Arrantza-ontzia, arrantzarako prestatutako itsasontzi edo txalupa da. Arrantza itsasoan zein laku edo ibaietan egin daiteke. Kategoria honetan, hiru ontzi mota aurkitu ditzakegu: arrantza profesionaleko ontziak, kirol-arrantza eta artisau ontziak. Lehenengoak, arrantza ogibide bihurtzea du helburu. Bigarrenak, aisialdi gisa izan ohi du arrantza. Eta azkenak, ordea, antzina erabili ohi ziren eskuz eginiko ontziak ditugu, zeinak, XX. mendetik aurrera, turismo eta erakusketa gisa erabili ohi diren.
Arrantza-ontzi motak
Arrantza profesionalerako ontziak
Baxurako arrantza-ontziak
Baxurako arrantza lurretik gertuen ibili ohi diren ontzi profesionalak dira. Egunean bertan, arrantzara irten eta bueltatu egiten dira. Ontzi horien neurriak, 8-20 metro artekoak izaten dira. Ontzi horien tamainaren zergatiak honakoak dira: lurretik gertu ibiltzen dira, eta erabiltzen dituzten arrantza teknikek horrelako ontzi bat izatera behartzen dute.
Talde honetan zenbait artisau arrantza teknika aurkitu ditzakegu, besteak beste tretza, tresmailua eta otarrea.[1]
Tretza
Soka luze batean oinarritzen da, zeinetik noizbehinka (tretza motaren arabera) amu bat irteten den, bere pita luzearekin horniturik. Horrez gain, soka edota pita nagusiak bi puntetan pisu bana izaten du, itsas hondoko leku jakin batean finkatzeko. Eta azkenik, arrantzaleak bota ostean berreskuratzeko, soka edota pita nagusiaren muturretan, buia bana jartzen da hondoko pisuei loturik.
Beste alde batetik, arrantzatu nahi den arrainaren arabera, tretza ezberdina izango da. Bertan, tretzaren amuen sakonera eta egitura aldatzen dira gehienbat. Esate baterako, lupiaren arrantzarako ur-azaleko tretza erabiltzen da. Hondoko arrainen arrantzarako erabilia, berriz, hondoko tretza erabiltzen da.
Azkenik, itsas-hondoko amildegietan bizi diren arrainak arrantzatzeko (bisigua, legatza…), “piedra-bola” tretza erabiltzen dela. Bertan, zenbait amuren lekuan, pisu batzuk eta buia txiki batzuk jartzen dira tartekatuz. Horrela, tretzak sigi-saga itxura hartzen du amildegian zehar, sakonera ezberdinetan arrantzatuz.
Tresmailua
Arrantza-tresna bat da, hiru sarez osatua, erdikoa sare maila txikikoa eta kanpoko biak handiagoak dituena. Tresna honek, hondoko leku estrategikoetan sare-pareta moduko bat sortzen du. Horrela, bertatik pasatzen diren arrainek kanpoko sarea igarotzen dute, baina erdikoa ez. Ondorioz, arrainak, sarean geratzen dira harrapaturik.
Sare hau, 300-400 metroraino ailegatu daiteke, eta hondoan zutik geratzeko, sareari alde batean flotagarriak jartzen zaizkio, eta bestean berunak. Horrez gain, tretzaren antzera hondoan finkatzeko, bi pisu handi izaten ditu sarearen punta banatan. Azkenik, arrantzaleak tresmailua berreskuratzeko, punta bakoitzeko pisu nagusiari buia bat jartzen zaio soka batez loturik ur-azalean.[2]
Otarrea
Otarrea antzinako arrantza-tresna da. Normalean laukizuzen itxura hartzen duten arren, zilindrikoak ere aurkitu daitezke. Tranpa hau zulo bakarrez horniturik dago, eta konikoa da. Hortaz, barnera sartzen diren animaliek ezin dute irten. Gainera, otarrearen barnealdean jakia jartzen da, erakargarri gisa.
Bestalde, otarreak, bata bestearen atzetik loturik jartzen dira hondoan pausaturik. Horrez gain, sistema guztiaren muturretan bi pisu handi kokatzen dira, bere buiaz ur-azalera loturik. Gainera, eragina du arrantza mota bakoitzak ontziaren eraikuntzan edota egituraketan. Izan ere, arrantzarako beharrezko tresna horiek, jaurtitzeko, jasotzeko, maneiatzeko eta gordetzeko lekua eta makinak behar dira.
