Aurkitutako eskuizkribu

Zaragozan aurkitutako eskuizkribua, polonieraz teknika honekin Jan Potockik 1847an argitaratua.

Aurkitutako eskuizkribua tropo eta topiko literarioa eta narrazio teknika bat da non testua ustezko eskuizkribu baten edizio gisa ageri den. Kontatzen den istorioa ezkutatuta edo lurperatuta topatu zuenaren plantak egiten ditu editore edo argitaratzaileak, baina bera da egilea, noski.

Ezaugarriak

Narrazioaren paratestu batean, normalean hitzaurre batean, azaldu ohi da aurkikuntzaren nondik norakoa. Teknika literario hau egiantzekotasuna sortzeko beharretik dator, autorea fikzioaren kausa zuzen gisa desagerraraziz: benetako autorea bitartekari edo editore gisa ezkutatzen da, irakurleak zalantzan jar dezan narrazioa fikziozkoa dela eta oso litekeena dela benetakoa izatea; era berean ustezko eskuizkribua zaharra izateak ospea eta beneragarritasuna ematen dizkio testuari fikzioaren kontestuan.

Christian Angeleten ustez, ad verecundiam eta magister dixit agudioen aldaera bat da. Topiko literarioa aipamen errealeko prozedura baten imitazioan oinarritzen da, zeina fikziozko aipuetatik soilik bereiz baitaiteke haien erreferentziak egiaztatuz.[1]

Nolanahi ere, indeterminazioa da topikoaren jokoetako bat, eta ohikoa izaten da editore plantak egiten dituenaren paratestuetan zalantzak ere azaltzea, ea esaten dena guztiz egia den, edo teoria propioak gehituz ustezko izkribugilearen intentzioetan. Hala gertatzen da adibidez Camilo Lizardiren gutun ustez aurkituak komentatzen dituenean editore ustezkoak Bernardo Atxagaren Obabakoak liburuko ipuinean.[2]

Literaturatik tropoak salto egin du ikus-entzunekoetara non aurkitutako metrajearen generoa garatu izan da. Dokumental faltsuaren generoa ere erlazionatutako teknika litzateke.[3]

Adibideak

Topikoa jada Biblian agertzen da, non Erregeen II. Liburuan Deuteronomioaren eskuizkribu luzeago eta zuzendua aurkitzen du Josias Judako erregeak, juduen gurtza monoteistan erreforma handi bat egiteko balioko diona (2 Erg 22:3-10). Antzinako Greziako literaturan ere badira adibideak, hala nola Antonios Diogenesen Thulez haraindi mirariak liburuan (Τὰ ὑπὲρ Θoύλην ἄπιστα), non eskuizkribua feniziar hilobi batean agertzen den Tiron. Diktis Kretakoak eta Dares Frigiakoak IV. eta VI. mendean Troiako gerren kronika batzuk, ustez aurkituak, idatzi zituzten eta Erdi Aroan benetako historia gisa ulertu eta irakurri ziren.

Topikoa Garci Rodriguez de Montalvoren Amadis de Gaula (1508) lanean berragertzen da, baita hura imitatu zuten zalduntza liburuetan ere (Esplandianen sergak), eta hauen ildotik On Kixote ere horrela aurkeztu zuen Cervantesek.[4] Frantziar literaturan aipa daitezne La Vie de Marianne Marivauxena 18. mendean; Adolphe, Benjamin Constantena 19.ean, eta La Nausée Jean-Paul Sartrerena 20. mendean,

Genero honetan ohikoa da atzerriko hizkuntzan (grekoa, latina, arabiera, ingelesa, etab.) idatzitako liburu zaharren itzultzaile izatea editore-idazlea. Kronikari jakintsuren batek esana dela gehitzen da, eta izkribua ohiz kanpoko zirkunstantzietan aurkitu izana ere apaingarri ohikoa izaten da.[5] Topikoaren erabilera ohikoa da XVIII. mendeko eleberri epistolarraren generoan, adibidez, Choderlos de Laclosen Harreman arriskutsuak (1782) lanean, eta gero eleberri historikoetan edo fantasiazko narrazioan (Edgar Alan Poeren Botila batean aurkitutako eskuizkribua, adibidez).[6]

Jan Potockik Zaragozan aurkitutako eskuizkribua (1804-1805) era honetan konposatu zuen, eta Umberto Eco eta bere Arrosaren izena (1980) aipa daitezke.[7]

Euskaraz

Era honetan euskaraz idatzia da Camilo Lizardi erretore jaunaren etxean aurkitutako gutunaren azalpena, Bernardo Atxagaren Obabakoak liburuko ipuina. Liburu berean antzeko narrazioa ere agertzen da, Jose Francisco: Obabako erretoretxean azaldutako bigarren aitortza; eta kasu honetan grabaketa magnetofoniko baten transkripzio gisa agertzen zaigu kontaketa.[2]

Erreferentziak

  • Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, gaztelaniazko wikipediako «Manuscrito encontrado» artikulutik itzulia izan da, 2023-11-14 data duen 155360502 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2023-11-14 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
  1. Echarri, Miguel MARTÍN. (2017). «Contribuciones individuales a los códigos de la ficción moderna: avatares del 'Manuscrito encontrado' a partir de la falsificación» Signa: Revista de la Asociación Española de Semiótica 26: 311–334.  doi:10.5944/SIGNA.VOL26.2017.19923. ISSN 1133-3634. (Noiz kontsultatua: 2024-07-26).
  2. a b Olaziregi Alustiza, Mari Jose. (1997). Literatura eta irakurlea, testuestrategietatik soziologiara Bernardo Atxagaren unibertso literarioan. EHU, 47 or. ISBN 978-84-8438-150-1. (Noiz kontsultatua: 2024-07-26).
  3. (Gaztelaniaz) «Her Story y las historias rotas del «metraje encontrado»» AnaitGames 2015-11-10 (Noiz kontsultatua: 2024-07-26).
  4. (Gaztelaniaz) Víctor. (2021-05-28). «Técnica Narrativa: Manuscrito encontrado.» El Archipiélago de Cristal (Noiz kontsultatua: 2024-07-26).
  5. «De combates interrumpidos y manuscritos incompletos: en torno a Quijote I:8-9» Bulletin of Hispanic Studies, 84 2007.
  6. García Gual, Carlos. (2002). Apología de la novela histórica y otros ensayos. (1. ed. argitaraldia) Ediciones Península ISBN 978-84-8307-513-5. PMC ocm50808268. (Noiz kontsultatua: 2024-07-26).
  7. (Gaztelaniaz) Escudero, Ana L. Baquero. (2007). «Un viejo y persistente tópico literario: el manuscrito hallado» Estudios Románicos: 249–260. ISSN 1989-614X. (Noiz kontsultatua: 2024-07-26).

Kanpo estekak