Salerosketa kontratu

Salerosketa kontratu orokorraren eredua

Salerosketa kontratua (latinez: emptio venditio),  adostasunezkoa, aldebikoa eta kostubidezko kontratu tipiko bat da. Hari esker, alderdietako bat (saltzailea) beste alderdiaren alde (eroslea) zerbait ematera lotzen da diruzko prezio baten truke.[1]

Garrantzi ekonomiko-soziala

Salerosketa, aberastasuna trukatzeko biderik eraginkorrena eta praktikoena da. Txanponaren sorrerak berarekin ekarri zuen salerosketa kontratuaren sorrera, ordainen balio ekonomikoa errealismo gehiagorekin zehaztuta, ikuskera primitiboak alderdiei, abereen edo pekuniaren balioen hurbilpen bat besterik ez baitzioten ematen, baina ez monetaren zehaztasunarekin.

Esangura juridikoa

Ikuspuntu juridiko batetik aztertuta, salerosketa kontratua, ondare obligazioak sortzen dituzten kontratuetatik garrantzitsuena eta esanahi dogmatiko zabalena duena izateaz gain, orokorrean, gainontzeko kontratuak gauzatzeko eredua da (bere arau nagusiak aplikatuko dizkiogu permutari; funtseko aldaketa hauek jasango ditu dohaintzak, salerosketara joko dugu, baita ere, mutuo-kontratua, sozietate kontratua, transakzioa eta biziarteko errentaren zenbait berezitasun azaltzeko).

Arrazoiz esan izan ohi da Zuzenbidearen adar bakoitzak bere oinarrizko instituzioak dituela, sistema osoarekiko ustezko erreferentzia eta ordenazio gako bezala jarduten dutenak. Zuzenbide kontraktualean, salerosketa kontratua oinarrizko instituzio horietako bat da. Kontratu hau aldebiko-kontratuen kontratu tipoen mailara igota, salerosketa kontratuaren berezko arauak elkarrekiko prestaziozko kontratu guztietara zabaldu dira, non bere arazoak lehenengoz salerosketan nabarmendu zirelarik aldebiko kontratu zaharrena eta ohikoena bezala, eta horregatik da legegileak zehaztasun handienaz eta arreta gehienez eratu duen kontratua.

Salerosketa esamoldearekin ezaugarri esanguratsu bat aipatzen da. Salmenta hitza eta erosketa hitza batuta daude eta soilik unitate kontzeptual beraren bi aspektu  irudikatzen dituzte. Are gehiago, salmenta soilik esan genezake edo erosketa esan genezake, aurrenengoak bigarrena ekartzen duelako korrelatiboki, eta alderantziz. [2]

Garapen historiko kontzeptuala

Doktrinak, salerosketa kontratuaren garapen historikoa definitutako fase ezberdinetan kokatu ohi izan du, negozio erreal batetik hasita adostasunezko negozio batera, obligazio sortzaile soil edo jabariaren eskualdatzaile bezala. Errealitatean, gertatzen dena da, salerosketa kontratuaren eboluzio historikoak, kontzeptuen mailaketa bat eskaintzen digula praktikan existitzen diren aukera ezberdinekin bat egiten dutenak, momenturo jokoan dauden interes ezberdinei babesa eskaintzeko orduan. Ikus ditzagun jarraian fase ezberdin horiek:

1.º)  Negozio juridiko honen eboluzioaren aurreneko fasea, antzinako erromatar zuzenbidetik datorrena eta errepublikar garaia amaitu arte irauten duena, salerosketaren eredu erreal edo manual bat osatzen du, gauza entregatzearen bitartez perfekzionatzen zena, bai modu solemne batean (ex mancipatio), bai modu ez solemne batean (ex traditio). Eskura ordaintzen den salerosketa da, objektu eta diru kantitate zehatz baten arteko trukezko ekintza zorrotz bat ordezkatzen duena. Caveat emptor arau zaharra, salerosketaren arauketa juridikoko aurreneko faseetan agertzen dena, baita Zuzenbide alemaniarrean ere (Augen oder Purse auf) eta Zuzenbide ingelesean (let the buyer beware), eskura ordaintzen diren negozioen nagusitasunean eratzen da (cash-and-carry-bargains).

