Yungay 7020 Raquel Calvo eta Elena Molina zuzendarien dokumentala da, 2021ean ekoiztua, Perun. 2023ko Goya Sarietan lehiatzeko aurre-hautagaia.
Aurrekariak
2013an, Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak eta Montehermoso kulturuneak giza eskubide eta elkartasunaren aldeko gizarte-eragileak eta Gasteizko kultur eragileen arteko elkarlana sustatzeko proiektua martxan jarri zuen. 2019an, Yungai 1970: la catástrofe inevitable proiektuak lehiaketa irabazi zuen, zeinak herrien eskubideei, memoriari eta hondamendi ekologikoei buruzko hausnarketa egiten zuen erakusketa batean, 1970ean Peruko Yungay hiria lurperatu zuen Ancasheko hondamendia abiapuntu hartuta. Raquel Calvo-k proiektua koordinatu zuen, zuzendari artistikoa ordea, Juan Arrosagaray izan zen. SERSO San Viator eta Yungayko San Viator irratiko kolaborazioa ere izan zuten.[1][2] Erakusketak 2.000 bat ikusle izan zituen.[3]
Laburpena
1970ean Huascaraneko elur-jausi batek Yungay hiri koloniala ezabatu zuen. Bizirik ateratakoak hiria berreraiki zuten handik eta kilometro batera. Hondamendiaren 50. urteurrenean tokiko irrati batean, kitxua zein gaztelaniaz gertatutakoaz hitz egiten dute.[4] Elkarrizketatuen artean dira, Almaquio Ortega López, Epifanio Guzmán Bonilla, Cico Álamo Figueroa, Javier León León, Reyna Ropón, Antonina Hilden Vergaray Alegre eta Juana Losza Méndez, guztiak hondamendiari biziraun zioten herritarrak.[5]
Ekoizpena
Raquel Calvo eta Elena Molina dira dokumentalaren zuzendari eta gidoigileak. Muntaia ordea, Maitane Carballorena. Zuzeneko soinua, Mikel Echevarría, William Mayo, Yoli Gibaja eta Raquel Calvorena. Soinuaren diseinu eta nahasketa Aitor Amozarrainena. Elkarrizketa eta itzulpenetan aritu dira Raquel Calvo, Jesús Prudencio eta Mikel Pérez. Musika tradizionalaren interpretea Christian Tapia izan da. Grafika Juan Arrosagarayrena da. Eta azkenik, ekoizpenean laguntzaile izan dira Jesús Prudencio, Clemencia Aranibar, Darío Romero, Fidel E. Mendoza eta Félix 'El Gato'.[4]
Sari eta Aitortzak
Filma Bilboko Zinebiko sail ofizialean aurkeztu zen 2021ean[6], eta urte berean Gasteizko Cortada Jaialdiaren dokumentaleko film labur onerari saria lortu zuen.[7][8] Filma, jaialdi desberdinetan lehiatzen jarraitzen du, izan ere 35 nominazio izan ditu jada, besteak beste Kolonbiako Bogoshorts jaialdian, Biarritzeko FIPADOC[9] eta Missoulako Big Sky Documentary Film Festivalean[10][11]. 2022ko abenduan Forqué Sarietan eta 2023ko otsailean Goya Sarietan[12] lehiatzeko aukera du filmak.[10][13][14]
- 2021an, Gasteizko Cortada Jaialdiaren dokumentaleko film labur onena.
- 2022an, Huhezinema jaialdian, Mundukide saria.[15][16]
Erreferentziak
Kanpo estekak