Adriana Otaño

Adriana Otaño
Bizitza
JaiotzaZizurkil1880ko irailaren 8a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Lehen hizkuntzaeuskara
HeriotzaAduna1963ko maiatzaren 14a (82 urte)
Familia
Haurrideak
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakbertsolaria

Adriana Otaño Odriozola (Zizurkil, 1880ko irailaren 8a - Aduna, 1963ko maiatzaren 14a)[1] gipuzkoar bertsolaria izan zen, Joxe Bernardo Otañoren alaba, Plazida Otañoren ahizpa eta Pedro Mari Otañoren lehengusina.

Bizitza

Adriana Otaño 1880an jaio zen Zizurkilen, Errekalde baserrian. Aita Jose Bernardo Otaño bertsolaria zuen eta ama Klara Inazia Odriozola Urbiztondo, Beizamakoa. Bederatzi anai-arrebetatik zazpigarrena zen; Plazida zuen ahizpa zaharrena. Inazio Bengoetxea Martiarenarekin ezkondu zen 1928an, eta Adunako Belen etxean bizi izan ziren.[2] Baratza ederra izaten zuten bertan, baina aziendarik ez. Hegazti batzuk, untxi batzuk, ahuntz pare bat, besterik ez. Eta ukuiluan sagardo ederrak.[1]

Teodoro Mujikak honela kontatu zion Antonio Zavalari: “Egun batez, hauxe galdetu nion:

– Adriana, zure aitak bai al zuen ohiturarik etxean edo familian bertsotan aritzeko?

– Bai, mutil, bai. Gehienean bere semeren bat edo alabaren bat izaten zian lagun egiteko, eta bakarrik ere kantatzen zian harek, etxean edo familian. Ura hartarakoxea huan, eta hari etzitxion hori kentzerik”.

Beraz, etxean bertsotan egiten zuten garai hartan, ez tabernan bakarrik. Eta etxean gizonak eta emakumeak aritzen ziren bertsotan. Haren bertsorik iritsi ez bazaigu ere, Adrianari esker dakizkigu bere familiako gizon bertsolari handien bertsorik intimoenak, bizitzako gorabeherei lotuen dauden bertsoak. Izan ere, bazuen bere ingurukoen bertso aleak hautatu eta gogoan hartzerakoan, kantatuak izan ziren bezala hartzeko nahia.[2]

Senarra 1947ko hondar aldera hil zitzaion. Orduan Donostira joan zen, Anita ilobarengana. Baina berriz ere Adunara itzuli, eta bertan hil zen 1963ko maiatzaren 14an.[1] Horrela du idatzia Antonio Zavalak Pedro Mari Otaño eta bere ingurua liburuan (13. orrian): “Adriana, Jose Bernardoren alaba. Ura bezin iturri oparorik ez nuala arkituko. Ala, bi edo iru bider bisitatu nuan. Izketaldi aietatik atera nuana liburu ontan arkituko du irakurleak. Bide-gurutze batean arkitu nintzan, ordea, une artantxe. Adriana onek larogei ta bi urte zituan. Pello Errotaren alaba Mikelak, berriz, larogei ta amairu. Noren oroipenak biltzen asiko nintzan? Zalantza ortan denborarik galdu gabe, zaarrenarengana jo nuan. Orrela osatu zan Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua liburua. Beste aldera artu izan bagendu, Jose Bernardo Otañoren bizitza bere alabak kontatua liburua izango genduan. Bitartean, ordea, Adrianari mundu ontatik joan bearra iritxi zitzaion. Mikelak, berriz, beste sei urteko bizitza izan zuan”[2]

Erreferentziak

  1. a b c Zavala, Antonio. Pedro Mari Otaño eta bere ingurua liburua. Auspoa, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-30).
  2. a b c Eizagirre, Estitxu. Adriana Otaño eta Mikaela Elizegi: Emakumeak bertso ondarea aletzen. Auspoa, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-30).