Urtze-entalpia estandarra (ikurra: ), urtze-bero gisa ere ezagutzen dena, substantzia baten mol batek egoera solidotik likidora, edo alderantziz, igarotzeko xurgatu edo kanporatu behar duen bero-energiaren kantitatea da. Urtze-bero sor edo urtze-entalpi aldaketa ere deitzen zaio, eta aldaketa hau gertatzen den tenperaturari urtze-puntu deritzo.
Likido edo solido bati energia termikoa kentzen zaionean, bere tenperatura jaitsi egiten da modu konstantean, eta energia eransten zaionean, tenperatura igo egiten da. Hala ere, solidoaren eta likidoaren arteko trantsizioan (urtze-puntuan alegia), aparteko energia-kantitate bat behar da aldaketa gertatzeko (urtze-entalpia). Hortaz, likidotik solidora igarotzeko, substantzia baten molekulak ordenatuago agertu behar dira, eta horretarako aparteko bero-kantitatea erauzi behar zaio; beste zentzuan ere, solidotik likidora igarotzeko aparteko beroa gehitu behar zaio.
Aurrekoaren adibide bat uraren izoztean beha daiteke. Giro-tenperaturan dagoen ur-ontzi bat ingurune oso hotz batean sartzen bada (esaterako, −20 °C-eko tenperaturan), uraren tenperatura modu konstantean jaisten da justu izozte-puntuaren (0 °C) azpitik egon arte. Une horretan tenperaturak apur bat gora egiten du berriro, eta maila berean eusten dio ura kristaltzen den bitartean. Behin ura erabat izoztu ondoren, tenperaturak jaisten jarraitu du.
Urtze-entalpiaren ondorioaz, tenperaturak jaisteari uzten dio izozte-puntuan (edo pixka bat azpitik). Urtze-entalpiaren energia erauzi behar zaio likidoari (likido solidotu egin behar da) tenperaturak jaisten jarraitu ahal dezan.
Urtze-entalpiaren unitateak hauek dira:
- Joule moleko (SIren unitatea)
- Kaloria gramoko (egun gutxi erabiltzen den unitate zaharra)
Substantzia arrunten erreferentzia-balioak
Substantzia | Urtze-entalpia (cal/g) | Urtze-entalpia (kJ/kg) |
Ura | 79,72 | 333,55 |
Metanoa | 13,96 | 58,41 |
Etanoa | 22,73 | 95,10 |
Propanoa | 19,11 | 79,96 |
Metanola | 23,70 | 99,16 |
Etanola | 26,05 | 108,99 |
Glizerola | 47,95 | 200,62 |
Azido formikoa | 66,05 | 276,35 |
Azido azetikoa | 45,91 | 192,09 |
Azetona | 23,42 | 97,99 |
Bentzenoa | 30,45 | 127,40 |
Azido miristikoa | 47,49 | 198,70 |
Azido palmitikoa | 39,18 | 163,93 |
Azido estearikoa | 47,54 | 198,91 |
Taula honetan cal/g eta kJ/kg artean egin den bihurketak kaloria termokimikoa erabiltzen du (calth = 4.184 joule), ez International Steam Table-ko kaloria (calINT = 4.1868 joule).
Ikus, gainera
Kanpo estekak