Itsasbazterreko arrantza-ontziak
Erdi-mailako arrantza ontziak, Euskal Herriko portuetan aurkitu daitezken ontzien gehiengoa da. Ontzi horiek, baxurakoak baino urrunago ibiltzen dira. Ontzian bertan, aste batetik hasita hiru astera bitarteko mareak egiten dira. Erdi-mailako arrantza ontziek, 20 eta 40 metro arteko luzera izan dezakete. Lan esparru honetan eginiko mareak, urtearen sasoiaren arabera aldatzen doaz. Besteak beste, garaian garaiko arrantzan oinarritzen baitira.[3]
Ontzi hauek, hiru arrantza-teknika ezberdin egiten dituzte: inguraketa, beita bizia eta arrastea. Azken kasuan, arrastean, ontzi mota ezberdinak aurkituko ditugu.
Inguraketa
Arrantza-teknika hau, ur-azalean edo inguruan dabiltzan arrainak arrantzatzeko erabiltzen da (normalki pelagikoak). Bertan, arrain-sarda aurkitu, eta txalupa txiki bat jaurtitzen da, sarearen mutur batekin. Ondoren, ontzi nagusiarekin arrai-sarda inguratzen da, eta txalupa txikiaren muturra hartzen da. Azkenik, sarea azpitik ixten da, eta sarea igotzen da.
Beita bizia
Arrantza mota, artisauena dugu. Bertan, arrain pelagikoak izaten dira helburu (atun gorria, hegalaburra…). Teknika honetan, ontziak arraina topatu duenean, norabide jakin bat jarraituz, abiadura motel bat jarraitzen da (2-4 korapilo). Ondoren, ontzitik arrain txiki biziak jaurtitzen dira (txitxarroa, antxoa, sardina…), eta ur-txorrota fin batzuk jaurtitzen dira uretara, ontziaren luzera osoan zehar, ur-jauzi itxura hartuz. Azkenik, arrantzaleak uretara jaurtitzen du amua, arrain txiki bat jarriz beita gisa.
Arrastea
Teknika honetan, arrastatu egiten da sare bat, ontzi baten edo biren bitartez. Horrela, sareak topaturiko guztia sarearen muturrean gelditzen da. Horrez gain, bi arraste mota ditugu: ur-azalekoa, arrain pelagikoak arrantzatzeko erabilia, eta hondokoa. Biak ala biak oso kaltegarriak dira ekosistemarentzat.
Itsas zabaleko edo alturako arrantza-ontziak
Alturako ontzia, mundu mailan aurkitu daitekeen arrantza ontzi motarik handiena da. Bertan, 40 metrotik gorako ontziak aurkitzen dira. Ontzi hauen mareak edota arrantza-irteerak ez dira astetan zenbatzen, baizik eta hilabetetan. Horrez gain, ontzi horiek ez dira beraien jatorriko portuetara itzultzen marea bat bukatzean. Hauek, itsasoko leku jakin batzuetan egoten dira urte osoan zehar. Hortaz, bertan aritzen diren langileak garraio bitartez ailegatzen dira, ontziaren egonlekutik gertuen dagoen porturaino. Bertan, txanda aldaketa ematen da, eta lanean ibilitako langileak etxera garraio bitartez bueltatzen dira. Gainera, ontzi hauen gehiengoak inguraketa arrantza-teknika gauzatzen dute.
Kirol-arrantza ontziak
Kirol-arrantza ontziak, arrantza aisialdi gisa hartuz, arrantzarako erabiltzen diren ontziak dira. Bertan, ontziak 24 metro luze izatera ailega daitezke. Hala eta guztiz ere, handiagoak diren ontziak ere aurkitu daitezke, baina ontzi horiek, arrantzarako erabili beharrean, aisiarako erabiltzen dira.
Artisau ontziak
Garai batean, arrantzarako eta merkataritzarako erabiltzen ziren ontziak. XX. mendetik aurrera, herri-ondare gisa erabiltzen direnak, turismoa eta komertzioa sustatzeko. Ontzi haien egituraren jatorria, zuhaitz bakar bat moztean, eta enbor horri kanoa itxura ematean dago. Aurkituriko ontzirik zaharrenak duela 7000-9000 urte ingurukoak dira, Neolito garaikoak. Ontzi haien balioa altua izan daiteke, bere tamainako ontzi garatuekin alderatuz. Gainera, teknologia garatzen joan ahala, bere eraikitzea zein mantenua atzean geratu dira. Ondorioz, ez dira arrantza profesionalerako erabiltzen.[4]
Beste alde batetik, munduko leku zenbaitetan aurkitu daitezke baxurako edota itsasbazterreko arrantzan. Kasu berezi horiek, normalki, garatu gabeko herrialdeetan ikusten dira, nahiz eta zenbait herrialde garatuetan ere agertu.