Abadiñon jaioa, aspaldi Zornotzan bizi zen. ETA politiko-militarreko kide izana, frankismoaren azken urteetan Manuel Hidalgo Salas kapitain beldurgarriak atxilotu zuen.[4]
Lopez Jaurlaritzako lehendakari izan zenean (2009-2012), bere lantaldean eduki zuen Unzalu, eta, besteak beste, Herritarren Partaidetzarako eta Dokumentazioko idazkari nagusi izan zen, aurretik aste batzuez legebiltzarkide izan ondotik. Askoren arabera, itzalean, hura zen lehendakariaren estratega.
Lopez PSOEko kideak Espainiako Kongresuko presidente jarri bezain azkar ere deitu zion, taldean sartzeko eskatzeko. 2016ko urtarrilaren 13an izendatu zuten Lopez lehendakari ohia Kongresuko Mahaiko buru, PSOEren eta Ciudadanosen botoekin, eta astebeterako Madrilen zen Unzalu, hari laguntzeko. Aholkulari lanetan aritu zen, Lopez Kongresuko presidente izan zen zazpi hilabeteetan. Eusko Jaurlaritzara itzuli zen gero, turismoaren alorreko aholkulari.
Ordutik, hedabideetakoa izan zen bere jardun publiko nagusia. EITBko irrati zein telebistetan hainbat urtetan aritu izan zen iritzi emaile gisa. Intelektual, idazle eta euskaltzalea, Euskadi Irratian, Radio Euskadin zein ETB1 eta ETB2ko tertulia politikoetan parte hartu zuen maiztasunez. Abertzaletasunarekin oso kritikoa izan zen, independentzia nahien kontrakoa eta EAJrekin zein ezker abertzalearekin oso gogorra. ETA sutsuki gaitzetsi eta ETAko biktimen aldarrikapen ozena egin zuen beti.[6][7]
2022ko urrian Mario Onaindia saria jaso zuen.[erref. behar]
Hil osteko erreakzioak
Unzaluren heriotzak hainbat erreakzio eragin zituen, nagusiki PSE-EEren inguruan. Lopezek «lagun handia» zuela esan zuen, eta haren ibilbidea goraipatu zuen.[erref. behar]
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak, berriz, «terrorismoaren aurkako urte gogorretan» Unzalurena «ezinbesteko ahotsa» izan zela azpimarratu du, baita «Euskadirentzat proiektu sozialdemokrata bat eraikitzera» bideratu zituen pentsalaria izan dela ere: «Gaur egun, horrenbeste zalantza ditugun garaiotan, zaila izango da haiei aurre egitea bere ikuspunturik eta indarrik gabe», amaitu zuen.[erref. behar]
Liburuak
Ideas o creencias. Conversaciones con un nacionalista (2018).
Momentos estelares de la historia del socialismo (2019)