Aleksander Zawadzki (Będzin, 1899ko abenduaren 16a – Varsovia, 1964ko abuztuaren 7a) poloniar militar eta politikari komunista izan zen. Poloniako estatuburua izan zen 1952tik hil zen arte.
1913an ikasketak utzi eta lanean hasi behar izan zuen aitak istripu bat izan ondoren. Lehen Mundu Gerran Turingiara joan zen nekazaritzan lan egitera. 1917an atxilotu egin zuten patroia jipotzeagatik eta presoen eremu batera bidali zuten. Ihes egin eta ikatz meategietara joan zen Silesia Garaira.
1918an Poloniara itzuli eta poloniar armadan sartu zen eta Polonia-Sobietar Batasuna Gerran parte hartu zuen. Gerra ostean meatzean hasi zen berriro lanean eta 1923an Poloniako Alderdi Komunistan sartu zen. 1925ean Vilnan atxilotu zuten, poliziaren informatzaile bat hiltzea egotzita, eta espetxera bidali zuten. 1932an askatu zuten eta Sobietar Batasunera joan zen. 1934an Poloniara itzuli zenean, hainbat aldiz atxilotu zuten. Sobietarrek 1939an askatu zuten Poloniako ekialdea okupatu ondoren.
1947an Sejmeko kide hautatu zuten eta 1952an Poloniako Estatu Kontseiluko presidente izendatu zuten.