Herriko bestak iraileko lehenbiziko asteburuan ospatzen dira.
Maiatzeko azken igandean aspaldiko besta bat ospatzen da, Erregina eta Saratsak, naturaren ohorean egindako kanta eta antzezlan bitxia. Gerra garaian galduta ibili zen baina XX. mende hondarrean berreskuratu zen. Egun horretako protagonistak erreginak eta saratsak (kantariak) dira, emaztekiak denak. Erreginak Urrutia eta Mardea auzoetako neskatiko bana izaten dira. Eta horiekin batera ibiltzen dira saratsak. Gazte kuadrilla normalean puskak biltzen etxez etxe ibiltzen da.[2] Herriko karrikak zeharkatzen dituzte eta etxeetako ateetan gelditzen dira koplak kantatzeko eta dantzatzeko. Ondoren, gehienbat etxekoandreek eskupeko bat eman ohi diete. Eguna bildutako diruarekin ordaindutako merendu batekin amaitu ohi da.[3]
Pablo Arozena Urrutia (1896-1964), misiolari eta idazlea. 1896.eko otsailaren 23an sortu zen. 1914an, Arraiozko Artzaia izena hartuz, fraide kaputxino sartu eta 1922an apeztu zen, Iruñean. 1931-1963 bitartean, Guam uhartean eta Manilan ibili zen misiolari. Euskal Herrira itzuli eta gutxira zendu zen, 1964ko urtarrilaren 31an hain zuzen. Euskal idatziak eta olerkiak, Irugarrengo Prantziskotarra-n eta Zeruko Argia-n hasi zen argitaratzen Begi-beltx ezizenez, baina gehienbat hiztegintzan egin zuen lanarengatik ezaguna[7].
Arraiozko Bautista, XIX. mendeko pilotari ospetsua laxo jokoan. Ximun pilotariaren seme eta jokalari paregabeak, Fernando VII. erregea ahozabalik utzi zuen gorte aitzinean Madrilen jokatutako partiduan. Bere bizitzaren azken urtetako giro misteriotsuak, Donostian jokatutako azken partiduan berarengatik gertatutako hilketa batek eta bere heriotza triste berak, Bautistaren inguruan kondaira edo giro misteriotsua sortu dute.[8]
Bartolome Barrenetxe, premontretar fraidea. 1715ko urtarrilaren 13an sortu zen, Dolarea etxean. Gazte zela sartu zen Premontréko Ordenan, 18 urterekin Urdazubiko monasterioan baitzen. 1743an nobizioen irakasle izendatu zuten, 1753an Urdazubiko monasterioak zuen burdinolako kutxaren zaintzailea, 1756an Urdazubiko abade. 1756-1760 bitartean presidente titulua izan zuen, Nafarroako erregeordearen gortean ibili zen eta, azkenik, Espainiako Premontréko Ordenako Nagusi Orokorra izan zen 1765etik 1768ra[7].
↑(Gaztelaniaz)Guerra, Pello. (2020-03-29). «Mil años de historia nos contemplan»7K igandeetako aldizkaria (Baigorri SA): 6-13. (Noiz kontsultatua: 2020-04-06).