Trieste (friulieraz: Triest) Italiako ipar-ekialdeko hiria da, Friuli-Venezia Julia eskualdeko hiriburua, Esloveniako mugaren ondoan: hegoaldean, Koper udalerri esloveniarra dago, eta ekialdean, Sežana eta Divača herrikideak.
2004an 207.069 biztanle zituen (2.479 biz./km2), eta 204.234 berriz 2017an. Herrialdeko 15. hiririk populatuena da.
K.a. II. mendean Tergeste izena hartu zuen Erromatar Inperioaren garaian. Erromatarren kolonia izan zen K.a. 177tik aurrera. K.a. 33. urtean Augusto enperadoreak portua eraikitzeko agindua eman zuen. Erromako Inperioa deuseztatu zenean, Istriako eskualdean geratu zen.
Merkataritza (jarduera handiko portua da; 26.304.000 tona 1983an) eta industria (ontziolak, petrolio findegiak, kimika industria, altzairugintza, metalurgia, janari industria, papergintza, ehungintza) ekonomi jarduera nagusiak dira.
Ondasun nabariak
Garai askotako monumentuak kontserbatu ditu. Aipagarriak dira erromatarren garaiko anfiteatro eta atearen hondakinak, XI-XIV. mendeetako San Giusto katedrala, 1343ko kanpandorrea, XV-XVI. mendeetako gaztelua eta XVIII-XIX. mendeetako etxe eta jauregi barroko eta neoklasiko ugariak.