Touria Chaoui (Fez, Maroko, 1936ko abenduaren 14a – 1956ko martxoaren 1a) marokoar hegazkinlari izan zen. 16 urterekin, Marokoko lehen emakume pilotua izatera heldu zen.[1]
Gaztaroa
1936ko abenduaren 14an jaio zen Marokoko Fez hirian. Lehen hezkuntzako ikasketak nazionalisten esku zegoen An-Najahn ikastetxean egin zituen, 1949an amaituz. Bigarren Hezkuntzan eta takigrafia arabiarreko ikastaroetan jarraitu zuen 1949an Tunisiara bizitzera joan zen arte. Touriak interes berezia erakutsi zuen aeronautikaren munduan txikitatik.
Hamahiru urte zituela, paper txiki bat izan zuen André Zwobada zinemagile frantsesaren La Septième porte ( Zazpigarren atea) filmean, eta idazlea, zuzendaria eta aktorea zen Abdelwahed Chaoui bere aitaren laguntzarekin garatu zuen.
Ibilbidea
Abdelwahed Chaouik alabaren asmoen alde egin zuen, Casablancako Tit Mellil eskolan matrikulatzeko orduan, nahiz eta hasieran zaila izan, Maroko babesletza-egoeran zegoelako eta ikasketa horiek garai hartako elite frantsesarentzat eta gizonentzat bakarrik zirelako.[2] Azkenik, 1952an, hamasei urterekin, Marokoko lehen emakume pilotua izatera heldu zen, eta mundu arabiarreko bigarrena, Lotfia Elnadi egiptoarraren ondoren.[3]
Historian zehar, hainbat emakume izan dira aeronautikaren alorrean jardun nahi izan dutenak, hala nola Amelia Earhart ikonikoa, Geraldine Hardman[4] eta Alia Twal [5], Jordania aldeko lehen emakume hezitzailea.
Gaur egun, emakume asko ari dira prestatzen, Amelia Earhart Memorial Scholarships and Awards (AEMSF) bezalako erakundeei esker.[6]
Touriak goiz lortu zuen titulua pilotu gisa, eta zorionak jaso zituen, batez ere emakumeez osatutako erakundeetatik. Argazki autografiatuak ere jaso zituen, hala nola Jaqueline Auriolena, proba-pilotua eta Vincent Auriol presidente frantsesaren erraina izan zenarena.
Mohammed V erbestetik Marokora itzuli zenean, Touria Touarga auzora itzuli zen, hegan, ongietorriko panfletoak askatuz. Ondoren, Sultanak eta Aicha eta Malika printzesek harrera egin zioten Rabateko errege-jauregian.
Heriotza
1956ko martxoaren 1ean, gizarte-laneko elkarte batetik itzuli zenean, bere familiaren etxearen aurrean hil zuten, buruan tiro eginda. Ahmed Touili bota zioten errua.[7]
Zenbait teoria izan ziren, eta horietako batzuk garai hartan emakumeek heuren eskubideen alde egiten zutenean jasaten zuten egoera babesgabeari buruzkoak ziren, edota, Ahmed maiteminduta zegoela Touriaz. Azkenik, benetako arrazoiak ez ziren inoiz argitu.
Erreferentziak
Kanpo estekak