Murrukixo Mendizale ElkarteaAretxabaletakomendi talde bat da, 1987an sortu eta Aretxabaletan mendiari loturiko hainbat ekintza antolatzen dituena. 600 bazkide inguru ditu (2012ko datua), erdia mendian federaturik dagoena[1].
Historia
1980. hamarkadan Aretxabaletan mendiaren inguruan mugimendu handia zegoen eta nolabait antolatu beharra zegoela iritzita herriko hainbat mendizale batu eta elkarte bat eratu zuten. Sortzaileen artean Alberto Etxeberria eta Iñaki San Miguel Xati zeuden eta 1987ko abenduaren 22an sinatu ziren elkartearen estatutuak. Murrukixo izena jarri zioten, herriko lurretan dagoen mendi-iturri batetatik hartu zuten izena, diotenez hango metal-ura biharamona kentzeko egokia zela aditua zutelako[1][2].
Hasieran hilero irteera bat antolatzen zuen taldeak eta jende andanak hartzen zuen parte. Gerora gizartea aldatuz joan da eta mendizaleek bakarka edo talde txikian joatea hobesten dute, hala ere Murrukixon irteerak antolatzen jarraitu izan dute.
Hasierako urte haietan herrian baziren Felix eta Alberto Iñurrategi anaiak, biak ala biak Murrukixorekin mendian hasi eta berehala Himalaiako mendiak igotzen hasi zirenak[3]. Murrukixorentzak gertuko mendizaleak zirenez espediziorako dirua biltzeko kamisetak eta mendiko erropa salduz laguntzen zien. Zortzimilakoa igo eta herrira itzultzen zirenean omenalditxoa ere egiten zien[1].
2012ko abenduan 25. urteurrena ospatu zuten. Abenduaren 1ean hasi eta 22rarte ekintza ugari antolatu zen. 25 urte horiek biltzen zituen CDa eta liburua ere atera zuten oroigarri gisa[1].
Ekimenak
Hainbat ekimen antolatzen ditu Murrukixo elkarteak:
Murrukixoren mendi martxa: 2000an izan zuen aurreneko ekitaldia eta bi urtean behin egiten da. Aretxabaletako mendietan zehar osatzen da ibilbidea[4][5].
Mendi astea: hitzaldiak eta diapositiba eta bideo emanaldiak izaten dira. Astea borobiltzeko mendi irteera egiten da[6][7].
Kurtzebarri eguna: Irailaren bigarren igandean Kurtzebarri mendira igotzen da eta tontorrean salda, gazta eta txorixoa banatzen dira mendizaleen artean[8].
Gorriñaren bidetik mendi martxa: Aretxabaletatik Aizkorrira joan eta itzuli[9]