Serra d’Or

Serra d’Or
Jatorria
Sorrera-urtea1959
IzenburuaSerra d'Or
Jatorrizko herrialdeaEspainia
Ezaugarriak
Hizkuntzakatalana
Historia
Jasotako sariak

Serra d'Or kultur aldizkari bat da, katalanez idatzia eta Montserrateko monasterioak argitaratua. 1959ko urrian sortu zen gaur egungo formatuarekin. Hilero 8.000 bat ale banatzen ditu.[1]

Historia

Aldizkariaren hastapenak 1946an aurki daitezke, Montserrateko Ama Birjinaren tronuratze-festen aitzakian. Orduko egoera latzaren erdian, bilera bat egin zen zenbait intelektual katalanen eta Montserrateko beste zenbait abaderen artean. Garai hartan bi argitalpen zeuden Montserratek babestuta, bakoitza bere aldetik sortua: Germinàbit, haur kantari ohiek egina, eta Serra d'Or, monasterioko langileek sortua. 1959ko akaberan aldizkari biek bat egin zuten, Serra d'Or izenarekin. Horregatik, aldizkariak “2. aldia” jartzen zuen bere azaletan.[2] 1959ko urriko aleak ohar hau zeraman: “Gure lagunak hobeto zerbitzatzeko borondateak animatzen gaitu, guztiaren gainetik, bat egitera”.[3]

Hirurogeiko hamarkadaren hasieran, Serra d'Or oposizioko kabinetetzat jotzen den kulturaren esparruan, aniztasun ideologiko handia baitzegoen haren orrialdeen atzean. Berehala plaza bihurtu zen XX. mendeko bigarren erdiko intelektual katalanentzat, garai hartan kultur aktibismoa egiteko aukerak oso murritzak baitziren frankismoak ezarritako zentsuragatik, izugarri zorrotza. Zentsura ezezik, isunak ere piloa jaso zituen Serra d'Or aldizkariak, batez ere 1966 eta 1968a artean. Diktadura ostean, aldizkariak alboratu egin zituen gai politikoak, ez makurtzeagatik inongo alderdi politikoren aldera. Bere baitan joera guztietako kolaboratzaileak zituen.

Serra d'Or-ek izan nahi zuen kultura jazarri bateko tribuna, eta Espainiako Gerra Zibilaren ostean bilakatu zen hedapen zabaleko lehen aldizkari katalanez argitaratua. Idazle gazteei egindako deialdiaren ondorioz (zeina oraindik egiten baita 30 urte azpikoentzat) izen berriak agertu ziren, hala nola Montserrat Roig, Oriol Pi de Cabanyes, Carme Riera, Baltasar Porcel edo Terenci Moix. Idazle hauek, eta beste askok, Serra d'Or aldizkarian argitaratu zituzten beraien lehen artikuluak.

1964tik 1995era bitartean Maur Maria Boix fraideak zuzendu zuen aldizkaria. Eta haren ondoren, Josep Massot i Muntaner-ek. 1963a ezkero Jordi Sarsanedes izan zen bertako erredaktore-buru. Gaur egun, berriz, Marta Nadal.

Edukia

Hasieratik, literatura ezinbestekoa izan da Serra d'Or aldizkarian, letra ederren zabalkundeak edukien %50 bete izan du-eta bere orrietan. Hala ere, bestelako sailak ere izan ditu, hala nola, musika, antzerkia eta zinema; eta geroago, artea eta arkitektura.

Argitalpenaren barruan aurki zitezkeen elkarrizketak, irakurleen gaiak, iritzi zutabeak eta abar. Aldizkariaren helburua zen, eta da, bere garaiko lekukotasuna ematea eta jasotzea nolako ekarpen egiten diren literaturan, kritikan, dibulgazio historikoan eta gizarte-zientzien ikasketetan. Era horretan, aldizkaria erreferente nabarmen bilakatu zen.

Maiz Serra d'Or aldizkariak ale bereziak egin ditu, bi eratakoak: pertsona nabarmen bati eskainitakoak, eta Kataluniako lurralde baten ingurukoak, kasu honetan agerian jartzeko zenbait lurralderen gabeziak-eta edo garrantzia.

Aldizkariaren azalak ere ikusgarriak izan dira, eta beroiek egiten Kataluniako artista askok hartu dute parte.

Giza-taldea

Bere erredakzio-kontseiluan jende ezagun askok hartu du parte: Antoni Maria Badia i Margarit, Oriol Bohigas, Ramon Bastardes, Sebastià Benet, Josep M. Bricall, Max Cahner, Jordi Carbonell, Josep M. Castellet, Alexandre Cirici, Joan Colomines, Xavier Fàbregas (Joan Triadú ordezkatu zuena), Joaquim Molas, Miquel Porter i Moix, Antoni de Rosselló, Josep Termes, Francesc Vallverdú, Jordi Ventura i Subirats eta Francesc Marc Àlvaro, besteak beste.

Serra d'Or Kritika sariak

1960. hamarkadan Serra d'Or Kritika sariak ezarri ziren, modalitate hauetan: nobela, ipuinak, poesia, itzulpena, litaratur kritika eta antzerkia.

Erreferentziak

  1. «Publicacions de l'Abadia de Montserrat» web.archive.org 2012-01-17 (Noiz kontsultatua: 2024-12-15).
  2. (Katalanez) Catalunya, Universitat Oberta de. Serra d'Or (1959-...) - lletrA - La literatura catalana a internet. (Noiz kontsultatua: 2024-12-15).
  3. (Katalanez) Cervantes, Biblioteca Virtual Miguel de. «Serra d'Or. Any I, núm. 1, octubre 1959» Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes (Noiz kontsultatua: 2024-12-15).

Kanpo estekak