Teruel Existitzen Da! (gaztelaniaz eta ofizialki, ¡Teruel Existe!, TE) 1999an sorturiko herritarren koordinakunde bat da, hainbat plataforma ezberdinetatik sortu zena, horien artean Burdinbidearen Defentsan, Osasun Garraio eta Helikopteroaren Alde eta Osasun Mentalaren Alde plataformak zeuden.[1][2] Plataformaren helburua AragoikoTeruel probintziarentzat onurak lortzea da, hala, Espainiako beste probintziek dituzten baliabideak izan ditzan.[1][2]
Plataformaren sorrera XXI. mendearen atarian Teruelek zuen egoera tamalgarriaren ondorioa izan zen, probintzia honek ez baitzuen autobiderik eta gainera, bere trenbide bakarra egoera kaskarrean zegoen: norabide bakarrekoa zen, argindarrik gabekoa eta deskarrilatzeak behin baino gehiagotan jazo ziren (azken urtean zortzi aldiz). 2019ko azaroaren 10eko Espainiako hauteskunde orokorretan plataformak inoizko arrakastarik handiena izan zuen, Diputatuen Kongresuan ordezkari bat eskuratu baitzuen eta Senatuan bi. Hauteskunde horietara hautesleen elkarte gisa aurkeztu zen.
2019ko azaroko hauteskundeak
Arazoa lehenagotik zetorren arren, Espainian XXI. mendearen hasieran probintzia ugarik populazioaren jaitsiera nabarmena pairatu zuten, baita Nafarroak ere. Populazio gehien galdu zuten probintzietako bat Teruel zen eta 2019an probintzia horietan manifestazioak egin ziren Espainia hutsa izena jasotzen zuten lurraldeak salbatu zitezela eta bertara beharrezko baliabideak heldu zitezela eskatzeko.[3] Elkarretaratze horiek arrakasta nabarmena eduki zuten eta hala, Teruel Existitzen Da plataformak hauteskunde orokorretara aurkeztea erabaki zuen, hautesleen elkarte gisa, alderdi politiko arrunt eta tradizionaletatik erabat desberdinduta. Plataformak 6781 abal eskuratu zituen, hauteskunde-legeak eskatzen zituenak halako sei eta hortaz, Teruelgo probintzian hautagaitza bat proposatu zuen, Diputatuen Kongresurako.[4] Hautagaitza horrek Tomás Guitarte zuen buru, berrogeita hemezortzi urteko arkitektoa. Manuel Gimeno eta Ana Asunción Balaquerrek osatu zuten Diputatuen Kongresurako hautagaitza eta Senaturakoa, Joaquín Egea, Beatriz Martín eta Alba Polok bete zuten.[5][6]
2019ko hauteskunde orokor horietan Teruel Existitzen Da izan zen indar bozkatuena eta horrela, Kongresuan Guitarteretzat eserleku bat lortu zuen eta beste bi Senatuan Egea eta Martínentzat.[7]