Eskatu barik, errege-egun batean gurasoek txistua eta danbolina oparitu zizkioten, eta ia konturatu barik, 14-15 bat urterekin txistulari hasi zen. Lehenengo ikasketak Elorrion hartu zituen, Itziar Eguren eta Mila Arruabarrena izan zituen irakasle. Gero, Atxondora etortzen zen Alejandro Aldekoa Berrizko txistulariarekin jarraitu zuen, herrian txistulariak mantentzeko ekarri baitzuen udalak. Ondoren, kontserbatorioan perfekzionatu zuen. Berak ere irakasle jardun du Atxondon eta ohikoa da inguruko auzo eta herrietan jotzea.[1] Besteak beste, Ane Diez eta Maria Baseta izan ditu ikasle.[2]
Lan ibilbidea
Kontzertuetan jotzea gustatzen zaio gehien. Bakarlari aritu izan da, baina gehiago gustatzen zaio taldeko bat baino ez denean. Dantzariekin ezberdina da, parte garrantzitsua dela sentitzen du, dantzariek dantza egiteko txistularia behar dute eta.[1]
Txistularientzako San Jose eguna oso berezia da, Santa Zezilia baino handiagoa da. Txistulariak elkartzeko eguna izaten da, bazkari eta guzti. Jaizale Durangaldeko txistulariak elkarteko kide da eta 2023an presidente hautatu zuten.[1]
Durangaldeko Jaizale txistulari elkartea
Lehen kontzertuak 1956. urtean Abadiñon eman baziren ere, elkartea 2005ean sortu zen, Jaizale izenaz. Juan Antonio Aroma, Carmelo Barruetabeña eta Mila Arruabarrena izan ziren sortzaileetako batzuk. 2023an inguruko 36 bat txistulari dira eta Berriozabalgoitia da presidentea. Ekintza garrantzitsuena San Jose egunekoa da. Urte bakoitzean herri ezberdin batean egiten dute. Jaizale taldekoek kaleetan berriro txistua entzutea dute helburu.[3][4] Durangaldeko txistulari taldeak JAIZALE KALEZ KALE, AUZOZ AUZO programaren bidez durangar guztiei txistu hotsak helarazi gura dizkie. Herriko txistu ikasleak kalejiretan parte hartzera gonbidatzen ditu taldea berritzeko asmoarekin.[5]
Kalejirak eta kontzertuak
Kalejiretan ohikoena da sei eta zortzi txistulari bitartean jotzen dituzten piezak. Kontzertuetan, ordea, txistua, silbotea (txistu luzeena) eta atabala (danbolina) nahasten dituzte, eta harpa, sokak eta, batzuetan, pianoarekin batera jotzen dute. Kontzertu batek ordubete irauten du, batez beste, eta hamar bat pieza jotzen dituzte. Hogei txistulari egon litezke.[3]
Sariak eta aintzatespenak
2016an Atxondoko jaietako txupinazoa bota zuen Ane Diez eta Maria Baseta ikasleekin.[2][6]