Objektu (gramatika)

Objektua, gramatika ohikoetan, subjektuak bere eraginarekin ukitzen dituen entitate bakoitza da[1].

Euskararen ikuspegitik, aditzaren argumentuak dira objektuak (aditzaren osagarri postposizional eta adizlagunekin batera), eta izan daitezke objektu zuzenak edo zehar objektuak[2].

Objektu zuzena, euskaraz, aditz iragankor baten informazio-osagarri gisa, nor kasuan dagoen izen-sintagma da[3]. Zehar objektua edo zeharkako objektua, aditz iragankor baten informazio-osagarri gisa, nori kasuan dagoen izen-sintagma.

Hona hemen Euskaltzaindiaren Euskararen Gramatikan, 2.11d atalean esaten diguna: «Esan ohi da aditz bakoitzak bere argumentu egitura duela. Argumentu egitura honek esaten digu aditz jakin baten inguruan zer-nolako osagaiak joan behar duten. Argumentu horiek, perpausean, sintagma gisa gauzatuko dira. Perpausek argumentuak osatzen duten egitura bat dute. Argumentu haiek, perpausean, sintagma gisa gauzatuko dira. Eta sintagma bakoitzak berari dagokion rola beteko du: bata egilea izango da, bestea rola, bestea instrumentala, bestea lekua, etab. Adibidez, honako hitz segida hau, Jonek amari zazpi jostunek jositako gona gorria ekarri dio Bilbotik[...]. Perpaus horretan, adibidez, badugu adizki nagusi bat: ekarri. Eta adizki nagusi honen inguruan zenbait osagai. Hauetako osagai batek ekartzeko ekintza hori nork gauzatu duen esaten digu, nor izan den ekarlea: Jonek, ergatiboa. Bada ekarritako objektua zein den adierazten diguna ere: zazpi jostunek jositako gona zuria. Hau absolutiboan doala esan ohi dugu. Gure kasuan, atal luze xamarra eta konplexua da zazpi jostunek jositako gona zuria, baina askoz elementu gutxiagorekin ere osa liteke: gona edo gona bat, besterik gabe[4].

Eta, liburu bereko 2.11e atalean, honela jarraitzen du: «Hiztunak hau dena badaki, nahiz eta gehienetan ez den jakite horren jakitun. Badaki, adibidez, zazpi jostunek jositako gona zuria osagaia ekarri dio aditzaren objektua dela, hau da, badaki “zer ekarri dio?” galderari erantzuten diola. Halaber, badaki sintagma hori ere egituratua dagoela, modu berezi batean egituratua, hain zuzen. Hor ere bada adizki bat, jositako, eta honen inguruan ere sintagma batzuk badira. Sintagma horietako bat zazpi jostunek dugu, subjektua. Honek josi aditzaren egile rola betetzen du, nork josi duen esaten digu. Gona sintagma ere hor dugu. Beraz, hemen ere aditza bere bi argumentuez inguratua dago, nahiz eta gona sintagma ez den ageri (zazpi jostunek gona josi). Gona hau, berez, Jonek ekarritakoa bera da. Ekarri-ren objektua dela esan dugu eta hala da. Ekarri-k, josi-k bezalaxe, bi argumentu behar ditu. Kasu honetan, perpaus erlatibo mota baten aurrean gaudela esango du gramatikak. Eta josi aditzaren objektu izango litzatekeen argumentua beste perpauseko aditzaren argumentua bera denez gero, isilpean gelditzen da, nahiz eta, perpausa interpretatuko bada, isilpean geratu den argumentu hori ere nonbait badela pentsatu behar den. Hala ulertzen dugu, behintzat. Hori dena diosku gramatikak. Modu eskematiko batean azaltzeko: [Zazpi jostuneknorkgona zuriai norjosia-tako]P. Erl.gona zuriaiekarri»[5].

Erreferentziak

  1. For descriptions of the traditional distinction between subject and object, see for instance Freeborn (1995:31) and Kesner Bland (1996:415).
  2. «Aditzaren argumentuak [Sareko Euskal Gramatika»] www.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-01).
  3. «objektu - Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa» www1.euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2018-06-01).
  4. Euskaltzaindia, Euskararen Gramatika, I. liburukia, 2.11d atala, 56-57. or.
  5. Euskaltzaindia, Euskararen Gramatika, I. liburukia, 2.11e atala, 58. or.

Kanpo estekak