Pilar Mercedes Miró Romero (Madril, 1940koapirilaren 20a – ibidem, 1997kourriaren 19a) espainiar zinema zuzendaria izan zen. 1986 eta 1989 urteren artean, Espainiako Irrati eta Telebistako Zuzendari Nagusi izendatu zuten.
Zuzenbide eta kazetaritzako ikasketak egin zituen lehenbizi, eta zinemagintzakoak gero. Zineman hasi baino lehen errealizadore izan zen telebistan.
1976an egin zuen debuta zineman, La petición filmarekin, baina hiru urte geroago ezagutarazi zuen bere burua, El crimen de Cuenca (1979, Cuencako krimena) filmean Guardia Zibilak nekazari errugabeei egindako torturak salatu zituenean.
1981ean, ezkongabea zen, bere semea Gonzalo Miró jaio zenean. Pilarrek ez zuen sekula umearen aita nor zen aitortu.
1982an, bere lagun min zen Felipe Gonzálezen irudi aholkulari izan zen. Urte horretan,
Espainiako Alderdi Sozialistak aginpidea lortu zuenean, Zinemagintzako Zuzendari Nagusi izendatu zuten, eta kargu horretan zegoela, zinema-industria nazionala babesteko legea prestatu zuen; lege hori oso eztabaidatua izan zen, kalitatearen hobetze badaezpadakoaren ordainetan, produkzio-kopurua jaistea, eta, beraz, lanpostu-galera handia ekarri zuelako. Pilarrek, estatuak zine-jaialdi espainiarrei emandako diru-laguntzen zati handi bat, Donostiako Zinemaldiari eman zion.
1985ean zuzendari-kargua utzi zuen, eta urtebete geroago, Werther (1986) egin zuen, Goetheren obraren egokitzapena.
Urte horretan bertan Espainiako Irrati eta Telebistako Zuzendari Nagusi izendatu zuten.
1986an, berriro itzuli zen TVEko kargu politiko batera eta 1989ra arte egon zen. Garai horretan, ospe handiko programa zen La Bola De Cristal bertan behera geratu zen.
1990ean, ustelkeria salaketak izan zirela-eta, kargua utzi behar izan zuen [2].
Handik aurrera, film ugari egin zuen: Beltenebros (1991, zuzendari onenaren saria Berlingo Zinema Jaialdian), El pájaro de la felicidad (1993, Zorionaren txoria), El perro del hortelano (1995, Baratzezainaren zakurra), eta Tu nombre envenena mis sueños (1996, Zure izenak ametsak pozoitzen dizkit).
Osasuna izurratu zitzaion eta, 1982an, ebakuntza parea jasan zuen, bihotzean bi balbula ezarri zizkiotelarik.
Cristinaren ezkontzatik egun gutxira, 1997kourriaren 19an hil zen, bihotzekoak emanda. Gonzalo Miró semeak deitu zuen eguerdiko ordu batean, ama konorterik gabe geratu zela-eta eta berehala iritsi zen anbulantzia. Handik ordubetera, ordea, Pilar hilotza zen [1].
Lanak
200 bat ekoizpen egin zituen, bai zine eta baita telebistarako ere. Hori gutxi balitz, heriotzaren urtean, Lope de VegarenEl anzuelo de Fenisa ere zuzendu zuen.