Hala ere, trafikoaren beharrek babes handiagoa jasotzen dute salerosketa manualean aldebiko prestazioak dagokion obligazioa betetzeari erantzun behar diolako. Horregatik, Zuzenbidearen eboluzioa eskura ordaintzeko eta prestazio efektiboen errekonozimendua truke egintza bezala bere eraginkortasunagatik soilik kalifikatu ez zenera, baizik eta bere elkarrekikotasunagatik obligazio batzuekin epaituak izan behar zutela, non hauen burutzea edo betetzea geroratua gelditu ahal izan zitekeenera bideratu zen. Salerosketa manualak azkar erakutsi zuen adostasunezkoa bihurtzeko gaitasuna.

2.º) Hori dela eta, izaera primitibo horrek onartuko du, geroago, alderdiek gauzaren ematea edo ordainketa ondorengo momentu baterako geroratu ahal izatea, honek, saltzailearen alde jabaria erreserbatzea bezalako hainbat figura eratzea ekarriko du. Honelako supostuan, lengoaia juridikoak zailtasunez itzultzen edo adierazten duen errealitate ekonomiko bat existitzen da. Entregatua izan dena gauza bada, zaila izango da ez agertzea joera indartsu bat uste duena saltzaileak oraindik entregatua izan den gauzaren jabetza duela; aurrez entregatua prezioa izan bada, indar handiz agertzen den joera eta uniformetasun eta izaera orokorrez, Zuzenbidearen historian, Zuzenbide konparatuan eta gaur eguneko praktika profesional bertan, eroslearen figurari  berme eskubide baten titular izaera ematean oinarrituko da, oraindik eskuratu ez duen jabetzarekiko. Garrantzitsua da, kasu honetan, salerosketa berak adostasunezko izaera duela.

3.º) Hirugarren fasea, Erromatar zuzenbide klasikoari dagokiona, adostasunezko salerosketarena deritzona (jada ez delako eskura ordaintzen) eta obligaziozkoa (obligazioak sortzen dituelako baina oraindik ez dituelako bere kabuz efektu xedagarri edo traslatiborik sortzen) da. Salerosketa kontratu honetan saltzailea eta eroslea lotuta agertzen dira obligazio perfektuengatik baina oraindik betetzeko daude.

Eredu honetan, emptio venditio-a perfekzionatu egiten da, kontratugileen adostasun hutsagatik, non alderdiek gauza eta prezioa adosten duten unetik, negozioa, obligazioak sortzen dituen tresna bihurtzen den ondorio barka ezina dakarrena. Honela biak behartzen ditu: saltzailea gauza entregatzera eta eroslea prezioa ordaintzera.

Hala ere, berez, salerosketak ez du berehalako modu  batean erositako gauzaren gaineko titulartasuna ematen. Beharrezkoa da kontratu perfektutik eratorritako entregaren obligazioa, traditioaren osagarriarekin konbinatzea, edukitza eskualdatzea, zenbait ordenamendu juridikoetan, ahalbidetuko da bere konfigurazioa kontratu abstraktu bezala, beste batzuetan erromatar konfigurazioa mantentzen den bitartean.

Egia da, dena den, obligazioen sortzaile soil den  adostasunezko salerosketa juridikoki egintza oso bezala agertzen da, naiz eta bere kabuz aski ez izan, duen helburu ekonomikoa lortzeko. Kontuan izan behar da, saltzailea ez zela behartzen jabetza transmititzera, baizik eta soilik gauza ematera eta eroslea horren edukitza baketsuan mantentzera. Honen zergatiak bikoitzak ziren. Alde batetik, gauza ez jabegarriak zeuden, eta bestetik, pertsona batzuek ezin zuten eskuratu dominium ex iure quiritium-a, peregrini-ak bezala. Horrez gain, uste zen salerosketa denentzako izan behar zela eta mota guzietako ondasunei aplikagarria izan behar zitzaiola.

Hala ere, erromatar zuzenbidearen eboluzioa bideratu zen, saltzaileak ez soilik edukitza transmititzeko, baizik eta jabetza ere bai. Testu klasikoek eta post klasikoek ez diote modu argi batean saltzaileari inposatzen jabetza transmititzeko obligazioa, gauza entregatzeko obligaziora soilik mugatzen dira.

4.º) Azkenik, garapen honen laugarren fase bat, garai kodegilean ezarria, arrunki adostasunezko salerosketa eta jabetzaren traslatiboa deritzona, frantziar eta italiar zuzenbide modernoez jarraitua. Hauetan, salerosketa ez da adostasun soilagatik perfekzionatzen, baizik eta berehala ematen da gauzaren jabetzaren eskualdaketa, hau da, bere perfekzioaren ekintzan, bere efektu translatiboen kontsumazioa lortu dezake. Bere perfekzioaren lorpen soilaz, bere kontsumazioa lortu dezake eroslea jabe bihurtzearen zentzuan.

