Álvaro Barreirinhas Cunhal (portugesez ˈaɫvɐɾu kuˈɲaɫ ahoskatua; Sé Nova, Coimbra, 1913ko azaroaren 10a — Lisboa, 2005eko ekainaren 13a) portugaldar politikaria eta idazlea izan zen. Idazle moduan Manuel Tiago ezizena erabiltzen zuen.
1935ean, Gazteria Komunistako idazkari orokor izendatu zuten. Oliveira Salazarren diktaduraren aurka borrokatzeagatik atxilotu, torturatu eta hamaika urtez espetxeratu zuten (1949-1960). Kartzelan zegoela, Alderdi Komunistako idazkari nagusi hautatu zuten (1951). 1960an, kartzelatik ihes egin zuen, eta 1961ean, PCPko (Portugalgo Alderdi Komunistako) idazkari nagusi izendatu zuten. Eragin handia izan zuen Apirileko Iraultza bideratu zuen armadako taldean. 1975eko hauteskundeetan, Portugalgo lehendakarigai izan zen alderdi ezkertiarrek osaturiko koalizioaren lerroetan (Frente Unido Revolucionario), baina ez zuen kargua lortu. Krabelinen Iraultzaren (1974ko apirila) ondoren itzuli zen Portugalera, eta kargu jakinik gabeko ministro izan zen lehenbiziko lau behin-behineko gobernuetan, baita Estatu Kontseiluko kide eta diputatu ere. Sobietar zalea izan zen, eta erregimen komunistekiko atxikimendua erakutsi zuen beti.
Idazlan politikoez gain, literatura ere idatzi zuen Manuel Tiago ezizenarekin. Euskaraz 2020 urtean Bost egun, bost gau liburua argitaratu zuen Katakrak argitaletxeak Iñigo Roque Eguzkitzak itzulita[1]. Ondoko hauek dira portugesez argitaratu zituen liburu ezagunenak:
- Até Amanhã, Camaradas. Lisboa: Edições Avante!, 1974
- Cinco Dias, Cinco Noites. Lisboa: Edições Avante!, 1975.
- A Estrela de Seis Pontas. Lisboa: Edições Avante!, 1994.
- A Casa de Eulália. Lisboa: Edições Avante!, 1997.
- Fronteiras. Lisboa: Edições Avante!, 1998.
- Um Risco na Areia. Lisboa: Edições Avante!, 2000.
- Sala 3 e Outros Contos. Lisboa: Edições Avante!, 2001.
- Os Corrécios e Outros Contos. Lisboa: Edições Avante!, 2002.
- Lutas e vidas: Um Conto. Lisboa: Edições Avante!, 2003.
2005eko ekainaren 13an hil zen Lisboan. Hiletara 500.000 lagun joan ziren.
Erreferentziak
Kanpo estekak