Aginte-makila edo makila zulatua[1] autoritatearen ikur sinboliko eta protokolozkoa da, zenbait agintaritzaren boterea sinbolizatzen duena. Bereziki Euskal Herrianudal agintea sinbolizatzen du, alkatearen esku egoten da, eta publikoki erakusten du honek ekitaldietan.
Historia
Aro eta zibilizazio gehienetako agintariek erabili izan dituzte aginte ikurrak, eta antzekoak ageri dira guztietan. Gobernua agureen zeregina zenean makilak adinean aurrera zihoazenen nahitaezko laguntzaile izanik, adinaren eta boterearen ikur ziren aldi berean. Hain zuzen zetroa, "skeptron" grezieratik eratorria, agureek ibiltzerakoan laguntzeko zerabilten makila zen antzinatean.
Maiz, makilaren muturrean hosto edo fruituren bat jartzen zen, betiereko bizitzaren ikur moduan[2]. Antzinako Egiptoko uas izeneko zetroek alegiazko animalia baten burua zuten puntan.
Erdi aroan, erregeen makilaren muturrean batzuk gurutzea jartzen zioten, beste batzuk hostoak, maiz lis lorea izaten zuten, zenbait errege-etxeren ikurra zena, eta beste batzuetan, hosto arteko fruitua gero eta handiago eta borobilago bihurtzen joan zen, bola handi baten tankera hartu arte.
Euskal Herriko udaletan erabiltzen diren aginte-makilak euskal makila arketipikoak izan daitezke batzuetan, baina ez horiek bakarrik; beste era bateko makilak ere izaten dira.
Sakanan, adibidez, balea bizarrez egindako makilak erabili izan dira. Baleontziak egiteko egurra inguruko basoetatik ateratzen zela eta, hortik omen dator konexio sinbolikoa[4].
Udal batzuetan, Durangaldean bereziki, lantza mota bat, txuzoa, darabilte udal agintarien ikurtzat. Garai, Iurreta, Izurtza edo Zaldibarren ikusi ahal izan dira historikoki horrelakoak eta erabiltzen dira gaur egun ere alkateen aginte ikur moduan[2].
Zumea
Alkatetza batzuen aginte sinboloa, berriz, zumea izan da Euskal Herrian. Zume adar hori luze, zuzen agertu izan da historikoki, makila batekin antzekotasuna izanez, baina gaur egun gehienetan borobilduta ageri da[2]. Aginte onaren balioak biltzen ditu bere baitan zumeak: hautsi ezintasuna eta malgutasuna aldi berean. Neurria ere ematen zuen zumeak, sistema metrikoa indarrean ez zegoenean zumea izaten baitzen lurraren jabetza eta mugari buruzko gatazkak ebazteko erabiltzen zen neurria, eta agintariak izaten zuen neurri hori ematen zuen tresna, zumea, erabilera praktikorako, eta boterearen ikurtzat, biak batera.
20. mende hasieran, Garaiko (Bizkaia) alkatea txuzoarekin, eta Altzagakoa (Gipuzkoa) zumearekin (kapa duen gizona). Indalezio Ojangurenen argazkiak
Ikuskizunetako aginte sinbolikoa
Euskal Herrian alarde eta danborradetan oso ohiko irudia da danbor nagusi edo ikuskizuneko buruzagiak zuzentzeko darabilen aginte-makila, bola bat izan ohi duena mutur batean. Gipuzkoakodantza batzuetan ere erabiltzen da antzeko makila bat[2].