz lantzen baitzuten paisajea.

Eskola honetako pintore nagusiek, Théodore Rousseauk eta Jean-François Milletek, pobre eta batere arrakastarik gabe, Paristik alde egin zuten, eta Barbizonen hartu zuten bizilekua, hurrenez hurren, 1846an eta 1849an. Paisaje eta animalia margolari asko erakarri zituzten haiek. Batzuk bertan geratu ziren bizitzen, besteak bisita egitera joan ohi ziren. Haietatik, Charles-François Daubigny, Narcisse Virgilio Díaz de la Peña, Jules Dupré, Charles Jacque eta Constant Troyon izan ziren nagusiak, denek ere arrakasta bera izan ez zuten arren.

Bakoitzak bere estiloa eta bere interes bereziak zituen: Rousseauren estilo malenkoniazkoa da, Dupreren eszenak xehetasunez beteta daude eta badute halako aieru bat... Millet izan zen paisajea bere horretan lantzen ez zuen Barbizongo margolari garrantzitsu bakarra. Nekazariei egindako omenaldia dira haren lanak. Erromantikoek ez bezala, izadiaren alderdi soil eta ohikoak azpimarratzen zituzten denek. Izadiaren erretratugile izan nahi zuten beste ezeren gainetik.

Oharrak zuzenean hartu ondoren, lantegian margotzen zuten (batzuek, oharrik gabe, buruz), eta, hala, badago esatea memoria aldatuak direla haien paisajeak. Bestalde, margolari hauek konturatu ziren ezen, kolore hutseko arrasto txikiak elkarren gainean ipintzen bazituzten, paletaren indarra areagotzen zutela, eta aldi berean argitzen. Aurkikuntza horixe baliatu zuten hurrengo belaunaldiko pintoreek, inpresionistek.

Erreferentziak

Kanpo estekak