San Andres elizaMutrikukoAstigarribiako eliza katoliko txiki bat da. Gipuzkoako eliza zaharrenetariko bat da, arte prerromanikoaren aztarnak erakusten dituen bakarrenetarikoa. Eliza honetan ikus daitezkeen elementuak Gipuzkoako bakarrak dira. Elizaren ezaugarri handienetarikoa absidean kokatzen den ferra-arkuzko leiho bikoitza da. Donejakue bideko Ondare Kulturala bezala izendatuta dago.[1]Luis Pedro Peña Santiagoren arabera eliza hau "Euskal Herriko arkitekturako bitxietariko bat dugu".[2]
Deskribapena
Eliza txiki honek berezitasun bat erakusten du: eraikuntzaren barruan beste bat dago, biak 3,5 metro zabalerako pasillo perimetralez bananduta. Kuriositate arkitektoniko hau elizaren inguruan zegoen atariaren ixtearen ondorioa izan da. Kanpoko eraikuntzaren buruan ferra-arkuzko leiho bikoitza ikus daiteke; egitura hori prerromanikoa da eta batzuetan ere bisigotikoa izan zitekeela esan da. Eraikuntza zaharreko leiho hori ondorengo eraikuntzan aprobetxatu zen.
Gaur egungo eraikuntzak solairu laukizuzena du. Teilatua bi isurkikoa da eta bi alturetan. Habearteak zurezko egituraz estalia dago eta haren gainean teilatua egin zen. Sarrera atari zabal batetik egiten da; haren eskuinean espazioa bat dago non eskolak ematen ziren garai batean. Gainean kanpandegia dago. Kanpandegia eraikuntza laukidun txikia da, XVIII. mendearen amaieran kareharriz egina; XIX. mendean bertan erloju bat jarri zen.
Elizaren aldare nagusiaren aldean azpian kanpoko hilerria dago, Astigarribia auzoko biztanleek erabilia.
Lehen aipamena
Eliza hau aipatzen duen lehenengo dokumentua 1080. urte ingurukoa da eta bertan Lope Enekoitz kondeak tenplu hori Donemiliaga-Kukulako monasterioari ematen dio. Dokumentuak honela dio: "..monasterio S. Andree apostoli et vocato Stigarrivia, inter Vizcaya et Ipuzcua sito, qui est ex parte regis...".Dena den, eliza zaharragoa da, aldarearen atzealdean ikusten den leihoetako bat prerromanikoa baita. Are gehiago, bada historialaririk erromatar idazleek aipatutako Tritium Tuboricumbarduliarren herrixkarekin lotzen duenik.
1025 eta 1075 artean: urte horietan lehenengo eraikuntza altxatuko zen. Ez daude datu zehatzak baina eliza txikia izango zen. Ferra-arkua garai horretakoa izango zen.
1080 edo 1086: Lope Enekoitzek, Tiklo emaztearekin batera eliza Donemiliaga Kukularen monasterioari ematen diote. Enekoitz Alfontso VI.a Gaztelakoa erregearen tenientea zen Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian. 1091an donazioa berriro ere baieztatu zuen. Dokumentuetan inguru horretan populazio handia eta monasterioa zegoela susma daiteke.
1108: Baionako Apezpikuak eliza kontsakratu zuen. Ziur aski kontsakrazio hori emateko elizan konponketak edo lan handiak egin behar izan ziren aurretik.
XIII. mendean: atari perimetrala edo elizpea egin zen. Atari hori hormez itxiko da geroago gaur egun ezagutzen dugun pasilloa sortuz.
XVIII. mendean: habea handitu egiten da. Horretarako pasillotik eliza bereizi egiten zuen horma bota zuten. Koroa, atariko sarrera eta kanpandegia egiten dira.
XIX. mendean: eskola moduan erabiliko zen espazioa egokitu zen. Kanpandegian erlojua jarri zen. Nekropolia elizatik kanpo ireki zen.
XX. mendean: eliza berreskuratzeko bi kanpaina egin ziren, bata 1969an, ondo dokumentatu gabe, eta bestea 1990ean; azken hau Jose Urkolak zuzendu zuen eta oso ondo dokumentatuta dago.