1727ko Hitzarmena edo KapitulazioaGipuzkoak eta Bizkaiak Espainiako (Gaztelako) Koroarekin urte horretako azaroaren 8an sinatutako hitzarmena izan zen.[1] Hitzarmena sinatu bitartean, bost urtetik gora iraun zuten elkarrizketek: aduanak lekualdatzeko Filipe V.aren Errege Agindua 1722an bertan behera geratu zenean hasi ziren, gero 1718ko matxinatuei barkamena eman zitzaien (1726) eta, geroago, ituna hitzartu zen.
Gaztelako Koroaren eta euskal kostaldeko bi lurraldeen arteko hitzarmenak oinarri instituzionalak ezarri zituen aurrerantzean eragile politiko horiek elkar uler zezaten, eta hamarkada luzez iraun zuten, 1839an status quo berri bat ezarri arte. Akordio (kapitulazio, nork esaten duen) horren lehendabiziko fruitua Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainiaren sorrera izan zen.
Testuingurua
Espainiako Ondorengotza Gerran, euskal lurraldeek Filipe V.a erregeari lagundu zioten, nafar leinuko frantses Borboiari, Nafarroako Henrike III.aren dinastiakoa (Frantziako Henrike IV.a). Aukeraketa horrek, baina, ez zituen Gaztelako Koroako euskaldunak salbatu Utrechteko Itun kaltegarritik (1713): gutxienez bi mendez luzatzen zen Ipar Atlantikoan nabigatu eta arrantza egiteko tradizioak kolpe gogorra hartu zuen.[2] Euskal Herria lurralde frankoa zen, kostaldean aduanarik gabea, eta Gaztelako Koroarentzat ia antzua diru sarreretan. Mendebaldeko euskal lurraldeetako diputazioek estatus horri eutsi nahi zioten, koroaren mesedea galdu gabe, betiere. Horretarako, Madrilen argudiatzen zuten lugorria zutela, labore lur eskasak; gainera, adierazten zuten erresumaren periferian zeudela eta, beraz, mugako lurralde gatazkatsuan, militarki estrategikoan.
1717ko Filipe V.aren Errege Aginduak kostaldera eta Pirinioetara lekualdatu nahi izan zituen Ebroko euskal aduanak, baina ezartzen hasi eta berehala haserrea eta matxinada piztu ziren herritarren artean. Aldi berean, Madrilgo Errege Gortean ohartu ziren diru sarrerak eskasagoak zirela lehen baino. Gainera, Berwickeko duke frantsesak Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba okupatu zituen 1719 uda bukaerarako, Lauko Aliantzaren Gerran. Herritarrak asaldatuta zebiltzan bertako agintariekin, beren interesak eta, oro har, foruak defendatzen huts egin zietelakoan, eta aldundietako ordezkariek zein erregeak, deseroso, lehengoratu egin nahi zuten egoera nolabait, baina erreforma batzuk aplikatuz.
1719ko abenduaren 6an, Filipe V.ak eta Elisabet Farnesio emazteak Alberoni kargugabetu zuten, haren politikaren porrotak hauspotuta. Gaztelako Koroa Frantziako Koroara hurbiltzen hasi zen orduan. Politika aldaketa José Grimaldo estatu kontseiluko buru berriak, ordezko ministro nagusiak, bultzatu zuen eta, hurbilketa horren seinale, 1721eko martxoan adiskidetasun hitzarmen bat sinatu zuen Frantziarekin, ondorioz bi Borboi dinastien arteko ezkontza josiz; printzesen elkartruke bat egin zuten BidasoakoKonpantzia uhartean 1722ko urtarrilaren 9an.[3] Gaztelako Errege Gorteko ministro aldaketak eta Borboien aliantza berriak Bizkai eta Gipuzkoako ordezkariekiko elkarrizketen bidea hobetu zuen.
