Santa María de Santa Cruz de la Serós eliza bat da da, Huescako Pirinioetan kokatua, antzina beneditarren komentu izandakoa. Kokatzen da Jaka udalerrian, Santa Cruz de la Serós herrian, eta herri honen aragoierazko izenak adierazten duen bezala (Santa Cruz d'as Serors) serors horiek serorak dira, emakumezko mojak baitziren ez bakarrik bizilagunak, baizik eta kudeatzaileak ere.
Arkitektura
Eliza erromanikoa da. Seguruenik eraikin multzo handiago batetik geratzen den azken aztarna besterik ez da.
Latindar gurutzeko planta du elizak. Kanpoaldea harlanduzko harri-horma da. Barruan kapitel zizelkatu ederrak ditu. Nabe nagusiak kanoi ganga du sabaitzat, abside semiziekularrarekin. Transeptuaren gainean dorre garai bat altxatzen da, tronpa erako kupularekin koroatua. Arkitekturako elementu askok polikromia aztarnak dituzte, garai batean kolore biziz margotuak egon ziren seinale.
Semeno leinu nafarrarekin lotura
11. mendean eraiki zen. Hasieran, Aragoiko errege familiako emakumeen familiako monasterio bezala funtzionatu zuen. 1059. urtean bertan sartu zen Ramiro I.aren alaba gazteena, Urraka[2], eta 1070. urtekoa da hurrengo aipu dokumentatua, zeinean Antsa Oibarkoak, Ramiro I. erregeren ama nafarrak, lur batzuk ematen dizkion Ramiroren alaba eta bere biloba Antsa Remiritz Aragoikoari, Santa Maria edo Andre Mariaren elizarentzat izan daitezen hil ondorenean. Pertsonaia hauek Semeno leinu nafarrekoak ziren, Iruñeko erresuma eta Aragoikoa oso lotuak zeudelarik monasterio hau sortu zen garaian.
Monasterio eta elizan egon zen, hain zuzen, Antsa Remiritzen sarkofago ederra, zeina 1622 urtean Jakara eraman zuten, Las Benitas monasteriora[3]. 21. mendean sarkofagoan egindako ikerketa genetiko batean deskubritu zen bederatzi pertsonaren gorpuzkinak zeudela sarkofagoan, eta haien artean identifikatu ahal izan zituzten Antsa Oibarkoa eta bere biloba Antsa Remiritz[4].
Bibliografia
- Gitlitz, David M.; Davidson, Linda Kay (2000). The Pilgrimage Road to Santiago: The Complete Cultural Handbook. St. Martin's Press.
- González Miranda, Marina (1956). "La condesa doña Sancha y el Monasterio de Santa Cruz de la Serós". Estudios de edad media de la Corona de Aragón. 6: 185–202.
- Mann, Janice (2009). Romanesque Architecture and Its Sculptural Decoration in Christian Spain, 1000–1120: Exploring Frontiers and Defining Identities. University of Toronto Press.
- Ubieto Arteta, Antonio, ed. (1966). Cartulario de Santa Cruz de la Serós. Valencia.
Erreferentziak
Kanpo estekak