Albertine Sarrazin (Aljer, 1937ko irailaren 7a - Montpellier, 1967ko uztailaren 10a) letretako emakumea zen.[1][1]
Prostituta, gaizkile eta emakumeen espetxean izandako esperientzia kontatu zuen lehen emakumea izan zen. Hogeita bederatzi urterekin hil zen giltzurrunetarako ebakuntza-gelan; zortzi-hamar urte igaro zituen kartzelan. “Idazkuntzak miraritutako emakume zalduna”, Jean-Jacques Pauvertek argitaratutako L'Astragale eta La Cavale eleberriak idazteagatik zen ezaguna, zeinak zinemara ekarri baitzituzten Guy Casarilek 1968an (L'Astragale) eta La Cavalek 1971n, Michel Mitranik, hurrenez hurren.[2]
Biografia
Haurtzaroa
Jaiotzean, 1937ko irailaren 17an, Aljerreko Asistentzia Publikoan utzi zuten, Aljeria frantsesean, Albertine Damien bataiatu zuten, irailaren 23an. 1939ko otsailaren adoptatu zuen seme-alabarik gabeko bikote batek. Aitak, postua Aljerren zuen mediku militarrak, 58 urte zituen; amak, Thérèse, lanbiderik gabea, gerra garaian erizain boluntarioa, 55 urte zituen. Behin betiko adopzio-ziurtagiria 1941eko azaroaren 17koa da.
Bi urte zituela, Albertinek malaria izan zuen, krisi sorta luze baten hasiera izan zen. Ikasketak ikastetxe erlijiosoetan egin zituen. 1947an, erlijio-hezkuntzan lizentziatu zen, eta Aljerreko artzapezpikuak sinatutako oinarrizko ziurtagiria jaso zuen.
Hamar urte zituela, bere osabak egindako intzestuzko bortxaketa baten biktima izan zen. Aitak erreserbako kide izateari utzi zion 1941eko apirilaren 15ean, eta familiak Aljer utzi zuen 1947. Frantziara joan ziren, Aix-en-Provenceko Paix kaleko 28ko etxe batera.
Albertinek ingurune burgeseko hezkuntza zorrotza jaso zuen. Aix-en-Provenceko Sainte-Catherine-de-Sienne ikastetxean matrikulatuta, urteen poderioz, bikaintasunaren lehen sari ugari lortu zituen.
1949an, Les aventures de trois guides indisciplinées (Hiru gida diziplinagabeen abenturak) idazten hasi zen koaderno espiraldunetan. 1952an, institutuan interno sartu zuten, non bere irakasleek bere diziplina-ezaz kexu ziren. Aitak psikiatra bat ikustera behartu zuen, zeinak iritzi zion normala zela, baina gomendatu zion familiatik urruntzea. Orduan, epaileak onartu zuen "aitaren zuzenketa" , zeinak aitari bere haurra erreformategi batean jartzeko baimena ematen dion. Albertine, beraz, indarrez bidali zuten Marseillako Artzain Onaren espetxera. Sartu zenean, establezimendu honetara iristen ziren bizilagun guztiei egin bezala, izena aldatu zioten: Annick izena eman zioten. Bere egonaldiak sei urte iraun zuen, adinez nagusi (21 urte) izan arte. Aldi berean, bere aitaren adopzioa baliogabetzen saiatu zen, eta horretarako ikerketa soziala eskatu zuen.
Prozesua
1953an, Albertine Damienek cum laude lortutako batxilergoaren lehen zatia egin eta Parisera ihes egin zuen. Artzain Oneko lagun bat aurkitu zuen han, eta harekin abentura ugari bizi izan zituen: prostituzioan ibili zen, eta autoetan eta dendetan lapurtzen. 1953ko uztailaren amaieran, Marsellara itzuli zen bere aita ikustera, eta, hari zerbitzuko pistola lapurtuta, Parisera itzuli zen. Horrela ekipatuta, atrako-saiakera bat egin zuen, non bere lagunak saltzaile bat zauritu zuen eskuineko sorbaldan bala batekin.
