Palden Thondup Namgyal (དཔལ་ལྡན་དོན་དྲུཔ་རྣམ་རྒྱལ; Gangtok, 1923ko maiatzaren 23a - New York, 1982ko urtarrilaren 29a) 12. Sikkimgo erregea (Chogyal) izan zen 1963tik 1975era.
Tashi Namgyal erregearen semea izan zen. Monje budista ordenatu zuten, eta Phodong eta Rumtek monasterioetako buru berraragitu gisa aitortu zuten.
1950ean Samyo Kushoe Sangideki tibetarrarekin ezkondu zen eta hiru seme-alaba izan zituzten. 1957an emaztea hil ondoren, 1963an Hope Cook estatubatuarra ezkondu zen.
1963an tronuan aitaren oinordeko izan zen eta 1965ean astrologoek ezarritako data batean koroatu zuten. Sikkimgo erresuma protektoratu britainiarra izan zen 1949 arte, eta urte horretatik aurrera Indiaren protektoratua. 1975eko apirilean Indiako armadak Gangtok hiriburua okupatu zuen, eta erreferendum batean Sikkim Indian integratzea onartu zen. Batasuna 1975eko maiatzaren 16an gauzatu zen.
Azken erregea etxean atxilotu zuten eta 1976an bere buruaz beste egiten saiatu zen. Minbiziak jota hil zen New Yorken 1982an.