Erlijioan oinarritutako heziketa zorrotza izan bazuen ere, Frantzian bizi izan zen urteek (1800-1809) eragin handia izan zuten Pellicorengan, eta ideia liberaletara jo zuen. Milana itzuli ondoren Francesca da Rimini (1815) tragedia idatzi zuen. Madame Staël, Schlegel eta Byron ezagutu zituen. Erromantizismoaren inguruko artikulu batzuk idatzi zituen Il Conciliatore egunkarian. Kartzelan sartu zuten Carbonari taldeko kide izateagatik eta heriotza-zigorra eman zioten (1820). 1822an heriotza-zigorra kendu eta hamabost urteko kartzela eman zioten. Hamar urte igaro zituen presondegian, Venezian eta Spielbergeko gazteluan. Kartzelatik atera ondoren Turinen jarri zen bizitzen, eta Le mie prigioni (1832, Nire kartzelak) oroitzapen-liburua argitaratu zuen.