Ihesean zebiltzan bi neskak abuztuaren 20an atxilotu zituzten, Saint-Michel Boulevardean. Hilaren 24an, Bertin epailearen aurrean aurkeztu eta banandu egin zituzten. Garai hartan hasi zen Albertine Les Carnets verts (Koaderno berdeak) idazten. Handik egun batzuetara, Fiskaltzara bideratu zuten, eta Fresnesko espetxera bidali zuten. 1954an, olerkiak idazten hasi zen, eta, urtebete geroago, batxilergoaren bigarren zatia korrespondentziaz egin zuen.
1955eko azaroan, bi lagunak Senako Adingabeen Atxikimendu Auzitegiaren aurrean agertu ziren; Epaiketa ateak itxita egin zen. Albertine-k Auzitegiko epaile eta epaimahaikideei burla egin zien: "Ez dut inongo damurik. Damutzen naizenean, jakinaraziko dizut", esan zien. Lapurretaren buru izateaz akusatua, zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, eta bere konplizeari "bost urte baino ez zituen hartu". Fresnesen giltzaperatu zuten lehenik, eta, gero, 1956an, Sommeko Doullens Ziudadelako espetxe eskolara eraman zuten, eta Béarn dibisioan sartu zuten, 504 zenbakiarekin. Bere gurasoei abokatu bat eskatu berri zien, baina haiek erabateko adopzioari ukatu eginez erantzun zioten; prozedura hori oso arraroa zen Frantzian.
1956ko urrian, literatur ikasketa orokor klasikoetan izena eman zuen, 1957ko ekaineko saiorako. Urte berean, hamar egunez ziegan giltzapetu zuten, beste preso bati ahoan musu emateagatik. 1957ko apirilaren 19an,ihes egin zuen, hamar metroko altueratik bastioi batetik jauzi eginda eta astragaloa hautsi zuen. Arrastaka, errepide nazionalera heldu zen.
Maitasun handia
Hantxe, bide bazterrean, Julien Sarrazinek jaso zuen, Okupazioaren garaian hamabost urteko bortxazko lanetara kondenatua izan zena lapurretagatik. Sarrazinek bere amaren etxean ezkutatu eta zaindu zuen, eta Albertinetaz maitemindu zen. Ondoren, Créteilgo taberna batean ezkutatu zuen, la petite Venise, eta, gero, prostituta baten etxean. Albertine Sarrazini lotu zitzaion. Créteilen ospitaleratu eta astragaloko ebakuntza egin zioten.
1958ko martxoan, Vendéeko Boulognen atxilotu eta espetxeratu zuten Julien. Albertine Parisen bakarrik geratu zen, eta bere burua prostituitu zuen, bizirik irauteko. Orduan, mekanikari bat ezagutu zuen, Maurice Bouvier, osaba bezala ezagutua, zeina bere proxeneta bihurtuko eta diru-konpentsazioak ordaintzen zizkion. Hilabete batzuk geroago, Julien aske geratu zen; Calaisera joan ziren bizitzera.
1958ko irailaren 8an, Julien atxilotu zuten Abbevillen, lapurreta egotzita, eta Albertine, berriz, paper faltsuak erabiltzeagatik. Julien irailaren 17an askatu zuten, baina Albertinek zigorra betetzen amaitu behar izan zuen Doullensen. Amienseko espetxera eramana, emakumezkoen sailean giltzapetu zuten, 2091 zenbakiarekin. Garbiketa- eta joste-lanez arduratu zen; bere josteko makinari Cornélie izena jarri zion. Filosofia eta ingelesa ikasi zituen, poemak idatzi zituen, eta Times, journal de prison 59 egunkaria sortu zuen.
1959ko otsailaren 7an, Julien eta Albertine (21 urte) Parisko 10. barrutiko udaletxean ezkondu ziren, bi jendarmeren artean. Albertinek La Cavale idazteari ekin zion. Soissonsera lekualdatu zuten, Julienek sarriago ikus zezan. Baina bera ere lapurretagatik atxilotu zuten, eta 15 hilabeteko espetxe zigorra ezarri . 1960ko irailaren 23an utzi zuten aske.
