1912koabuztuaren 12an, Bizkaiko hainbat portutako arrantzaleak txalupaz itsasoratu ziren, arratsaldero bezala, kostaldetik gertu arrantzan egiteko. Gautzen ari zuela, egun osoan izandako hego haizea bat-batean aldatu zen, eta fronte hotz bat sartu zen Islandiatik gertu zegoen borraska bati lotuta. Haizearen bat-bateko aldaketarekin batera, tenperaturak behera egin zuen, eta itsasoa zakartu zen.
Une hartan, 12-15 metroko luzerako txalupak Matxitxako lurmuturretik 50 bat miliara zeuden, eta egun hartan harrapaturikoa euren konpainiako baporera aldatzekotan ziren, portura eramateko asmoz. Enbatak gau osoan iraun zuen, abuztuaren 13aren goiza arte, eta txalupa haietako asko hondoratu zituen.
Hildakoak
Hondamendi hartan guztira 144 gizon hil ziren, haietatik 119 Bermeokoak, 14 Lekeitiokoak, zortzi Elantxobekoak, eta hiru Ondarroakoak. Gertaera hark Bermeon 75 alargun eta 225 umezurtz utzi zituen; eta San Roke egunean ezkonduko ziren beste 20 neska senargai barik gelditu ziren. Hilen omenezko elizkizunak 1912koabuztuaren 23an egin ziren, Bermeoko Andra Maria elizan, eta hara etorri ziren Alfontso XIII.a erregea eta hainbat ministro.
Oroimena
Urtero, abuztuaren 12an, hondamendi hartan hildako arrantzaleak omentzen dituzte Bermeoko Udalak eta Galerna Taldeak.[1][2]
Alargunen omenez, 2018an, 100 alargunen dantza poeman oinarritutako abestia eta bideoklipa plazaratu zen. Mazurka bat da, soka-dantza eran dantzatua. Poema Uxue Alberdik idatzi zuen, eta Thierry Biscaryk musikatu.[3] Koreografia Patxi Labordak egina da. Bideokliparen irudiak Bermeon grabatu ziren udan, eta bertako herriko Alkartasuna Dantza Taldeko eta Lekeitioko Dantza Taldeko emakumeen parte hartzearekin egin ziren.[4]