Aloe vera, Xanthorrhoeaceae familiako landare-espeziea da. Jatorriz, Afrika iparraldekoa da, eta Peruko Andeetan, Arabiako penintsulan, Kanarietan, Txilen eta Mexikon landatu da. Gaur egun, 250 barietate daude Aloe vera espeziearen barruan.
Landare hostoiraunkorra da. Hosto zukutsuak ditu, errosetan; luzeak eta lantzeolatuak izaten dira: 50 cm luze izan daitezke, eta 7 cm zabal. Hostoek hiru geruza dituzte: lehena, kanpoaldeko babesgarri larrukara; bigarrena, zuntz-geruza bat; hirugarrena, bihotz gelatinakara, ur-erreserba gordetzen duen lekua. Azken bi geruza horiek baliatzen dira medikuntza-erabilerarako. Lore txikiak ematen ditu, tutu-formakoak, zeinak hori kolore biziko infloreszentzia beteak osatzen baitituzte.
Sendabelar moduan eta kosmetikan erabili izan da I. mendetik aurrera, gaztetzeko, orbaintzeko eta erredurak baretzeko ona delakoan, baina ez dago froga zientifikorik hori baieztatzeko.
Arabierazko alloeh (substantzia hori distiratsua) eta latinezko vera (egiazkoa) hitzetatik dator Aloe vera.
Kanpo estekak