Shalimarreko lorategiak (punjabieraz eta urduz: شالامار باغ, Shālāmār Bāgh) 1641 eta 1642 artean Punjab probintziako Lahore hirian eraikitako eraikuntza multzo historikoa da. Lorategiak hiru mailetako terrazetan antolatzen dira. Guztian, 410 iturri eta 5 ur-jauzi daude.[1] Lore eta landareen ugaritasuna handia da.
Etimologia
Anna Suvorova Errusiako Zientzia Akademiako Ekialdeko Ikasketen Institutuko irakaslearen arabera litekeena da "Shalimar" hitzaren jatorria «al-sha'imarât» (شاه العمارات ) -eraikinen erregea- arabierazko esalditik etortzea, denborarekin, edertasun handiko lorategiaren sinonimo bihurtu dena.[2] Ikerlariaren ustez, hitza ezin da sanskritotik etorri, gobernari musulman batek ez lukeelako inoiz hitz bakar bat ere erabiliko hizkuntza horretan errege-lorategi bat izendatzeko.
Deskribapena
Lorategiak beheranzko hiru terraza mailakatu handitan daude, pabiloiekin, eta urmael artifizialetan atxikitako urak hartzen duen eremu handi batekin. Egitura horri esker, ur-jauziak sortu ahal izan ziren. Ubide multzo baten bidez, hormak nitxo txikiekin zulatuz isurtzen diren ur-jauziak eratzen dira. Bi terrazak oinplano karratua dute, gurutze batez lau zatitan banatuta. Erdiko terraza, berriz, angeluzuzena da, eta pabiloi eta kioskoz inguratutako urmael batek hartzen du.
Historia
Mogol dinastiako Shah Jahan enperadore musulmanak eraikitzeko agindua eman zuen.[1] Enperadoreak haren emazte faboritoaren oroimenez eraiki zuen, Mumtaz Mahal zeina hamalaugarren semea erditzerakoan hil baitzen.
1981. urtean UNESCOk Lahoreko gotorlekuarekin batera Shalimarreko lorategiak Gizateriaren Ondarea izendatu zuen.[3] Zoritxarrez, 2000. urtean lehenbizi, 2012an berriro ere, arriskuan dauden Gizateria Ondarearen zerrendan sailkatu zituen.
Galeria
Erreferentziak
Kanpo estekak