Titikaka aintzirak 8.372 km²-ko eremua du; 4.772 km²-ko azalera Perukoa da, eta gainerakoa (3.790 km²) Boliviakoa. Sakonera handiena 281 m-koa da[3] eta kostaldeetan sakonera txikiko badiak zabaltzen dira.
Aintzira ia banandurik dauden bi ur-eremuz osaturik dago, Tiquinako tartean lotzen direnak. Tarte honek 800 metroko zabalera du tokirik estuenean. Ur-eremu zabalena, Lago Grande edo Lago Chucuito, batez beste 135 metro sakon da (gehienezko sakonera 281 m). Ur-eremu txikiena, Lago Pequeño edo Lago Huiñaimarca (kitxuaz, Wiñay Marka) deitua, batez beste 9 metro sakon da (gehienezko sakonera 40 m).
Titikakaren betebide nagusia bost ibai dira: Ramis, Coata, Ilave, Huancané eta Suchez ibaiak. Haiei ura euritatik eta Andeetako glaziarrak urtzetik datorkie. Beste 20 ibaik edo ura isurtzen diote. Aintziran biltzen den ur gehiena (% 90 inguru), ordea, lurrundu egiten da eguzki irradatzearen indarragatik eta goi-ordokiko haize lehorrengatik. Aintziraren hegoaldetik Desaguadero ibaia irteten da eta Boliviako Poopo aintziraraino eramaten du ura.
Uharteak
Titikakan 41 uharte daude, batzuk biztanle kopuru handikoak. Hauek dira nagusiak:
Perun: Amantaní, Anapia, Campanario, Uros (kanaberaz egindako uharte artifiziala), Soto, Suasi eta Taquile.
Titikakako klima garaiera handiko azpitropikalaren eta alpinoaren arteko ezaugarriak ditu. Urte guztiko tenperaturak freskoak edo hotzak dira. Urteko pilatutako prezipitazioa 610 mm-koa da, eta gehiena udako ekaitz erauntsietan jasotzen da.
Titikakako landare bereizgarrenetako bat totora (Schoenoplectus californicus) da, uru etniakoek txalupak egiteko baliatzen dutena[5]. Myriophyllum elatinioides (hinojo llacho), Zannichelia palustris (siji llacho) eta Elodea potamogeton (yana llacho) murgildutako landareek llacho deitutako formazioa osatzen dute. Beste ur-landare batzuk Azolla filiculoides, Lemna gibba eta puruña (Chara sp.) alga dira[6].
Altiplanokoiktiofaunak taxonomia-aniztasun txikia du. Bertako espezie autoktonoak hiru generotakoak dira: Orestias, Astroblepus eta Trichomycterus. Orestias generoa Peru, Bolivia eta Txileko garaiera handiko aintziretan eta haietara isurtzen diren ibaietan endemikoa da. Genero horretako 23 espezie (tartean beharbada galdurik dagoen Orestias cuvieri[7]) Titikakaren arroan baino ez dira aurkitu. Arrantza komertzialean karachia (Orestias luteus) eta ispia (Orestias ispi) garrantzitsuenak dira. Haiez gain, populazio handiak dituzten espezie sartu batzuk, hala nola ortzadar-amuarraina (Oncorhynchus mykiss) eta pejerreya (Odontesthes argentinensis) ere ustiatzen dira[8].
Bertan Amerikako kulturarik zaharrenetakoak sortu ziren. Hegoaldeko kostaldetik hurbil Tiahuanaco hiriaren hondakinak daude. Tradizioaren arabera, Sol edo Titikaka uhartean (aintzirako uharterik handienean) sortu zen inka herria[10].
Demografia
Aintziraren bazterretan aimara, kitxua eta uru etnietako kideak bizi dira. Puno (Peru aldean) eta Guaqui (Bolivia aldean) aintziraren ertzeko hiri nagusiak dira. Beti ere, landa inguruko biztanleria hirietakoa baino ugariagoa da.
Titikakaren arroak osotara 2.054.622 biztanle ditu: 1.132.378 peruar aldean eta 922.244 boliviar aldean, era honetan banatuak:
Bolivia
Eliodoro Camachoko probintzia:
Puerto Acosta: 27.296 bizt.
Mocomoco: 13.950 bizt.
Puerto Carabuco: 16.499 bizt.
Omasuyoseko probintzia:
Achacachi: 70.503 bizt.
Ancoraimes: 15.199 bizt.
Los Andeseko probintzia:
Pucarani: 26.802 bizt.
Laja: 16.311 bizt.
Batallas: 18.693 bizt.
Ingaviko probintzia:
Guaqui: 7.552 bizt.
Manco Kapaceko probintzia:
Copacabana: 14.586 bizt.
Tito Yupanki: 2.213 bizt.
San Pedro de Tikina: 6.093 bizt.
Aintziraren ertzean ez dauden probintzietako herriak: