Arturo Sáenz de la Calzada (Labraza, Araba, 1907ko otsailaren 8-Mexiko hiria, 2003ko iraila) euskal hiritarra, arkitektoa, frankismoak irabazi zuenean erbesteratu behar izan zen. Gerra aurretik, 1935an, Espainiako Arkitektura Sari Nazionala izan zen. Carlos Sáenz de la Calzada zientzialariaren anaia zen.[1]
Biografia
Errioxako odontologo eta albaitero baten semea Arabako Labrazan jaio zen; amaren familia hangoa zen, Goroztiza familia alegia. Lehenengo ikasketak Leónen egin zituen eta 1920. hamarkadan Madrilgo Unibertsitatera ikastera joan zen. Hango Residencia de Estudiantes ospetsuan bizi izan zen. Politikan zein artean oso aktiboa izan zen urte haietan. Erresidentzian egin zituen ezagunei esker Federico García Lorcaren La Barraca antzerki taldean sartu zen; talde ospetsu horretan lan desberdinak bete zituen: aktorea, dekoratuen egilea, administratzailea. Politika alorrean, bestetik, 1930. hamarkadan Federación Universitaria Escolar (FUE) zelakoaren sortzailetariko bat izan zen eta Unión Federal de Estudiantes Hispanos elkartearen lehendakaria izan zen.
Arkitektura ikasketak bukatuta, bere irakaslea izan zen Manuel Sánchez Arcasekin Rafael Díaz Sarasola eta Julio Ruiz Olmosekin batera 1934an, Arkitektura Lehiaketa Nazionalean akzesita irabazi zuten. Aurkeztu zuten proietkua Automobilaren eta Arte Herrikoiaren Museoarena izan zen. Arrakasata ikusita, hurrengo urtean, 1935an,Enrique Segarrarekin batera, Oviedoko Unibertsitatearen Zientzien Fakultatearen proiektuarekin, lehen saria irabazi zuten. Azken proiektua hau gerraren ondorioz bertan behera gelditu zen.
1936an, Espainiako Gerra Zibilaren hasierarekin, golpistek Leónen harrapatu zuten eta ejertzitoan sartu zuten. Bolada batean espetxean egon ondoren, Sevillara ihes egin zuen eta handik, Tangerretik Marsellara bere anaiarekin batera. Carlos Errepublikaren lurraldetara Kataluniatik itzuli zen bitartean, Arturo Londresera joan zen; han ezkondu egin zen eta gerrako haur iheslarien laguntzan inplikatu zen. Izan ere, 1938an, Kataluniara itzuli zen errepublikaren alde borrokatzeko. 1939ko otsailean muga berriro ere gurutzatu zuen, erbestearen bidean. Saint-Cyprien eta Barcarès kontzentrazio-esparruetan sartu zuten baina, azkenik, Sinaia itsasontzian Mexikoko Veracruzeko bidea hartu zuen. Hiri mexikarrera ekainaren 13an heldu zen.
Mexikon marrazki teknikoaren irakasle bezala hasi zen lanean eta erbesteratu espainiarrentzako zenbait proiektu egin zuen, esaterako Rafael Giménez Siles argitaratzailearentzat 'Librerías de Cristal' izeneko liburudenden diseinua.
Jesús Martí arkitekto espainiarrarekin batera, bestetik, Vías y Obras enpresa eraikitzailea sortu zuen; enpresa honek, esaterako, Norvegiako eta Suediako enbaxadak egin zituen. 1950. hamarkadan enpresa hori utzi zuenproiektu desberdinak aurrera eramateko. Halaber, erbesteratutako beste arkitektoek titulua baliozkotzea ez zuten lortu eta, sarritan, Sáenz de la Calzadak haien proiektuak sinatu zituen. Arlo intelektualean Ultramar, Cuadernos de Bellas Artes eta Las Españas aldizkarietan idatzi zuen, Mexikoko Ateneo Espainiarra bultzatu zuen eta Errepublikaren Aldeko Batzordean hartu zuen parte.
1978an Madrilera itzuli zen baina, azkenik, Mexikora itzuli zen. Han hilko zen 2003. urtean.[2]
Obra
- Automobilaren eta Arte Herrikoiaren Museoaren proiektua. Proiektua Manuel Sánchez Arcas, Rafael Díaz Sarasola eta Julio Ruiz Olmosekin batera, 1934an, Arkitektura Lehiaketa Nazionalean akzesita irabazi zuten.
- Oviedoko Unibertsitatearen Zientzien Fakultatearen proiektua, Enrique Segarra-rekin batera, 1935ko Arkitektura Lehiaketa Nazionalean Lehen Saria irabazi zuten.
- Mexikoko Luis Buñuelen etxea, 1953an, ondoren kulturetxea izango zena.[3]
Erreferentziak
Ikus, gainera
Kanpo estekak