Ramon Ortiz de Zarate Martinez de Galarreta (Arriola, Asparrena, Araba, 1817ko martxoaren 22a - Gasteiz, Araba, 1883ko abuztuaren 12a) idazlea, legegizona, hizlaria eta euskaltzalea izan zen.[1] Gasteizen egin zituen Zuzenbide ikasketak. Arabako kontseilari izendatu zuten 1845. urtean, eta Gasteizko udaleko prokuradore sindiko nagusi 1848an.
Consejos al pueblo vascongado argitaratzen hasi zen, Arabako tradizioak jendaurrean ezagutarazteko asmoz. Harrera ezin hobea aurkitu zuen argitalpen horrek Ortiz de Zarateren herrikideen aldetik, baina foruen aldeko idatziok kontserbadoreen eta Madrilgo Gobernu Zentralaren haserrea piztu zuten, eta argitalpenak erretiratzeko agindua eman zioten. Halere, ez zuen etsi, eta Hego Euskal Herriko foruen eta interesen alde egin zuen. El Boletín del Comercio Bilboko aldizkarian hasi zen idazten.
1858. urtean Gorteetako diputatu hautatu zuten, eta 1861ean Arabako diputatu nagusi izendatu zuen Herrialdeko Batzordeak. 1867. urtean El Fuerista egunkaria sortu zuen. Arabako matxinada karlistaren ondorioz, 1873. urtearen hasieran Frantziara erbesteratu zen, eta Karlos erregegaiaren mendeko jarri zen. 1874. urtean Oñatiko Auzitegi Goreneko lehendakari izendatu zuten.
Gerraren amaieran (1876), foruak indargabetu zituztenean, haien defentsan hasi zen berriro ere, eta diputatu hautatua izan ondoren, Madrila jo zuen. Baina Gorteetan zela, konortea galdu zuen eta Gasteiza itzuli behar izan zuen. Handik gutxira hil zen, 66 urte zituela. Lan ugari idatzi zituen, lege eta historia gaien ingurukoak.
Erreferentziak
Kanpo estekak