5.933 eserleku dauzka, eta kopuru horrekin, munduko zinema-aretorik handiena izan zen, publikoari ireki zenean, 1932ko abenduaren 27an. 1979z geroztik, areto honetan ez da zinema-emanaldi erregularrik izaten. Gehienbat, kontzertuak eta ikuskizunak eskaintzen dira gaur egun. Bereziki aipagarria da eguberrietan taularatzen den Radio City Christmas Spectacular ikuskizun itzela, zeinean parte hartzen baitute The Rockettes gisa ezaguturiko emakume dantzariek.
Aretoa eraiki zen garaian, haren barrualdearen dekorazioaren Art Déco estiloak haustura ekarri zuen ordura arte zinema-aretoetan ohikoa zen rokoko estiloaren apaindura astunekin.
Eszenatokiak 20 metroko sakonera eta 44 metroko zabalera ditu, eta sartzen ari den eguzki baten antza dauka.