2020ko otsaileko Zaldibarko zabortegiaren hondamendian, hondakinetan sortutako suteek airearen kutsadura maila igotzea eragin zuten, eskualdeko mailan larrialdia eraginez.
Lehen neurketak
Otsailaren 9an, sutearen inguruan airearen kalitateari buruzko neurketak egin ziren,[2] eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailetik lasaitasun mezua zabaldu zen otsailaren 14ra arte. Egun horretan bertan:
Goizean, Onda Cerori emaniko elkarrizketan, Josu Erkoreka Jaurlaritzako Bozeramaileak Zaldibarko zabortegiaren inguruan airearen eta uraren kalitatea "oso ona" zela adierazi zuen.[3]
Eitzagako biztanleek (30 bat lagun) neurketak auzoan ere egitea eskatu zuten (hiriguneetan bakarrik egin beharrean).[4]
Elgetako Udalak neurketen hasieraren berri eman zuen.[5]
Komisio teknikoak gune kaltetuen lurzorua, belarra, barazkiak eta frutak gainbegiratzeko ekimena abiatu zuen EJ, BFA, Neiker, Hazi eta Elika erakundeen elkarlanarekin. Bitartean, produktu hauen kontsumoa eta salmenta prebentiboki debekatu zuen.[6]
Larrialdia
Otsailaren 14ko arratsaldean, presazko prentsaurreko baten bidez,[7] Jaurlaritzako Osasun Sailak adierazi zuen CSIC Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiak egindako azterketan dioxina eta furano maila handiak topatu zituztela zabortegiaren inguruko airean. Otsailaren 9ko neurketen emaitzen arabera, dioxina eta furano tasak ingurune urbanoetan egon ohi direnak baino 40-50 aldiz handiagoak ziren. Osasun Saileko arduradunek lasaitasun mezua zabaldu zuten baina inguruko herrietako herritarrei kanpoan kirolik ez egiteko eta etxeetako leihoak itxita mantentzeko aholkuak eman zizkieten,[8] gauez bereziki (inbertsio termikoa zela eta[9]); eta Airearen Kalitatearen Kontroleko Sareko unitate mugikorrek dioxina eta furanoak ere neurtzen hasiko zirela iragarri zuten.[10][11]
Gauean, honen eraginez Bizkaiko Foru Aldundiak,[12] Eibarko Multikirolak[13] eta futbol ligak[14] eskualdeko kirol ekintzak bertan behera utzi zituzten. Azken honek (Eibar-Erreala partidua bertan behera geratzeak) arazoaren pertzepzioa biderkatu zuen, futbolariek 180 minutuz jasatea kaltegarritzat jotako aire hori baitzen haiek egunean 24 orduz arnasten ari ziren aire berbera.
Izua eta mesfidantza
Herritarren artean zabaldu zen izuaren eta haserrearen harira, Osasun Sailetik azaldu zen zen osasunaren eragina izan dezaketen parametroak asko direla, eta airearen analisietan lau bloke aztertzen zirela:
Konposatu organiko hegalariak: mikrokutsadura eragiten duten gasak dira, eta ots 14ra arte ez ziren maila kezkagarrira iritsi.
Hidrokarburu aromatiko poliziklikoak: konbustioaren ondorioz sortutako gai kimiko multzo bat, usainaren eragile nagusiak. Egun batzuetan kontzentrazio handian zeuden baina segurtasun mailaren azpitik, maila ez kezkagarrian.
Amiantoa: airean egon daitezkeen fibrak neurtzen dira. Otsailaren 14a arte ez zen ezer detektatu.
Dioxinak eta furanoak: plastikoen eta klorodun gaien konbustioan sortzen dira (Verterren baimenik gabe isurtzen ziren hondakinak). Honi buruzko emaitzak izan ziren alarma piztu zutenak.
Otsailaren 10, 11, 12 eta 13ko aire neurriak Madrilera bidaliak izan zirela jakinarazi zen, dioxina eta furanoen kontzentrazioaren jarraipena egiteko.[15] Halere, Madrileko CSICeko laborategi honen gaitasuna eta eskumena dioxina eta furano azterketak egiteko zalantzan jarri zen.[16][17]
Egunero, arratsaldeko 19:00ak aldera, neurtutako ur eta aire parametroen emaitzak argitaratzen ziren.[18]
Otsailaren 17an:
Durangoko Udalak ere airearen kalitateari buruzko informazioa eskatu zion Eusko Jaurlaritzari, herriko estazio estatikoa eskainiz.[19] Ez zuen erantzunik jaso, eta otsailaren 21ean neurriak bere kontura hartzen hasi zen.[20]
Miren Larrion Ingurumen Injeniaritza Doktoreak kutsaduraren dispertsio-mapak publiko egitearen premia seinalatu zuen, kutsadura neurketak modu efizienteagoan egiteko eta haren kontrola hobetzeko.[21]
Jaurlaritzak alerta perimetroa zabaltzea aztertzen ari zela iragarri zuen.[22]
CSIC-eko Begoña Jimenez eta Esteban Abad[23][24] ikerlariek, dioxina eta furanoetan adituak, otsailaren 14ko emaitzen kaltegarritasuna erlatibizatu zuten, Jaurlaritzak ezarritako badaezpadako neurriak egokitzat joz, eta haiek sortutako alarma interpretazio akatsei egotziz.[25] Otsailaren 18ko krisi-mahaiaren bilera ostean emaniko prentsaurrekoan iragarri zen:[26][27]
Zoruaren analisiek haren egoera ona erakutsi zutela; ondorioz, barazkiak ekoizteko eta kontsumitzeko debekua altxatzen zela.
Barazki eta belarraren analisien emaitzak, berriz, ots 21rako espero zirela; baina zorua afektatua ez zegoenez, ez zela hauen anomaliarik espero.
