- Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Aristofanes (argipena)»
Aristofanes (Antzinako Grezia, K.a. 448 – K.a. 385) antzinako grezierazko antzerkigile klasikoa izan zen.
Sofoklesen eta Euripidesen tragedien garai berean, Aristofanesen komediak sortu ziren Greziako antzerkian. Atenastar burutsu horrek berrogeita lau lan inguru osatu zituen, eta horietatik hamaika iritsi dira gaur egun arte. Lan horiek osatzen dute, hain zuzen, Antzinako Komedia esaten denetik gorde den lan hilduma guztia. Hala ere, komedia idazle askoren izenak ezagutzen dira, eta horien lanen atalak ere iritsi dira gaur egun arte.
Tragediaren seriotasun eta transzendentzia moralaren aurrez aurre komediaren izpiritu isekari eta satirikoa dago. Dena dela, izpiritu hori ez zen berria Greziako poesian, yambo-aren mamia horixe bera baitzen, eta ez zen berria, orobat, Atenasko antzerkian, idazle tragikoek drama satirikoekin amaitzen baitzituzten beren trilogiak. Hala ere, drama horiek, gai mitologikoak ozarkeriaz eta umore handiz lantzen dituztenak, komediaren oso bestelako lanak dira.
Tragediak mitoetatik eta tradiziotik hartzen zituen gaiak, eta ikusleak oso ondo zekien, antzezpena hasten zenetik bertatik, arazoaren sorrera eta zein izango zen arazoaren bilakaera eta amaiera. Komedian, aldiz, ikusleak ez zuen argumentua ezagutzen, aurretik ezin antzeman zitezkeen gertaerak eta gorabeherak aurkituko zituen, eta pertsonaiak ere berriak ziren beretzat.
Komedia idazleak gai bat eta bilbe bat asmatzen zituen eta pertsonaia batzuk sortzen, eta ondoren, gertaera baten aurrean jartzen zituen osagai horiek guztiak. Horregatik ikus daiteke Aristofanesen komedietan nolabaiteko originaltasuna, sorkuntza lana, ez bakarrik gaiei dagokienez, baita pertsonaiei dagokienez ere. Hala ere, horiek ez dira erabat asmatuak, gehienetan inguruko errealitatetik hartuak baitira.
Tragediak jainkoen eta heroien mundua aurkezten du, eta ekintzak antzinakoak izaten dira; Aristofanesek, aldiz, ikusleen beren Atenasko kaleetan kokatzen du lana, eta pertsonaia handinahi, erne, irrigarri, zorigaitz eta abarrez betetzen ditu kale horiek. Eguneroko bizitza barrea eragiten duen ikuskizun bihurtzen du. Atenastarrek gerra edo bakea nahi duten, biltzarretan haserretzen diren, lapurretan aritzen diren, elkarren artean eztabaidatzen duten edo gogoeta filosofikoetan aritzen diren. Aristofanesek egoera horiek guztiak bildu, areagotu eta, azkenik, satirizatu egiten ditu era zuzen, gordin eta atseginean. Horren guztiaren azken helburua barrea eragitea da, eta ez pertsonaia edo egoera horien bitxikeriak zuzentzea.
Pertsonaiak eta arazoak errealistak dira, haina arazoei ematen dien konponbidea, behin baino gehiagotan, sinesgaitza da, zentzugabea eta absurduaren antzerkiaren oso hurbilekoa. Pertsonaia erreal eta hurbileko horiek ametsezko eta fantasiazko gauzak egiteko gauza dira. Aristofanesen lana fantasiaz beterik dago, eta lirikotasun maila handikoa da zenbaitetan. Aristofanesek, bestalde, jendearen ahotan zebiltzan kritikak jasotzen ditu, hasi jeneralen eta politikarien jarrerei buruzko kritiketatik eta herriaren ahulezietaraino. Bere pertsonaia guztiek pentsatzen dutena esaten dute, eta gobernariak, demokrazia herriko nagusiak eta demokraziaren oinarriak kritikatzen ditu. Aristofanes ideia kontserbadoreak zituen gizona zen, antzinako garai handi eta heroikoetara iristeko gogo bizia zuen, eta hezkuntzan eta arrazoitzeko artean egin ziren berrikuntzen kontrakoa zen guztiz.
Baina Aristofanesek ez zuen politika erabiltzen barrea eragiteko gai gisa bakarrik. Garai hartan Atenasen nagusitzen ari ziren berrikuntzak ere barregarri jartzen zituen Aristofanesek. Berrikuntza horien artean aipatzekoak dira hezkuntza sistema herria eta sofistika, eta berritzaileen eredu gisa Sokrates azaltzen zuen. Sokrates barregarri uzten zuen lan bat, adoratzen zuten ikasleek inguratuta, beti izaten zen arrakastatsu. Euripides izan zen Aristofanesen satira literarioaren heste helburuetako har Euripidesen hizkuntza harro eta erretorikoa elkarrizketa arrunt eta irrigarrietan erabiltzen zuen Aristofanesek, kutsu komikoa emanez. Eta ikusleak, bestalde, berehala ohartzen ziren hitz-joko haietaz, izan ere, egun batzuk lehenago bertso haiek herak zegokien testuinguru tragikoan entzunak baitzituzten. Aristofanesen lanen helburu nagusia barrea zen, eta barrea eragin zezakeen edozer gauza sartzen zuen bere antzerki lanetan: ugariak dira txisteak, hitz jokoak eta ateraldi barregarriak.
Hogei urte bete gabe zituen Aristofanesek bere lehenengo arrakasta lortu zuenean (K.a. 425). Urte horretan Atenasko lehiaketan lehenengo saria eman zioten "Akarnestarrak" lanari esker. Garai hartan, une latzak bizi ziren Atenasek Espartarekin zuen gerraren ondorioz, eta izurrite batek are larriago bihurtu zuen egoera. "Akarnestarrak" laneko protagonista nekazari bat da: nekazaria eta bere familia babesean bizi ahal izateko, hitzarmen bat izenpetzen du Espartarekin, gerrarekin erabat gogaiturik.
Hitzarmena upel bat da, eta upel horri esker aberastasunean eta bizitzaren plazerekin gozatuz biziko dira nekazaria eta bere familia. Eszena barregarrienetako batean Euripides agertzen da nekazariari arropa piltzarrak eskatzen, bere tragedietako pertsonaiak jantzi behar dituela-eta. "Akarnestarrak" lanaren ondoren, lan ugari idatzi zituen eta hainbat sari irabazi: "Zaldunak", "Hodeiak", "Bakea", "Lisistrata", "Igelak".
Antzezlanak
- Akharneĩs ("Akarnekoak", k.a.425).
- Hippeis ("Zaldunak", k.a.424).
- Nephelai ("Hodeiak", k.a.423).
- Sphekes ("Liztorrak", k.a.422).
- "Bakea" (k.a.421).
- Ornithes ("Txoriak", k.a.415).
- Lysistrata (k.a.411).
- Thesmophoriazusae ("Thesmophoria ospatzen duten emakumeak", k.a.411).
- Batrakhoi ("Igelak", k.a.405).
- Ecclesiazousae ("Asanbladako emakumeak", k.a.392).
- Plutus (k.a.388).
Iruditegia
Ikus, gainera
Erreferentziak
Kanpo loturak