Seelandia irlaren erdialdean dago, Roskildeko fiordoaren bukaeran[3]. Oinezkoentzako kale luze baten inguruan kokatzen dira hiriko eraikin garrantzitsuenak, tartean Gizateriaren Ondare den Katedrala.
Historia
Adam Bremengoak eta Saxo Grammaticus XI-XII mendeetako historialariek diotenez, Danimarkako Harald I erregeak bertan eraiki zuen eliza bat 980. urtearen inguruan eta erregea bertan hilobiratua izan zen. Dena den Roar erregearen izenetik ere etor liteke Roskilde izena, eta honek VI mendera eramango luke herriaren sorrera[4].
1020. urtean Roskildek apezpikutza eskuratu zuen, Erromatar Eliza Katolikoarentzako Danimarkako herri garrantzitsuena bihurtu zelarik. Roskildeko apezpikurik handiena Absalon izan zen[5], Danimarkako politikaren eragile nabarmena izan zelarik, eta honek 1170. urtean adreiluzko katedrala eraiki zuen aurreko elizaren gainean. Hurrengo urteetan garapen handia izan zuen. 1.268an esate baterako merkatua egiteko eskubidea lortu zuen.
Kopenhageren gorakadak eta 1536. urteko erreformaren ondorioz katolizismoaren porrotak herriaren gainbehera ekarri zuen. Urte horretan apezpikua Kopenhagera joan zen eta berau bihurtu zen Danimarkako hiriburu berria. Ordutik aurrera suteak, izurriteak eta suediarrekin izandako gerrak baino ez dira kontatzen, tartean dago 1658. urteko Roskildeko Ituna, Danimarka eta Suediaren arteko gerrari amaiera eman ziona[6].
1847. urtean Kopenhagerekin trenbidez loturik gelditu zen.
Ondasun nabarmenak
Roskildeko katedrala (Roskilde Domkirke): XII eta XIII mendeen artean eraiki zuten. Iparraldeko herrialdeetan adreiluz eraikitako lehenengo eliza gotikoa izan zen. Bertan dago Danimarkako erregeen panteoia. UnescokGizateriaren Ondare izendatu zuen 1995. urtean[2].