Anguianoko trikimakoen dantza

Dantzari bat trikimakotan maldan behera dantzan.

Anguianoko trikimakoen dantza (gaztelaniaz: Danza de los zancos de Anguiano) Errioxako Anguiano herrian egiten den dantza tradizionala da, Kultura Intereseko Ondasun izendaturik dagoena[1]. Herriko zortzi gaztek trikimakotara igota aldapa handi bat jaisten dute biraka.[2]

Jatorria

Najerilla ibaiaren goiko arroan ohikoa zen trikimakoak erabiltzea hezeguneak edo elurteak zeharkatzeko. Ez da ezagutzen noiz hasi ziren dantza bera Magdalenako Andre Mariaren menezko jaietan egiten, lehenengo erreferentzia 1603. urtekoa da.[2]

Jantzia

  • Trikimakoak: Pago egurrez eginda daude. 50 cm inguruko luzera dute eta puntan amaitzen dira.Orkatilari eta belaunari soka bidez lotzen zaizkie.
  • Alkandora zuria, mahuka apainduekin.
  • Txaleko koloretsua: zazpi banda ditu, gorria, urdin argia, berdea, arroxa, marroia, horia eta urdin bizia.
  • Galtza beltzak belaunetan kolorezko zinta dutenak.
  • Azpiko gona.
  • Gona hori adamaskatua.
  • Gerriko urdina.
  • Galtzerdi zuriak.
  • Espartozko espartin zuriak xingola beltzekin.
  • Kastainetak, ezpel egurrezkoak eskuz eginak.

Dantza

Dantzariak La Obra plazan dantzan.

Madalenako jaietan egiten den dantza da, uztailaren 21, 22 eta 23an. Iraileko azken asteburuan ere egiten da, larunbat eta igandean.[2]

Mezaren ondoren Magdalenaren prozesioan joaten dira trikimakoak dultzainaz eta danbolinaz lagunduta. San Andres elizaren aurrean hasten dira La Obra izeneko plazan eta plazaren eta goiko kalearen arteko zazpi mailak jaisten dituzte "Las Escaleras" izeneko zatian. Ondoren "Dantzarien aldapa" jaitsi behar dute, 58 metro luze den kale estua %20ko pendiza duena. Banan bana jaisten dira dantzariak biraka eta kastainetak joz. Azpialdean jendea aurkituko dute haien jaitsiera gelditzeko, horregatik "el colchon" ("koltxoia") esaten zaio azpian zain duten jende multzoari. Behin behera iristita berriz gora igoko dira berriz biraka jaisteko. Musikariak beheko plazara iritsi bitartean horrela jarraitzen dute eta sei aldiz gutxi gora behera jaisten da dantzari bakoitza aldapan behera.[1]

Jaitsiera hau oso zaila da, baina gonak lagundu egiten die orekatzen, izan ere biraka ari direnean kanpai itxura hartzen baitu eta barruan sartzen den aireak zutik mantentzen laguntzen du.[2]

Behin guztiak beheko plazan daudenean trikimakoak kendu eta "los troqueaos" izeneko danta egiten dute hurritz makilak erabiliz.[1]

Erreferentziak

  1. a b c Txantiloi:Es-GT «Danzadores Anguiano | Cultura y Tradiciones | Guía accesibilidad La Rioja» La Rioja Sin Barreras (Noiz kontsultatua: 2025-01-01).
  2. a b c d (Gaztelaniaz) «Danza de los Zancos» Fiestas y Tradiciones de España 2019-09-23 (Noiz kontsultatua: 2025-01-01).

Kanpo estekak