Maillarten lantegian lan egin zuen, eta, geroago, Julian Akademiako eta Parisko Arte Ederretako Akademian egin zituen ikasketak. Akademiatik atera ondoren Les Nabis abangoardia-taldeko kide izan zen, maisu nagusietakoa, Denis eta Roussel adiskideekin eta, batez ere, Bonnardekin; hala ere, bere estilo intimista gorde zuen. Talde hartako gainerako artistek bezala hainbat teknika ikasi zuen, baina tenpera erabili zuen batez ere, eta arte plastikoak eta apaingarriak landu zituen, besteak beste. Gaiei dagokienez, bere karreran zehar azpimarratzekoa da burgesen bizimodua islatzen duten eszenekiko zaletasuna; errealismo handiko irudiak egin zituen oro har. Nabi taldearen ezaugarriak erakutsi zituen, besteak beste, Parisko lorategiak panel apaingarrien sailean (1894; hainbat museotan sakabanaturik gaur egun).
1890-1900 hamarraldia izan zen Vuillarden garai oparoena. Obra apaingarriak egin zituen batez ere, eta teknikari dagokionez Gauguinen jarraitzaile izan zen. 1893tik aurrera burgesen bizimoduari buruzko koadroak eta erretratuak egin zituen. Hamarraldi hartako obra aipagarrienak hauek ditu: Autorretratu oktogonala (bilduma partikularra), Barnealdea (1887). Koadroez gainera litografiak ere egin zituen, zuri-beltzean zein koloretan.
1900-1940 bitartean konposizio monumentalagoak egin zituen, ordura artekoak baino sakontasun eta bolumen handiagokoak. Landetxeetarako apaingarrien enkarguetan eta zenbait eraikin publikoetarakotan antzematen da joera hori, adibidez PariskoComedie de Champs-Élysées antzokiko lanetan (1913), Chaillot jauregiko horma-irudietan (1937) eta abar. XIX. mende hasieran, bestalde, kutsu intimistako koadroak margotu zituen, baina ez zuten hasierakoen mailarik, ez zuten haien xarma eta bizitasunik.