1980ko Everest Euskal Espedizioa 1980. urtean Everest (8.848 m) mendia igotzeko asmoz Euskal Herrian antolatu zen mendi-espedizio bat izan zen. Helburu hori urte hartako maiatzaren 14an lortu zuten. Espedizio horren aurrekari zuzenena da 1974ko Tximist Espedizioa. Izan ere, aurreko hartan parte hartuta eskarmentu handia bereganatu zuten hainbat kide izan ziren beste honetan ere.
Martin Zabaleta izan zen munduan Everesta igotzen 104. pertsona eta ikurrina bertan jarri zen 14. bandera.
Taldekideak
1979an jada aukeratu ziren espedizioa osatuko zuten hamabi taldekideak:
- Bost gipuzkoar: Juan Ramon Arrue (1948, Azpeitia), Ricardo Gallardo (1940-1989, Donostia), Joxe Urbieta "Takolo" (1941-2000, Azpeitia), Felipe Uriarte (1944, Pasai Donibane) eta Martin Zabaleta (1949, Hernani).
- Hiru arabar: Juan Ignacio Lorente (1939-2022, Gasteiz) espedizio burua eta medikua, Ángel Vallejo Rosen (1942, Biarritz) eta Luis María Saenz de Olazagoitia "Petxu" (1943, Gasteiz).
- Bi bizkaitar: Kike De Pablo (1952, Zamora) eta Emilio Hernando (1953-2013, Bilbo).
- Bi nafar: Xabier Erro (1946-2018, Lesaka) eta Javier Garaioa (1950, Iruñea).
Igoera
Hamabi mendizale joan baziren ere, Martin Zabaletak baino ez zuen lortu goraino igotzea. Maiatzaren 13an Juan Ignacio Lorente, espedizioko medikuak eta Zabaletak saiakera bat egin zuten bi xerpekin batera, baina ez zuten lortu. Bi ordutara, Lorentek bertan behera utzi zuen saiakera. Hurrengo egunean Zabaleta berriro saiatu zen Pasang Tembarekin batera, eta 15:30ean lortu zuten gailurrera iristea[1].
Ikus gainera
Erreferentziak
Kanpo estekak