Bilakaera
1722ko abenduan, Koroak atzera egin zuen ofizialki aduanak kostaldera eramateko asmoan (praktikan 1719an bertan), 1717ko Errege Agindua bertan behera utziz. Artean, baina, egoera instituzional berria nolakoa izango zen definitu gabe zegoen. Lurralde horietako diputazioen ordezkariak Madrilgo gortean elkarrizketetan hasi ziren. Bizkaiak, Arabak eta Gipuzkoak zeinek bere aldetik negoziatu arren, urte batzuk lehenago, hiru aldundiek Ignazio Loiolakoa deklaratu zuten elkarren santu zaindaritzat, era horretan haien arteko lotura puntu sendo bat ezarriz. Ondorioz, San Ignazioren Kongregazioa sortu zuten, Espainiako Errege Gortean elkarrekin negoziazio puntuak adostu eta, koroaren aurrean, indarra egiteko lobby bat.
Espainiako Koroaren asmo zentralizatzailearen eztabaida gai nagusia kontrabandoa zen, euskal lurraldeetan oso handia zelakoan. Baionatik tabakoa ugari sartzen zen (Virginia motakoa), eta kontrabandoko kakaoa barra-barra zebilen (herbeheretarrek kontrabandoz Brasildik Europaratua). Koroak horretarako konponbide bat bilatzen zuen. Jarrerak hurbiltzearen seinale, koroaren eta mendebal kostaldeko bi euskal lurraldeen arteko elkarrizketaren azken aurreko ondorioa 1718ko matxinatu atxilotuak libre uztea izan zen, 1726an.
Hitzarmenak bederatzi puntu edo kapitulazio zituen, eta bertan Gipuzkoako oligarkiaren eta koroaren interesak ezkontzeko ahalegina egiten zen: merkataritza askatasunari eustea, legezko zein legez kanpoko salgaien trafikorako ezinbestekoa.[4] Itxura batean, kontrabandoa eragoztea zen hitzarmenaren muina, zazpi puntu gai horretara bideratzen baitziren, lehengo askatasunei eutsiz, betiere. Paradoxikoki, ordea, kontrabandoaren jarraipena aldezten zuen, kolonietako produktuak eta balearen seina edo koipea libre sartzeko bidea irekiz. Hitzarmen horren bitartez, berretsi egin zen aurreko urteetatik zetorren joera: itsaso urrunetako arrantzaren gainbehera; trukean, areagotu egin zen kolonietako produktuen eta manufakturen inportazioa.[4]
Aduanak Ebrora itzuli ziren, baina trukean hiru lurraldeotako ordezkariek kontrabandoaren kontrako ikuskatzaile lanak haiek egitea proposatu zuten. Gipuzkoa izan zen gogotsuena negoziazioetan, Felipe Agirre eta Miguel Antonio Zuaznabar ordezkari buru zituela.[1] Gipuzkoak, gainera, aurrea hartu zien beste lurraldeei, Venezuelarekin zuzenean arituko zen konpainia baten sorrera proposatuz: Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia. Hurrengo urtean, 1728an, Gipuzkoa probintziako Batzorde Bereziak berretsi egin zuen José Patiñorekin hitzartutakoa.[1]
Ondorioak
Hitzarmenak berretsi egin zuen Gaztelako Koroan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak zuten aparteko estatusa eta administrazio eta bizitza publikoa zein pribatua kudeatzeko zuten autonomia, baina Gaztelako (Espainiako) Koroaren alde lan eginez eta ekimena hartuz, nabarmenen hurrengo urtean sortuko zen Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainiaren bidez; Konpainiak ondo gorpuzten zuen Gaztelako Koro Borboiaren asmo merkantilista, Europako antzeko ereduen arabera moldatua.[1] Hitzarmeneko puntu nagusiak foruetako berezko ezaugarri bihurtu ziren, lege indarra hartuz.[4]Status quo berria 1839 arte luzatu zen.