Rosa Valverde Lamsfus (Donostia, 1953ko otsailaren 14a - Azkaine, 2015eko otsailaren 14a[1]) gipuzkoar margolaria izan zen. Aita Antonio Valverde (Ayalde ezizenez) errenteriar margolari ezaguna zen. Antton Valverde musikariaren arreba eta Lola Valverde historialariaren ahizpa zen.
Biografia
Haurtzaroa Donostia eta Oiartzunen artean eman zuen. Aitarekin batera hasi zen margotzen, Oiartzunen zuten baserrian,[2] non Guridi, Oteiza, Txillida edota Mitxelena ezagutzeko aukera izan zuen.[3] Alabaren sormen gaitasuna ikusita eta giro akademizistak berau itoko zuelakoan, Antonio Valverdek, Jose Antonio Sistiaga eta Esther Ferrer margolariaren Pintura Libreko Akademiara eraman zuen.[4] Rosa Valverderen artelana ikertu dutenek diotenez, guztiz autodidakta ez bazen ere, ez zuen formakuntza akademiko klasikoa jarraitu.[2]
Valverderen hitzetan, akademia hark ekarpen handia egin zion:
"Sistiagaren akademian ikasi nituen bat-batekotasuna eta askatasuna txikitan, eta oso barruan gelditu zait hori".[4]
Bere artelanetan naif kutsuko irudia erromantikoak erabiltzen bazituen ere, haren lanetan irudi ironiko eta kritikoak agertzen ziren.[4] Bere azken artelanetan estilo bareago bat erabiltzen bazuen ere, Alvaro Matxinbarrenaren arabera baliteke hori bestelako mezu bat bidaltzea: "Adinak ekarriko zion baretasun hori, agian, baina baliteke haren beste broma bat izatea, eta hemendik gutxira berriz ere munstroa agertzea".[4]
70. hamarkadan abangoardiako margolariekin aritu zen, besteak beste, Ramón Zuriarrain, José Luis Goenaga, José Luis Zumeta eta Rafa Ruiz Balerdirekin, baina batez ere Vicente Ameztoy eta José Llanosekin.[2]
1984ean tailer bat zabaldu zuen, haur zein helduentzat, eta irakasle gisa aritu zen Donostiako Intxaurrondo auzoan. Bost urte geroago, arte plastikoen espresiorako tailerra zabaldu zuen Donostian, Prim eta Triungo kaleen artean.[2] 1987 eta 1988 urte artean Florentzian egon zen, bertan estampazioa eta grabatua ikasi zituen,'Il Bisonte' eskolan.[5] 1997an Askainera mugitu zen eta handik jarraitu zuen sortzen eta irakasten.[6][7]
Arte estilo desberdinak landu zituen[8] eta arteari egindako ekarpena zabala da, irakaskuntza jardueraz gain, margoak, marrazkiak, keramikak, altzairuak, estampazioak, kartelak, grabatuak eta ilustrazioak jorratu ditu, baita, kutxak eta objektuak, besteak beste.[2]
Valverderen arabera:
"Ni arterik gabe hila izango nintzatekeen. Ez nintzatekeen existituko. Arteak laguntzen dit bizitzen".[4]
2015ean hil zen, jaio zen egun berean.[8] Urte bat geroago, 2016an San Telmoren Lagunak elkartean Rosa Valverdek 1980an egindako "Yo pintando" autoerretratua oparitu zion San Telmo Museoari.[5]
Lanak
Bere lanetan osagai naif, surrealista eta psikodelikoak topatu dituzte.[9] Jarraian haren zenbait artelan:
- Monja castigada por un poste eléctrico, 1977
- El día, 1979
- La nit, 1979
Erakusketak
- 1978an bakarkako bere lehen erakusketa egin zuen Rosa Valverdek San Telmo Museoan
- 2022an Rosaren arte kaxei eskainitako lehenbiziko monografikoa antolatu zuten San Telmo Museoan.[10]
- 2022an Donostiako Ekain arte galerian, Rosaren obrak zabaldu nahi izan zituen bere familiak.[11] [12]
Erreferentziak
Kanpo loturak