Aipatzekoa da aurrez deskribatutako fase bakoitzaren gainditze historikoak ez dituela osotasunean gainditzen bere berezitasunak, baizik eta askotan iraun egiten dutela eta aplikatu egiten dira pentsatuak izan ez ziren egoera berrietan. Horregatik gertatzen da ordenamendu juridiko modernoetan, aldi berean aurkitu ditzakegula zuzenbide ezberdinetan jatorria duten arauak.[3]

Ezaugarriak

Adostasunezkoa

Kontratua, saltzailearen eta eroslearen adostasun soilaz perfekzionatzen da, bi alderdiek gauzatzen duten eskaintza eta eskariaren artean  prezio eta gauzaren gaineko lotura gertatzen denean.

Aldebikoa

Salerosketa, aldebiko kontratu sinalagmatiko bat da, hau da, ez ditu soilik saltzailearen eta eroslearen obligazioen sorrera gauzatzen, baizik eta horretaz gain, obligazio horiek elkarrekiko interdependenteak dira, bai haien sorreran ( <<sinalagma genetikoa>> ), eta baita kontratuaren bizi osoan zehar ( <<sinalagma funtzionala>> ). Kontratugile bakoitzaren obligazioak, kausa bezala du, hain zuzen ere, bestearen obligazioa. Saltzailea, gauza entregatzera lotzen da (eta entregatzearekin agindutakoa betetzen du) eroslea prezioa ordaintzera lotzen delako ( eta jokaera solutorioarekin betetzen du).

Kostuzkoa

Salerosketa kontratuak kostu-bidezko izaera du. Beti ondarezko esfortzu bat inplikatzen du bai  eroslearentzat eta baita saltzailearentzat ere, honek gauza entregatu behar baitu eta besteak prezioa ordaindu, beti prestazioen eskualdaketa bat ematen delarik. Horrek ez du esan nahi, ezinbestean, ikuspuntu objektibo batetik, bi prestazioek  baliokidea izan behar den balio bat eduki behar dutenik, ez eta ikuspuntu erlatibo batetik ere. Ondorioz, nahikoa da ikuspuntu subjektibo batetik kontratugileak baliokidetasun egoera hori antzematea.

Kommutatiboa

Salerosketak izaera konmutatiboa du orokorrean. Normalean edo kasu gehienetan, alderdi bakoitzaren prestazioak kontratua sortzen den momentuan bertan jasotzen dira eta saltzaileak entregatu beharrekoa eta erosleak ordaindu beharreko prezioa ez dira inoiz zoriaren eskutan uzten. Ala ere, badira ausazko izaera horrekin gauzatzen diren salerosketa mota batzuk, adibidez, etorkizuneko gauzaren salmenta edo eroslearen arriskuzko erosketa.

Funtsezkoa

Salerosketa kontratuaren funtsezko izaera nabarmendu ohi da, nabaria baita ez dela beste baten osagarria izan behar nahitaez. Aitzitik, gaur egun oso ohikoa da salerosketa kontratua, adibidez, erosleak prezioa ordaindu dezan finantziazioa erraztera edo bi alderdien obligazioen betetzea sendotzen duten garantiak osatzera bideratuta dauden kontratuez lotuta joatea.

Tipikoa

Bestalde, maila guztietako legeetan arautua aurkitu daitekeen heinean, kontratu tipiko bat da.[4]

Osagaiak

Salerosketa osatzeko elementu pertsonalak

Kontratu honen elementu pertsonalak bi alderdik osatzen dute: saltzailea eta eroslea. Gainera, biek eduki behar dute bere burua lotzeko eta kontratatzeko gaitasuna (heldutasuna).

  1. Saltzailea:  gauza edo eskubide baten jabetza beste pertsona bati eskualdatzea bere burua lotzen duen pertsona fisiko edo juridikoa.
  2. Eroslea: pertsona fisiko edo juridiko bat, saltzailearekin bere burua lotzen duena prezio zehatz bat dirutan ordaintzera bere jabetzara pasako den gauza baten truke.

Salerosketa osatzeko elementu errealak

Elementu errealak bi dira: gauza eta prezioa.

