Sagu kontuak

Sagu kontuak
Audioa
[[Fitxategi:
"Sagu kontuak" liburuko pasarte bat
|260px]]
Datuak
IdazleaArnold Lobel
Argitaratze-data2000
GeneroaIpuinak
ArgitaletxeaKalandraka
HerrialdeaEuskal Herria
IlustratzaileaArnold Lobel
BildumaGaur egungo klasikoak
Orrialdeak63
ISBN978-84-8464-262-6
SariakIRAKURKETAREN PROGRAMA NAZIONALA (SEP MÉXICO) 2003 HEZKUNTZAKO MINISTERIOAREN HAUTAPENA (ARGENTINA) 2015

Sagu kontuak (1972 Mouse tiles gisa sortua) Arnold Lobel estatu batuarrak idatzia eta ilustratutako ipuin liburua da. Liburu honek sagu aitak haren kumeei lokartu aurretik kontatutako zazpi istorio biltzen ditu, horiekin bat egiten duten ilustrazio ugarirekin lagunduz. Liburu honen helburua beti izan da umeek istorio xumeekin gozatzea irakurtzen ikasten duten heinean, eta sortu zen garaitik harrera ona eduki du. Horren isla dira jaso dituen sariak eta izan dituen itzulpen guztiak (ondoren aipatuak). Argitaletxeak haur hezkuntzan dauden haurrei zuzendurikoa[1] dela dioen arren, Galtzagorri elkarteak 8[2] urtetik gorako irakurleentzat gomendatzen du, ez baita umekerietan eta sinpletasunean erabilitako hizkuntzarik erabiltzen.

Argumentua

Liburu honetan zazpi istorio ezberdin aurki ditzakegu:

1- Gutizien Putzua

Istorio honetan xagutxo batek gutizien putzu bat aurkitzen du. Xagutxoak gutiziak eskatzen ditu, baina txanpona jaurti orduko putzuak min hartu eta oihu egiten du. Honela gutiziak betetzen ez direla ikusita, oheko burukia jaurtitzen du putzura putzuak min hartu ez dezan. Handik aurrera gutizi guztiak betetzen dira.

2- Hodeiak

Sagutxo bat eta bere ama zerura begira daude. Hodeietan irudi ezberdinak ikusten dituzte. Bat-batean sagua bakarrik dagoela, hodeiak katu itxura hartzen du sagutxoa izutuz. Amak kumea lasaitu eta hodeiek hodei itxura hartzen dute. Saguak ez du zerura gehiago begiratzen.

3- Sagu kankailua eta sagu txaparroa

Sagu kankailua (oso altua) eta sagu txaparroa (oso baxua) lagunak ziren eta elkarrekin paseatzen zuten. Hortan zebiltzala, sagu kankailuak goian zeuden gauzak agurtzen zituen - euri tantak esaterako- eta txaparroak, behekoak -putzuak adibidez-. Behin, ekaitza hasi eta etxera joan ziren azkar eta sagu kankailuak txaparroa hartu zuen biek elkarrekin ortzadarra ikus zezaten.

4- Sagua eta haizeak

Saguak bere itsasontzia hartu zuen lakuan zehar nabigatzeko, baina ez zuen haizerik egiten. Beraz, haizeari jaisteko eta barkua bultzatzeko eskatu zion. Mendebaldeko haizeak hainbeste egin zuen putz, non etxe baten teilatuan hartu zuen lur saguak. Bertatik, jaisteko saguak haizeari putz egiteko eskatu zion, baina honetan ekialdeko haizeak ere, horrenbeste egin zuen non saguak, itsasontziak eta etxeak zuhaitz baten gainean bukatu zuten. Hegoaldeko haizeak ere, ez zuen saguak nahi zuena lortu, dena,  zuhaitz eta guzti, mendi puntara bidali baitzituen. Azkenik, iparraldeko haizea etorri, putz egin eta dena lakura itzuli zuen, mendia uharte bilakatuz. Hala, etxean zegoen emakumeak bizileku berri bat izan zuen eta saguak nabigatzeko aukera eduki zuen berriro.

5- Bidaia

Sagu batek bere ama bisitatu nahi zuen. Horretarako, kotxea hartu zuen, baina izorratu egin zitzaion. Orduan, errepidean zegoen pertsona bati patinak erosi zizkion. Hauek ere puskatu egin zitzaizkion hainbeste patinatzeagatik. Oraingoan bota batzuk erosi zituen, baina hauek ere ibiltzearen ondorioz puskatu egin zitzaizkion. Beraz, zapata batzuk erosi zituen eta hauek ere izorratu. Azkenik, oin berri batzuk erosi eta iritsi zen amaren etxera.

