Servio Sulpizio Kamerino Kornuto (latinez Servius Sulpicius Camerinus Cornutus), erromatar kontsula izan zen K.a. 461ean Publio Volumnio Amentino Galorekin. Ziuraski, K.a. 500ean kontsul izan zen izen bereko Servio Sulpizio Kamerinoren semea, eta, beharbada, Kinto Sulpizio Kamerino Kornuto tribuno kontsularraren aitona.
Servio Sulpizio Kamerino Kornuto, kontsul izan zen Terentilia Arsa legea bigarren aldiz aurkeztu zenean. Lege honen aurka, baina, patriziarrek gogor egin zuten, arrakastaz, K.a. 454an, Greziara, estatu greziarrekin zerikusia zuten legeei buruzko informazioa biltzeko hiru enbaxadore bidaltzea erabaki zen arte. Servio Kamerino izan zen horietako bat, Dionisio Halikarnasokoak kontatzen duenaren arabera, Tito Liviok Publio deitzen duen arren. Enbaxadoreek, hiru urte eman zituzten grezian, eta, itzultzean, Kamerino, K.a. 451ko dezenbiratoko partaide izendatua izan zen.
K.a. 446an, zalditeriaren buru izan zen Tito Kintzio Kapitolino Barbato eta Agripa Furio Medulinoren kontsulaldian, urte horretan, volskoen eta ekuoen aurka gertatu zen guduan.