Gauza

Salerosketa kontratuaren objektu izan daitezke ondorengo betekizunak biltzen dituzten gauza eta eskubide guztiak:

  • Naturan existitu behar da. Etorkizuneko gauzak edo itxaropenezko erosketak ere izan daitezke kontratuaren objektu.
  • Zehaztua egon behar da, hau da, indibidualizatua, gauzaren ezaugarriak jasoz.
  • Determina daitekeena izan behar da, hau da, genero, kalitate, kantitate eta pisu edo neurri datuak bildu behar ditu.
  • Zilegizko komertzioaren barruan egon behar da. Gauzak komertziotik at egon daitezke haien izaeragatik eta legeak horrela dioenean.[5]

Honetaz gain, interes aurkatuak dauden supostuetan, kalte eta iruzur posibleak saihesteko hainbat debeku aurreikusten dira, kargu, funtzio edo influentzia jakinak dituzten pertsona batzuentzat, beste batzuen ondasunen gain (orokorrean salerosketarako gai diren arren).  Ezingo dute erosketaz eskuratu ezta enkante publiko edo judizialean, berariaz ez eta bitarteko pertsona baten bidez:[6]

  • Tutera karguan aritzen direnek, haien guarda edo babespean dauden pertsona edo pertsonen ondasunak.
  • Agintariek, administratzeko edo besterentzeko ardurapean dituzten ondasunak.
  • Albazeek, beraien eskutan utzitako ondasunak.
  • Enplegatu publikoek, administratzen dituzten Estatuko, Udaletako, herrietako eta establezimendu publikoetako ondasunak. Disposizio honek ere, edonola salerosketan parte hartu duten epaile eta perituei eragiten die.
  • Magistratu, epaile, Ministerio fiskaleko banakako, epaitegietako sekretario eta justizia ofizialek, haien funtzioak egikaritzen duten lurralde edo jurisdikziopean dagoen epaitegian auzitan dauden eskubide edo ondasunak ( hauek zesioz eskuratzea ere debekatuta dago). Debekua ere abokatu zein prokuradoreei helarazten zaie, haien kargua egikaritzean uziratuta dauden eskubide eta ondasunei dagokienez.

Prezioa

Erosleak eman behar duen prestazioaren parte bezala, prezioak ondorengo elementu hauek eduki behar ditu:

  • Ziurra, hau da, determinatua eta determinagarria izan behar da eta kontratua egitean nahitaez modu matematikoan eta zehatzean ezarri behar da.
  • Dirutan ordaindua, hau da, moneta legearen arabera, erabilera eta askatzeko boterea dituen moneta nazionalean izan behar da. Kontratuan hitzartu daiteke prezioaren zati bat dirutan ordaintzea eta beste zati bat espezietan ordaintzea, betiere dirutan ordaintzen denak espezietan ordaintzen denaren balio bera edo handiagoa duelarik.
  • Egiazkoa: ezin da itxurazkoa izan, hala balitz fikziozko kontratu edo donazio bat izango litzatekeelako.
  • Justua, hau da, balizkotasun logiko bat egon behar da saldutako gauzaren eta prezioaren artean, prezioen desproporzio bat baldin badago kontratua desnaturalizatzen baita.

Salerosketa osatzeko elementu formalak

Elementu formalei dagokienez, salerosketa kontratua, adostasunezko kontratu bat izateagatik adostasun soilaz perfekzionatzen da eta ez dago inongo forma betekizunetara lotua.

Eragin juridikoa: obligazioak sortzea

Saltzailearen obligazioak

  • Salerosketaren objektu den ondasuna kontserbatzea entregaren momentura arte.
  • Ondasuna erosleari entregatzea hitzartutako toki eta momentuan.
  • Erosleari edukitza baliagarri bat bermatzea.
  • Erosleari edukitze baketsu bat bermatzea.
  • Ebikzioari erantzutea.
  • Prezioaren ordainketa jasotzea.

Eroslearen obligazioak

  • Prezioa ordaintzea.
  • Geroratutako prezioa duen salerosketa edo atzerapen kasuan interesak ordaintzea.
  • Erositako ondasuna jasotzea.
  • Gauza egoera onean jasotzea.

Arazo posibleak

Saldutako gauzak eduki ditzakeen arriskuez ulertzen dira, hau partzialki edo osorik suntsitzea edo kaltetzea saltzailearen kulparik gabe (kulpa badago berak erantzungo baitu), salerosketa perfekzionatzen den unetik gauza entregatzen den arte. Argi eta garbi dago, perfekzioaren eta entregaren ondorengo arriskuak gauzaren jabeak jasango dituela, hau da, saltzaileak eta erosleak urrenez urren.

