Patronato de Protección a la Mujer

Patronato de Protección a la Mujer
Datuak
Motaerakundea
HerrialdeaEspainia
Historia
Sorrera1902ko uztailaren 11
Desagerpena1985eko abuztuaren 1a

Patronato de Protección a la Mujer 1941etik eta 1984ra artean aritu zen erakunde publiko frankista izan zen, Justizia Ministerioaren gidaritzapean zegoena.[1]

Aurrekariak

Aurretik hiru erakunde aritu ziren neskato eta gazteen sexu-explotazioaren aurka. Lehenengoa 1902ko uztailaren 11ko Errege Dekretuak sortu zuen, Patronato Real para la Represión de la Trata de Blancas delakoa; bigarrena, 1931ko Patronato de Protección a la Mujer; eta hirugarrena, 1935eko Consejo Superior de Protección de Menores.[1]

Historia

1941eko azaroaren 6ko Dekretuaren bidez, Patronato de Protección a la Mujer sortu zen. Errepublika garaiko erakundearen izen bera bazuen ere, ideologia eta jardutea frankista zen. Instituzio honek "galbidean" zeuden neskato eta emakume gazteen itxialdia bideratzeko zentruak izan zituen eta horietako asko erlijio orden desberdinen zuzendaritzapean egon ziren. Putetxeetan egidako sarekada polizialen ondorioz bertan amaitu zezaketen, baita morala ez zen edozein jarrera aitzakia hartuta ere. Gurasoek neskatoaren itxialdia eskatu zezaketen, baita gazteak berak ere.[2]

Patronatua batzorde nazional bat eta berrogeita hamar batzorde probintzial zituen. Gainera, eskualde batzuetan maila lokaleko batzordeak zituzten. Carmen Polo zen ohorezko presidentea eta ordena erlijioso desberdinek kudeatzen zituzten egoitzak, besteak beste, Oblatak, Adoratrizeak, Terciarias Capuchinas, Cruzadas Evangélicas, Trinitariak, María Ianua Coeli (Pilar Arechavaletak sortua) edota Buen Pastor.[3]

1977an Vindicación Feminista aldizkariak, Lidia Falcón eta Carmen Alcaidek zuzendua, Patronatuaren tutelapean zeuden emakume gazteen egoera salatu zuen, ‘Fábrica de subnormales’ izeneko artikulu batean.[3] [4] Aldizkariaren zenbaki horrek zentsura pairatu bazuen ere, aleak bahitzera joan zirenean dagoeneko banatuta zeuden.[3][4]

1983an Inmaculada Valderrama, egoitzetako batean zegoen hamabost urteko neskatoa, ihes egiteko saiakera batean hil egin zen, San Fernando de Henaresen, Cruzadas Evangelicas izeneko ordenak kudeatutako egoitzan.[3] Enrique Miret, orduko Consejo Superior de Menores-eko lehendakariak, isolamendu gelak topatu zituen egoitzan.[3] Heriotzak, erakundearen itxiera bizkortu zuen.[3] 1984an desagertu zen behin betiko, emakumearen babesaren arloko eskumenak autonomia-erkidegoetara pasatu baitziren.

Egoitza motak

Egoitza desberdinez osatutako sarea zuen erakundeak. Gutxienez, Madril, Bartzelona eta Zaragozako nerabe eta gazteak Centros de Observación y Clasificación (C.O.C). izeneko egoitza berezi batzuetatik pasa behar ziren lehenengo, Trinitarien esku zegoena.[5] Egonaldi horretan, neskatoei azterketa ginekologiko bat egiten zitzaien eta emaitzaren arabera trataera desberdinak jasotzen zituzten.[5] Madrileko egoitza Arturo Soria kalean zegoen. Egun adinekoen egoitza bat dago bertan, ordena berdinak kudeatuta.[3][5]

Egoitza prebentiboak, eskola-tailer motatakoak, haurdun zeuden neskatoentzako egoitzak (adibidez, Madrileko Peña Grande) ziren.[5] Villa Teresita izeneko egoitzak, Isabel Garbayok sortutakoak, talde honen barruan kokatzen ziren.[6]

Lesbianentzako egoitzak zeuden ere, ezezagunenak dira, Málagan mota honetako egoitza bat egon zen, zoroetxea zena.[5]

Memoria eta erreparazio eskeak

Assumpta Roura, Lucía Prieto eta Consuelo García del Cid Patronatuaren memoria berreskuratzen aitzindariak dira.[5] 2012an Consuelo García del Cid Guerra idazleak Las desterradas hijas de Eva (2012) argitara eman zuen zentru horietan ematen ziren indarkeria mota guztiak salatuz. Ondoren, Ruega por nosotras (2015) eta Las insurrectas del Patronato de Protección a la Mujer (2021) gai bera jorratu zuen. 2023ko maiatzean, idazleak zentruen eta haiek kudeatzen zituzten erlijio-ordenak ikertzeko eskaera egin zuen Kataluniako Parlamentuan, publikoki barkamena eskatu behar zutela adierazi zuen ere. Pilar Iglesias Aparicio eta Carmen Guillén ikerlariek ere ikerketa sendoak argitaratu dituzte.[6][4]

Literaturan

Literaturaren eremuan, Mariaje López Por Caridad (2023) eta Montse Alabarta Gomisek Margaritas Blancas: Mujeres Invisibles (2023) eleberriak argitaratu zituzten.[7] Lópezen kasuan eleberri autobiografikoa da, bera ere Patronatuaren biktima izan zelarik.[8]

Bere aldetik, Andrea Momotiok Lunática (2022) liburuan Patronatuaren egoitzetako batean egondako emakume gazte bati buruzko kronika idatzi zuen.[9]

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. a b «Decreto de 6 de noviembre de 1941 por el que se organiza el Patronato de Protección a la Mujer» Boletín Oficial del Estado 20 de noviembre de 1941.
  2. Álvarez Fernández, Carlos. “El Patronato de Protección a la Mujer: la construcción de la moralidad pública en España”. .
  3. a b c d e f g (Gaztelaniaz) Milton, Andrea Momoitio, Señora. (2023-10-04). «La represión que parece mentira» Pikara Magazine (Noiz kontsultatua: 2023-11-28).
  4. a b c (Gaztelaniaz) Guillén Lorente, Carmen. (2018). El patronato de protección a la mujer: prostitución, moralidad e intervención estatal durante el franquismo. Universidad de Murcia (Noiz kontsultatua: 2024-12-07).
  5. a b c d e f (Gaztelaniaz) Momoitio, Andrea. (2022-06-22). «Pilar Iglesias Aparicio: “Algunas órdenes religiosas teorizaron sobre las políticas de represión que había que aplicar a las mujeres”» Pikara Magazine (Noiz kontsultatua: 2023-11-28).
  6. a b Iglesias Aparicio, Pilar. (2021). «Violación de los derechos humanos de las mujeres en las Lavanderías de la Magdalena de Irlanda y los centros del Patronato de Protección a la Mujer de España» TSN. Transatlantic Studies Network: Revista de Estudios Internacionales 6 (11): 231–244. ISSN 2444-9792. (Noiz kontsultatua: 2024-12-07).
  7. (Katalanez) «Montse Alabarta, autora local» cel.picanya.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-28).
  8. «Por caridad. Mariaje López» www.mareditor.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-28).
  9. ««Maria Isabelek ez du zertan heroia izan haren istorioa kontatzeko»» Berria 2022-03-02 (Noiz kontsultatua: 2023-11-28).

Bibliografia

Kanpo estekak