6- Sagu agurea

Sagu  agureari paseatzea gustatzen zitzaion baina haurrak ikustean alde egiteko esaten zien, ez baizitzaizkion haurrak gustatzen. Behin, galtzak erori zitzaizkion tiranteak hautsi zitzaizkiolako. Laguntza eskatu zuen baina ez zuen inork lagundu. Etxera joan zen galtzak lurrean zeuzkala eta emazteak bronka bota zion. Kalean triste zegoela, haur batzuk iritsi eta txikle bat eman zioten galtzak berriro ez erortzeko. Efektua lortu zutela ikusirik, hortik aurrera sagu agurea oso adeitsua eta jatorra izan zen haurrekin.

7- Bainua

Sagua hain zegoen zikina, bainuontzian garbitzea erabaki zuela. Hala ere, zikina jarraitzen zuen eta ur gehiago bota zuen bainuontzian, komuna urpean gelditu zelarik. Zikina egoten jarraitzen zuen. Orduan, ur gehiago bota zuen, kalea urpean gelditu zelarik. Zikina jarraitzen zuen eta beraz, ura botatzen jarraitu zuen, hiria urpean gelditu zelarik. Jendeak ura ixteko esaten zion, iada garbia zegoelako. Hala zela ikusi zuen, gorputza lehortu eta lotara joan zen, hiria nola zegoen axola ez zitzaiolarik.

Egitura

Liburu honek ipuin guztien egitura du: sarrera, korapiloa eta amaiera.

Sarrerari dgaokionez 7 sagutxo ohean daude aitak ipuinen bat irakurtzeko zain.

Aitak kontatutako istorioak dira liburu honetako korapiloa. Hala, sagutxo bakoitzarentzat ipuin bat kontatzen du aitak, beraz, 7 istorio guztira, bakoitzak bere sarrera, korapiloa eta amaiera dituelarik.

Amaiera gisan, sagutxoak ohean lo daudela ikusi daiteke.

Istorioen egitura lineala da eta ordena kronologikoa mantentzen dute, gauzak gertatzen diren ordenean kontatzen baitira.

Ilustrazioak

Lobelen ilustrazioek estilo "minimalista" bat dutela esan daiteke[3]. Ilustrazioak sortzeko insipirazio iturri nagusietako bat bere seme-alabek txikitan ikusten zituzten marrazki bizidunak izan ziren[4].

Bere ilustratzeko moduak aldaketa jasan zuen 70ko hamarkadan: kolore primarioak bakarrik erabiltzetik pastel tonalitateak erabiltzera pasa ziren. Sagu kontuak 1972koa izanik, aldaketa hori ikusi daiteke, nahiz eta ez dagoen kolore askoren presentziarik, hau da, kolore gutxi dira liburu honetan erabiltzen direnak. Estilo minimalista erabiltzen da eta gainontzeko liburuetan bezala animaliak dira protagonista azken hauek irudietan pertsonifikatuz.

Ipuin honetan ikusi daitezkeen ilustrazioak egileak berak, Arnold Lobelek, eginak dira. Testuaren osagarri dira irudiak, istorioa eta haren erritmoa ulertzen laguntzen dutelarik, hots, nahastezinak dira. Istorioak helarazi nahi duen umorea eta bestelako emozioa ere transmititzen dute ilustrazioek.

Posizioari dagokionez, ilustrazio gehienak testuaren gainean agertzen dira, orrialdea ireki eta hori delarik ikusten den lehen gauza. Gainera, karratu beltzetan sartuta daudela ikusi daiteke, orrialde txuri batean itsatsita dauden argazkiak bezala.

Sariak

  • IRAKURKETAREN PROGRAMA NAZIONALA (SEP MÉXICO) 2003
  • HEZKUNTZAKO MINISTERIOAREN HAUTAPENA (ARGENTINA) 2015

Bilduma

Kalandraka argitaletxeak Gaur egungo klasikoak bildumaren barruan argitaratu du liburu hau, eta honekin batera Lobelen beste bi klasiko aurki ditzakegu[5]

  • Sagu zopa, Arnold Lobel, itzukpena Koldo Izaguirre, (2004, Pamiela/Kalandraka)[6]
  • Osaba elefante, Arnold Lobel, itzulpena Manu López Gaseni (2011, Pamiela/Kalandraka)[7]

Liburu hauek, Sagu kontuak bezala, istorio ezberdinak dituzte haien barnean, hots, lotura zuzena duten eta formatu berbera mantentzen duten hiru liburu dira hauek.

Erreferentziak

  1. «Kalandraka: Liburu baten xehetasuna» www.kalandraka.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-25).
  2. «Galtzagorri Elkartea» www.galtzagorri.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-20).
  3. Hearn, Michael Patrick. (1988). [ARNOLD LOBEL AN APPRECIATION]. The Washington Post.
  4. «Houghton Mifflin Reading: Meet Arnold Lobel» www.eduplace.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-25).
  5. «Kalandraka: Bilatzaile aurreratua» www.kalandraka.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-25).[Betiko hautsitako esteka]
  6. «Tamaina Handia - Kalandraka: Sagu Zopa» www.pamiela.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-25).
  7. «Tamaina Handia - Kalandraka: Osaba Elefante» www.pamiela.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-25).

Kanpo estekak