Gai honetan, oinarrizko alderdi bat artu behar da kontuan: salerosketa kontratuan bi obligazio independente daude:

  • Gauza entregatzea, non zorduna saltzailea den eta hartzekoduna berriz eroslea.
  • Prezioa ordaintzea, non zorduna eroslea den eta hartzekoduna saltzailea.

Kontratuaren objektu den gauza suntsitzen bada, erosleak ezin du egoera perfektuan jaso, gauzaren entregaren hartzekoduna den heinean, zordunaren aldetik betetzeko ezintasuna eutsi beharko lukeelako, honek kulparik edukiko ez balu.

Obligazio hau deuseztatuta geldituko litzateke, fisiko edo legalki  gauzatzea ezinezkoa izango litzatekeelako.

Eroslearen aldeko agerizko arrisku hau konpentsatua izan daiteke, prezioa oraindik ordaindu ezaren ondorio bezala aipatutako obligaziotik aske geratzen bada. Bigarren obligazioetan, arriskuak alderdietako zeinek jasaten dituen arazoan kokatzen gara. Bi aukera daude:

  • Prezioa ordaintzeko obligazioaz aske geratu dadila, non kasu honetan esaten da arriskua saltzaileak eusten duela.
  • Prezioa ordaintzera obligatuta jarraitzea, non kasu honetan esaten da arriskua erosleak eusten duela.

Ordenamendu ezberdinen eraentza

Espainia

Zuzenbide espainiarrean, salerosketa kontratua kode zibilaren laugarren liburuko laugarren tituluan arautzen da, zehazki 1445 eta 1537 artikuluan artean.

Bestalde, jabetza erreserba duen salerosketan, edukitzaren eskualdaketa kontratua perfekzionatzen den momentuan gauzatzen da, honela, jabetzaren eskualdaketa kondizio determinatu baten betekizunera baldintzatuta geratzen da.

Frantzia

Frantziar Kode Zibilak hirugarren liburuan, hau da, jabetza eskuratzeko moduei dagokion liburuan, seigarren tituluan arautzen du salerosketa. Titulu hori zortzi kapitulutan banatzen da eta horietan frantziar barne ordenamenduan eraenduta dagoen salerosketaren nondik norakoak ezartzen dira.

Alemania

Salerosketa kontratua, Alemaniar kode zibilaren 433 eta 479 artikuluen artean arautzen da.

Argentina

Argentinar Kode Zibil eta merkatalak hirugarren liburuan, hau da, Eskubide pertsonalei buruz hitz egiten den zatian, laugarren tituluan kontratuak arautzen dira. Salerosketa, aipatutako tituluaren lehen kapituluak arautzen du, eta aldi berean, hau zortzi sekziotan banatzen da.

Mexiko

Kode Zibil Federalaren 2248 eta 2322 arteko artikuluek arautzen dute salerosketa kontratua.

Zuzenbide mexikarrean salerosketa perfektua eta obligaziozkoa da alderdientzat arau orokor bezala gauzaren eta prezioaren gaineko adostasuna egon bada, gauza entregatu gabe eta prezioa ordaindu gabe egon arren.

Txile

Salerosketa kontratua, Txiletar kode zibilaren 1793 eta 1896 artikuluen artean arautzen da.

Erreferentziak

  1. «Compraventa». Enciclopedia jurídica. Noiz kontsultatua: 2018-03-13.
  2. BADENES GASSET, Ramón. El Contrato de Compraventa. 3. edizioa. José Mª Bosh, editor, S.A. Bartzelona 1995. ISBN 84-7698-355-7. p. 11.
  3. LLAMAS POMBO, Eugenio. La Compraventa. 1. edizioa. Wolters Kluwer España, S.A. Madrid 2014. ISBN 978-84-9020-338-5 p. 45-51.
  4. LLAMAS POMBO, Eugenio. La Compraventa. 1. edizioa. Wolters Kluwer España, S.A. Madrid 2014. ISBN 978-84-9020-338-5 p. 145-149.
  5. "TREVIÑO GARCÍA, Ricardo. "Los Contratos Civiles y sus Generalidades", Mc Graw Hill. 7. edizioa,. p. 93-94.
  6. BERCOVITZ RODRIGUEZ-CANO, Rodrigo (koordinatzailea), Autoreak: Pilar Alvarez Olalla, Rodrigo Bercovitz Rodriguez-cano, Pilar Cámara Águila, Lucía Costas Rodal, Carmen Pérez Conesa eta Rafael Sántsez Aristi. "Manual de Derecho Zivil Contratos". 3. edizioa. Bercal, S.A. Madrid 2011. p. 76-77.

Kanpo estekak