Zarauzko baleabertso jarri batzuetarako motibo izan zen: 1878ko otsailaren 11n Zarauzko itsasertzean harrapatutako balearen auzia polemikoa izan zen (Donostiako Aquariumeko balea da animalia haren hezurdura zehatza), zarauztarren eta getariarren arteko enegarren tirabira eragiteagatik. Arrantzan parte hartu zuen protagonista nagusietako batek, Roke Etxabek, bertsotan jarri zuen gertaturikoa, Zarauzko arrantzaleen ikuspegia eskainiz.[1]
1878ko otsailaren 11n Zarauzko itsasertzean azaldu zen balea. Bertara heldu ziren Zarauzko eta Getariako traineruak, baita Oriokoak ere. Getariarrek ez zuten lehen arpoia sartzen asmatu, bai ordea zarauztarrek, Roke Etxabek nonbait. Baina getariarren eta oriotarren artean errematatu zuten Moilarri parean, eta gero gorputza Getariara eramatea lortu zuten getariarrek.[2]
Epaitegietan auzia hasi zen berehala, eta hilabete batzuen buruan getariarrei eman zien epaiak arrazoia, baina ordurako balearen aprobetxamendua ezinezkoa zen, usteldua eta alferrik galdua zegoen. Hezurdura egoera bikainean zegoen, ordea, eta Donostiara joan zen, non Donostiako Aquariumean dagoen ikusgai 21. mendean.
Abestia
Getarian eta Zarautzen bada haurrek elkar zirikatzeko erabilitako kantutxo bat, honela dioena:[1]
Roke Etxabek 22 bertsoko sorta epikoa idatzi zuen, Zarauzko balearenak izenekoa, gertakariak adieraziz. Garaian idatziz argitaratu ez baziren ere, ahoz zabaldu ziren eta belaunaldiz belaunaldi pasatu ziren. Hori dela eta, bertsoen hamaika bertsio aurki daitezke Zarautzen.
Lehen bertsoa 1854an Donostian harrapatutako balearen bertsoen berdin-berdina da. Argi eta garbi ondoriozta daiteke Roke Etxabe bertso horietan oinarritu zela Zarauzkoak egiteko.[3]