Mintaka edo Delta Orionis (δ Orionis, Delta Ori, δ Ori) zein 34 Orionis (34 Ori) Orion konstelazioan dagoen izar-sistema anizkoitz bat da, Eguzkitik 1.200 argi-urte ingurura. Alnitak (Zeta Orionis) eta Alnilamekin (Epsilon Orionis) batera Orionen Gerrikoa osatzen dute, zeruan ikus daitekeen asterismo ezaguna. Izarra zeru-ekuatoretik oso gertu dago, eta horregatik ekuatoreanzenitean ikus daiteke eta, atera eta jartzen denean, ekialdea eta mendebaldea seinalatzen ditu. Ipar Hemisferiotik hegoalderantz ikusten denean, Orionen Gerrikoan eskuman dagoen izarra da. Izena arabieratik dator, منطقة edo manṭaqa, gerriko esan nahi duena.
Sistema
δ Orionis izar-sistema anizkoitz bat da. 7 magnitudeko izar bat dago bigarren magnitudeko izar nagusitik 52 arku segundora, eta oso ahula den beste izar bat bien artean. Sistema osoari WDS 05320-0018 izena ematen zaio Washington Izar Bikoitzen Katalogoan, non 14. magnitudeko izarrari B letra esleitu zaion eta 7. magnitudekoari C[1].
Izar nagusia, era berean, izar hirukoitza bat da: O motako izar distiratsu eta erraldoi bat, B motako sekuentzia nagusiko izar batekin 5,73 eguneko orbita bat eratzen. Bien arteko eklipseak daude, 0,2ko magnitudea galduz gertatzen den bakoitzean[2]. Inguruan B motako sub-erraldoi bat dago, 0,26"ko distantziara[3]. Eklipse nagusia dagoenean 2,23tik 2,35era igarotzen da itxurazko magnitudea, baina 2,29ra bakarrik bigarren mailako eklipseetan[4].
Sistema hirukoitz horretako kanpoko izarrak 53.839 egunean behin (hau da, 147,4 urtean behin) orbitatzen ditu beste biak. Orbita nahiko eszentrikoa da, 8.244 eguzki erradiotik 31.832ra igarotzen baita[5].
Zazpigarren magnitudeko izarra, HD 36485, B motako sekuentzia nagusiko izar berezi bat da, hau ere sistema bitarra, A motako izar bat baitu 30 eguneko orbita egiten. H alfa emisioak bereziak dira, helioarenxurgaketa lerro oso indartsuekin. Eremu magnetiko indartsua du, eta biraketa abiadura oso geldoa, atmosfera estratifikatzen duena, eta egitura kimiko berezi hori ematen diona[6].
14. magnitudeko kidea distantzia antzekoan dagoela uste da, eta gure Eguzkiak baino distira eta tenperatura txikiagoa duela ematen du[7].