Pepita Carpeña
Josefa Carpena-Amat , Pepita Carpeña izenaz ezagunagoa (Bartzelona, 1919ko abenduaren 19a - Marsella, 2005eko ekainaren 5a), [1] feminista eta anarkosindikalista izan zen, frankismoan erbesteratua.
Biografia
Pepita Carpeña Bartzelonan jaio zen langile familia handi batean.12 urterekin jostun lanetan hasi zen. Mugimendu libertarioa ezagutu zuen gazte-gaztetatik eta 1936ko Espainiako Iraultza Sozialean parte hartu zuen, Lanaren Konfederazio Nazionala sindikatuan, Federación Ibérica de Juventudes Libertarias (euskaraz: «Gazte Libertarioen Iberiar Federazioa») erakundean eta Mujeres Libres (euskaraz: «Emakume Askeak») erakundean, mugimendu feminista libertarioaren barruan. [2]
1936ko uztailaren 18an iraultzan parte hartu zuen eta uztailaren 20an ere Drassanes kuartelaren aurkako erasoan lagundu zuen. Azarotik aurrera Pedro Perez Mir-en bikotekidea izan zen, baina gizona frontean hil zen. 1937ko maiatzeko gertaeretan parte hartu zuen, eta 1937 amaieran Mujeres Libres mugimendu anarkofeministarekin bat egin zuen. Mujeres Libresen Kataluniako Eskualde Batzordeko propagandako idazkari ardura hartu zuen eta herrietan eta lehen guda-lerroetan hitzaldiak eman zituen. Han Emma Goldman ezagutu zuen. Espainiako gerra zibilean arma eta munizio fabrika batean ere lan egin zuen.
1939ko urtarrilaren 25ean (tropa frankistak Bartzelonan sartzeko bezperan) Espainiatik alde egin eta Frantziara abiatu zen. Montpellierreko mugan dagoen Clarmont d'Erauko kontzentrazio-esparruan egon zen ia urte batez. Frantziar batekin ezkondu zen, baina Marseillara iristean utziko zuen. Hiri hartan, non Espainiako errefuxiatu ugari baitzeuden, Juan Martinez Vita "Moreno" anarkistaren bidelagun bihurtu zen.
1945ean, Frantzia askatu ondoren, militatzen segitu zuen, CNTren eta Juventudes Libertarias erakundearen berreraikuntzan aktiboki parte hartuz.[3] Apirilean, Tolosan, Juventudes Libertarias erakundeak erbestean antolaturiko lehen kongresuan delegatua izan zen. Geroago "Acratia" antzerki taldean parte hartu zuen eta erbestean CNTko kidea izan zen. 1979az geroztik, CIRA - Centre International de Recherches sur l'Anarchisme (Anarkismoaren Ikerketarako Nazioarteko Zentroa) elkartean kolaboratu zuen, eta 1988tik 1999ra Marsellako adarraren koordinatzailea izan zen.[4]
Marseillan hil zen 2005eko ekainaren 5ean; bere gorpua bertan erraustu zuten. [5]
- 1992ko apiriletik 1993ko ekainera bere bizipenen kontakizuna egin zuen gaztelaniaz: Toda una vida: vivencias (Bizitza oso bat: oroitzapenak). Pepitak berak egin zuen frantsesezko itzulpena (Toute une vie: mémoires), eta testua fotokopiatan banatu zen 1998an. 2000. urtean Éditions du Monde libertaire et Alternative libertaire (Brusela) argitaletxeek plazaratu zuten Graine d'ananar bilduman.
Hitzaldiak eta artikuluak
- Bartzelonan eginiko Anarquisme: exposició internacional sinposioan parte hartu zuen (Fundació d'estudis llibertaris i anarco-sindicalistes, 1994, 592 or.) Feminismoa / Post-feminismoa eztabaidan (340-377. or.).
- Mujeres Libres eta Luchadoras Libertarias lan historiko kolektiboan ere kolaboratu zuen (Fundación Anselmo Lorenzo, 1999, 191 p.). Han ekarpen bi egin zituen: Vivencias (Bizipenak, 73-78. or.) eta Solidaridad fraterna (Neba-arreben arteko elkartasuna, 79-82. or.).
- Marseillako CIRAren buletinean ere aurki daitezke bere ekarpenak: 1886, 1936 et quelques autres anniversaires… (1886, 1936 eta beste urteurren batzuk... - [1986, 26-27. zk.]) eta Les anarchistes espagnols dans la tourmente (1939-1945) (Espainiako anarkistak ekaitzean - 1939-1945 - [1989, 29-30. zk.]).
- Espainiako eta Frantziako beste argitalpen libertario batzuetan ere lagundu zuen: Cenit, CNT, Le Combat syndicaliste, Ideas-Orto, Solidaridad obrera.
Bibliografia
- Carpeña, Pepita. ...de toda la vida, Éditions du Monde libertaire eta Éditions Alternative libertaire, 2000, ( ISBN 2-903013-71-3 ), CIRA Lausanne, Cgecaf.
- Rausa, Jacinte. Sara Berenguer, Éditions du Monde libertaire eta Éditions Alternative libertaire, 2000, ( ISBN 9782903013721 ), CIRA Lausanne.
- Mujeres Libres, des femmes libertaires in lutte: mémoire vive de femmes libertaires dans la Révolution espagnole, hitzaurrea: Thyde Rosell, Éditions du Monde libertaire, 2000, Cgecaf.
Literaturako pertsonaia
- Griselda Martín Carpena ilobak, medikuntzan doktorea, zientzia irakaslea eta idazlea, "Mujeres en la sombra" (Emakumeak itzalean) nobela argitaratu zuen, Comanegra argitaletxean. Nobelaren Paula pertsonaia Pepitaren biografian oinarriturik dago.
Filmografia
- Lisa Berger, Carol Mazer, ...de toda la vida (Toutes nos vies), 55 minutu, 1986, Sara Berenguer, Pepita Carpeña, Dolores Prat, Federica Montseny, Suceso Portales, Mercedes Comaposada eta Concha Pérez-en partaidetzarekin, ikusi sarean frantsesezko bertsioa .
- Vicente Arandak 1996an egindako Libertarias filma Mujeres Libres erakundean ibilitako emakumeez dihardu. Pertsonaien paperak Ana Belén, Victoria Abril eta Ariadna Gil aktore espainiarrek antzeztu zituzten.
Ikus, gainera
Erreferentziak
Kanpo estekak
|
|