Santiago Andrés Maldonadoren desagerpena 2017ko abuztuaren 1ean gertatu zen, Cushamengo lof maputxean egindako manifestazioaren ondotik ustez atxilotua izan eta gero, Chubuteko probintzian.[1] Atxiloketa hori Argentinako Jendarmeria Nazionalak egin zuen, Patricia Bullrich Segurtasuneko ministroaren aginduz. Gobernuaren funtzionarioek egindako desagerpen behartu bat dela aipatu izan da.[2][3][4] 2719 egun daramatza desagertuta.
Santiago Maldonado Buenos Airesko probintzian jaiotako artisau bat da. Orain hilabete batzuk Barilochetik gertu joan zen bizitzera. Jatorrizko herrien aldeko ekintzailea izanik, lurren inguruan egiten dituzten protestetan parte hartu du.[5][6]
Gertakaria
2017ko abuztuaren 1eko goizaldean, oraindik gaua zela, Jendarmeria Nazionala Cushamengo erresistentziako pu lofean sartu zen, indarrez, inongo agindu judizialik izan gabe. Ez da jakin ea zenbat polizia sartu ziren sarrerako atea bota eta gero. Gomazko pilotak eta berunezko perdigoiak jaurti zituzten, eta komunitatearen hainbat elementu erre. Kanpamentuan zeuden pertsona batzuk Chubut ibaira joan ziren, edo gertu zegoen baso batera.[7][8][9][10]
Salaketaren arabera, han zen Santiago Maldonado, Veinticinco de Mayo hirian jaioa eta gaur egun El Bolsón udalerrian bizi dena. Belarren artean ezkutatu zen, ez baitaki igeri egiten. Lekukoek diotenez, hainbat tiro entzun ziren, eta jendarmeetako batek «Bat daukat» esan zuen. Jendarmeak Maldonadoren ibilgailura gerturatu ziren, atzeko ateak ireki zituzten eta autoa inguratu zuten, inork ikus ez zezan zer ari zen gertatzen. Salaketaren arabera, Maldonado atxilotu zuten, eta auto horretan sartu.[11][12]
Erreferentziak
Kanpo estekak