1960ko urrian, Albertinek zazpi hilabeteko indultua lortu zuen. 1961ean, auto-istripua izan zuen Julienekin eta haren amarekin. Ama hil egin zen. Julien kartzelan sartu zuten berriz, orduko hartan Pontoiseko kartzelan, bitxiak lapurtzeagatik, eta Albertine, aldiz, bitxiak erabiltzeagatik. Albertine 1963ko ekainaren 6an askatu zuten. 1964ko urtarrilean Alesera joan zen, Nîmesera gerturatzeko —Julien baitzeukaten preso—, eta Méridional aldizkarian lanka ordaindutako kazetari bihurtu zen.
1964ko apirilaren 7an, Prisunic dendan whisky botila bat lapurtzeagatik atxilotu zuten. Lau hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zioten Alesen, eta Les Soleils noirs (Eguzki beltzak) idatzi zuen, gero L'Astragale bilakatuko zena: “maitasun-eleberri txiki bat Julienentzat”. 1964ko maiatzean, Julien aske utzi zuten, eta, abuztuaren 9an, Albertineren txanda. Cévennes eskualdean (Camias herrixkan, Saint-André de Majencoules udalerrian) kokatu ziren, Mauricek, Albertineren bezero ohiak, erositako etxe zahar batean, zeina erretiratu berria zen, Albertine baitzen haren maitasun platonikoa.
Argitalpenak
René Bastidek, Méridional-eko kazetariak, zeinetarako Albertinek zenbait lan egin zituen bi espetxeratzeen artean, Jean-Jacques Pauvert argitaletxera jo zuen, bertako literatur-zuzendaria zen Jean-Pierre Castelnau ezagutzen baitzuen. 1964ko apirilaren 27an, Castelnauk L'Astragale eta La Cavale argitaratzea onartu zuen. Albertine Montpellierrera joan zen orduan, azken probak zuzentzera.
1966an, arrakasta handia izan zuten haren liburuek, bai kritikarien, bai herritarren artean, eta 1966ko le prix des quatre-jurys saria jaso zuen. La Traversière amaitu zuen, 1966ko azaroaren 25ean argitaratua.
L'Astragale espainierara (El Astrágalo) itzuli zuten, eta ingelesera 1966an.
1967. urtearen hasieran Albertini astragaloko zenbait operazio pilatu zitzaizkion, baina horrek ez zion eragotzi L'Astragale zinemarako egokitzeko lanean jardutea —Guy Casarilek egin zuen lan hori—.
Heriotza
1967ko hasieran, Albertine eta Julien Matellesen jarri ziren bizitzen.
“Julien, “apurtzaile txikia”, bere abizena eman ziona, prospektore geologo ere bihurtu zen, lanaren ingarrez. “Ezkontzean jakin nuen azkenean abizen bat banuela", esango du hainbestetan abizena aldatu zuen abandonatuak, edo matrikula zenbakia izan zenak. Azkenean, Montpellierretik hamabi kilometrora zoriontsu bizi ziren, masusta bide baten amaieran Ama Birjina bat zegoelako, Albertinek “L'Oratoire” deitu zion etxalde zahar batean."
Baina Albertine, osabak egindako intzestoak, alkoholak, tabakoak, ebakuntza berriek eta bere bizitza kaotikoak hauskortuta, 29 urterekin hil zen, 1967ko uztailaren 10ean, Montpellierreko Saint-Roch klinikan, gaizki prestatutako giltzurruneko ebakuntza baten ondorioz.[3] Anestesistak, diplomarik gabea bera, ez zuen inoiz Albertine ikusi ebakuntza egin aurretik, eta ez zuen ezagutzen ez bere odol-taldea, ez pisua (operatzeko gutxieneko pisua); gainera, ez zuten zaindu atzartze-gelan, eta erreserbako odola falta zen. Prentsak esan zuen: “Albertine Sarrazinek bere patu bitxia amaitu du." Hasieran, Matelleseko hilerrian lurperatut1a egon zen, eta, gero, senarrak eskatuta, L'Oratoire baserrian.
