Eusebio Barriola Sagastiberi eta Josefa Aizpurua Muguruzaren semea, Abelino Barriola Donostian jaio zen 1876an.[1]Zapatari lanerako trebatu zen Parisen, eta horri esker lortu zuen bizibidea. Mercedes Irigoienekin ezkondu zen 1906an, eta harekin zortzi seme-alaba izan zituen.[3]Ignacio María Barriola medikuaren aita zen.[4]
Antzerkiarekiko interesa ikusita, Barriolak, Donostiako zinegotzi zelarik, 1915ean Euskal Izkera ta Iztunde Ikastola sortu zuen (edo Euskal Hizkuntza eta Deklamazio Eskola).[3][5] Eskola honen lehen zuzendaria Toribio Altzaga izan zen.[6]Deklamazio Eskola sortzearen ondorio nabarmanetariko bat emakumea eszenatokira igotzea izan zen. Garai horretan lehiaketak eta sariketak ere ugaldu egin ziren, obra zertxobait konplexuagoak, bai planteamenduz, bai baliabidez, idazten hasi ziren; ondorioz, bakarrizketa edo ekitaldi bakarreko obren ordez bi eta hiru ekitaldikoek hartu zuten lekua; umore-giro xotiletik eduki serioagoetara ere pasatzen da zertxobait.
Horiez gain, Barriolaren obran abertzaletasunaren aldeko lerratze nabarmena sumatzen da, alde batetik; eta, era berean, bere obretan ez du interes didaktikoa ezkutatzen, eta ikusleak antzerki-kulturan hezi nahia ere igar daiteke, bestetik. Gainerakoan, gorago aipatutako ezaugarri orokorrak bete-betean ageri dira garaiko autore guztietan.