Otsailaren 19an, Elgoibarko EH Bilduk herri honetan ere dioxina eta furano neurketak egitea eskatu zuen, herritarren kezka zela eta.[28]
Larrialdiaren deuseztapena
Otsailaren 20an, Bilbon agerraldia egin zuten Berraondo Osasun Sailburuordea, Jimenez CSIC-eko ikerlaria eta Koldo Cambra teknikoak. Bertan azaldu zuten:[29]
Badaezpadako babes-neurriak (etxeak ez egurastea, aire librean ez kirolik egitea) bertan behera geratzen zirela, sua itzalitzat jotzen zelako.
Dioxina eta furano analisien emaitzak egun horretan ailegatu ziren.[30] Datuok hitzez ez ba zituzten zehaztu ere, idatzizko txostenean ageri zen ez zela jaitsiera esanguratsurik gertatu aurreko neurketen baloreen aldean>;[31] are, egun honetan aurkeztu zen dioxina mailaren azken datua handiagoa zen (730 femtogramo, otsailaren 16ean), otsailaren 14ko alerta ematea motibatu zuena baino (719 fg; erreferentzia bezala, maila normala 15 fg dira). Berraondoren esanetan, babes-neurriak kentzeko deia "bi egoerak oso desberdinak direlako" egin zen, "lehen sua indar maximoan zegoelako".[32]
Otsailaren 20an bertan, 22:00etan, sua berpiztu egin zen.[33] Horren ondorioz, otsailaren 21aren 11:00etan Osasun Sailetik berriz babes-neurriak hartzea gomendatu zuten, baina Sallabente auzoan bakarrik; aholkua bertan behera gelditu zen 17:00ak aldera, bezperan piztutako sua amatatutzat eman zenean.[34] Aholku-dantzaren aurrean, Osasun Sailak zentzuna erabiltzea gomendatu zuen: "Sua badago, leihorik ez irekitzea eta kirolik ez egitea Sallabente auzoan".[35]
Otsailaren 21ean, Durangoko Udalak airearen neurriak bere kontura hartzen hasi zen.[20] Abascal Ermuko alkateak lasaitasun mezua zabaldu zuen, "dioxina eta furano mailak askoz ere baxuagoak direla, urte askoan Barakaldon, Ermuan edo Eibarren bizi izan ditugunak baino" esanez.[36] Egun berean, Zaldibarko EH Bilduk udalari bilera informatiboa egitea eskatu zion, babes neurriak Sallabenteko Zaldibarko aldeari ere aplikatu behar ote ziren azaltzeko.[37]
Ots 22rako Eitzaga eta Eibarko dioxina/furanoari buruzko datuak espero ziren.[30] Egun horretan, Sallabente inguruko babes-neurriak bertan behera gelditu ziren, dioxina maila arriskugarria ez zela esanez.[38]
Otsailaren 25ean, Eibarko sentsore batek (Ibur erreka, Egoarbitzaren bestaldean) haizearen kalitatea "oso txarra" zela neurtu zuten, eta beste hiruk (Ipurua, Unibertsitatea eta Azitain) "txarra". Halere, Eibarko Udalak neurriok fidagarriak ez zirela esan zuten, eta enpresari biharamunean "berrinstalatzeko" agindua eman zion. Era berean, adierazi zuen lanbroak kutsadura maila igotzea eragin zuela.[39]
Otsailaren 27an, hilaren 17tik 21erako[40] aire analisien emaitzek baieztatu zuten dioxina eta furano mailak modu oso nabarmenean jeitsi zirela, "hirietan normalak izaten diren mailetaraino".[41]
Arazoa ez gutxiesteko aldarriak
Martxoaren 1ean, Eduardo Rodríguez-Farré Bartzelonako Ikerketa Biomedikuetarako Institutuko irakasle eta Europar Batasunaren Osasun Arrisku Berrien batzorde zientifikoko kideak EFE berri agentziari adierazi zion sutea itzali eta gero ere, dioxinak osasunarentzat arrisku nabarmena izango zirela (bereziki luiziaren inguruan aritutako beharginen osasunean) eta elikadura-katean amaituko zutela. Honen eragina batez ere sistema endokrinoan izaten dela azaldu zuen.[42]
Martxoaren 5ean, Pedro Luis Arias ingeniariak adierazi zuen hondakinen lekualdatzeak partikula solidoen kutsadura halabeharrez ekarriko zukeela (inguruko lurrazalean pausatuko zena aire mugimenduen menpean) eta ia ezinezkoa izango zela gasen konbustioaren eragina ekiditea.[43]
Martxoaren 6ean, Zaldibar Argitu plataformak aire analisiak agentzia independiente baten esku uztea eskatu zuen, Osasun Sailari parte interesatua izatea egotziz.[44] Emandako jarraipen txostenei datu zehatzen falta egotzi zieten ("emotikonoen bidez informatzen digute airearen kalitateaz").[45]
Martxoaren 19ra arte Jaurlaritzak airearen kalitateari buruzko informazioa egunero zabaltzen zuen; egun honetatik aurrera, arazoa kontrolatutzat emanda, laginketen maiztasuna jeistea erabaki zen, emaitzen berri astean behin emanez; era berean, dioxina eta furanoei buruzko datuak hartzeari laga zitzaion.[46]
↑Bizkaia. (2020T14:53). [https://twitter.com/Bizkaia/status/1228452213036593155 «Abisua
Bertan behera geratzen da Mallabia, Ermua eta Zaldibarko udaletan, aire zabalean egiten den Eskola Kirolapic.twitter.com/sZsryoDa6U»] @Bizkaia(Noiz kontsultatua: 2020-02-14).