Julien Sarrazin senarrak talde kirurgikoa salatu zuen Errepublikako Fiskalaren aurrean, baina fiskaltzak kasua artxibatu zuen, luze gabe. Salaketa aurkeztea erabaki zuen orduan, eta epaiketa irabazi zuen: zirujauari, Schilliro doktoreari, eta Saint-Roch klinikako anestesistari, Pietrera doktoreari, bi hilabeteko baldintzapeko espetxe zigorra eta 90.000 libera (2019ko 110.000 euro inguru, inflazioa kontuan hartuta) ezarri zizkieten nahigabeko homizidioagatik, eta senarrari 40.000 franko ordaindu behar izan zieten kalte-galerengatik.[4] Kasu honek, antzeko beste batzuekin batera, anestesiari buruzko araudiak eta operazio aurreko eta ondorengo prozedurak aldatzera bultzatu zituen osasun agintariak.
Julien Sarrazinek 1975ean lehen liburu bat argitaratu zuen, Contrescarpe, “nire hiru maitasunei, hots, amari, anaiari eta Albertini” eskainitako poztasunik gabeko autobiografia, eta bigarren bat 1981ean, Chausse-trappes, 2015eko udaberrian Edilivre argitaletexeak argitaratu zuena. Julien Sarrazin 1991ko uztailaren 13an hil zen, eta Albertineren ondoan hartzen du atseden, L'Oratoiren.
Obrak
- La Cavale (Éditions Pauvert, 1965), zinemara egokitua Michel Mitranik, 1971n.
- L'Astragale (Éditions Pauvert, 1965), zinemara egokitua Guy Casarilek, 1968an (L'Astragale), eta Brigitte Syk, 2015ean L'Astragale.
- La Traversière (Éditions Pauvert, 1966)
- Romans, lettres et poèmes (Éditions Pauvert, 1969)
- Poèmes (Éditions Pauvert, 1969)
- Lettres à Julien (Éditions Pauvert, 1971)
- Le Times, journal de prison 1959 (éditions Sarrazin, 1972). Berrargitalpena, Les éditions du Chemin de fer, 2013.
- la Crèche, Bibiche, l'Affaire Saint-Jus, le Laveur (nouvelles, éditions Sarrazin, 1973).
- Lettres de la vie littéraire (Éditions Pauvert, 1974)
- Le Passe-Peine (Fayard, 1976)
- Biftons de prison (1976)
- Bibiche, Annabelle Guetatrak ikusia, Les éditions du Chemin de fer, 2012.
- Affaire Saint-Jus et autres nouvelles de prison (Le laveur, Affaire Saint-Jus, La crèche), éditions du Chemin de fer, 2019.
Liburu horien guztien 3 milioi ale argitaratu ziren.[erreferentzia behar].
Erreferentziak
Bibliografia
- Josane Duranteau, Albertine Sarrazin, éditions Sarrazin, 1971
- Éric Vilboux, Albertine Sarrazin, éditions Lacour, 1999
- Jaques Layani, Albertine Sarrazin, une vie, éditions Écriture, 2001 ISBN 2-909240-42-8
- Catherine Bernié-Boissard, Michel Boissard eta Serge Velay, Petit dictionnaire des écrivains du Gard, Nîmes, Alcide, 2009, 255 or., 222-223 or.
- Djemaa Maazouzi, Entre rébellion et convention: 'l'exception' Albertine Sarrazin, Études françaises, 47. liburukia, 1. zk, 2011, 113-127 or.
Dokumentala
- Albertine Sarrazin, le roman d'une vie, Sandrine Dumaraisena, Comic Strip Productionek ekoitzia, 52 min, 2004.
Kanpo estekak