Azido laktikoa edo esne-azidoa[1] (laktatoa, ionizatzen denean) H3C-CH(OH)-COOH formula duen azido karboxilikoa da (C3H6O3), hainbat prozesu biokimiko eta fisiologikotan agertzen dena (esaterako, esne-hartziduran). Bi isomero optiko ditu: destrogiroa (D-laktikoa) eta lebogiroa (L-laktikoa), azken horrek garrantzi biologikoa du.
Ekoizpena
Gorputzean, esne-azidoaren ekoizpena esne-hartziduran gertatzen da: oxigenoaren maila txikia denean, glukolisian sortutako azido pirubikoa ez da azido zitrikoaren zikloan sartzen; horren ordez, laktato deshidrogenasa entzimak pirubikoa laktato bihurtzen du, gihar-ehunetan:
- pirubato + NADH + H+ --> laktato + NAD+
Atsedenaldian, laktatoaren maila odolean 1-2mmol/litrokoa da, baina ariketa fisikoarekin 20 mmol/litroko mailaraino hel daiteke. Ariketa handia denean gihar-ehunetan oxigeno-maila nabarmen jaisten da, eta oxigenorik gabeko esne-hartzidura nagusitzen da.
Bestalde, Streptococcus eta Lactobacillus izeneko bakterioak ere gai dira esne-hartzidura burutzeko. Bakterio hauek garrantzia handia dute esnekien industrian, egiten duten esne-hartzidurari esker jogurt, mamia eta gazta bezalako ekoizkinak sortzen baitira. Streptococcus bakterioak ahoan sortzen duen esne-azido, berriz, hortz-haginei kalte egiten die, txantxarra eraginez.
Erreferentzia
- ↑ «láctico» www.ehu.eus (Zehazki - UPV/EHU) (Noiz kontsultatua: 2023-02-24).
Kanpo-estekak